EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteca

Deia

2009-03-14 Komunikazioaren mirari etengabea | Patxi Sarriegi

Egunerokoak abiapuntu dira Yolanda Arrietak libururako idatzitako gogoeta eta iritziak. 2004tik 2007ra Deia eta Berrian argitaratutako artikuluok eguneroko bizimoduari begiratzeko modu pertsonalaren agerpenak dira, xehetasunetatik eraikitako gogoetak askotan, modu bateko edo besteko gaurkotasuna biltzen dutenak. Egunerokotasunetik abiatutako hausnarketa zabalak dira, prentsan argitaratutako artikulu labur mamitsuak. Detaile txikietatik eraikitako gogoetak dira batzuetan, gaurkotasun bete-betekoak bestetan. Iritzia eta emozioa bildu ditu berauetan, bizitzaren alde gordeak deskubritzeko bideak gertatu zaizkio artikuluok.

Nolanahi ere, komunikatzea helburu argia duten mezuak dira. Egunkari bidez azaldutakoak perspektiba desberdina hartu ohi du denboraren joanean, eta zenbaitetan, argitaratutako egunean bertan baino lorpen komunikatzaile beteagoa dutela iruditu zaizkigu. Ugariak dira adibideak, horixe meritua, mezuotan hartzaileak komunikazioaren mirariaz gozatzen duenean. Baieztapen ugari tartean, leku askotatik heldu daitezkeen kontuak dira bertan egileak bildutakoak. Asko egunkarien egunerokotasunera erakartzen gaituzten ideiak, egia erdiak edo erdi gezurrak, egia borobilak ere bai… grinak eta ezinak. Artikuluok horren lekuko dira.

Izan ere, zentzuzko errealitate islak dira Arrietak isuritakoak, bereak izanda ere gertukoak sentitzen direnak. Gogoetok ariketa literarioak dira askotan, baina errealitatean sendo errotuta daudenak. Gustura egindako lanak badu adierazgarria izateko irrika, esanguratsua gertatzeko grina. Asko dira ere kronika kutsua dutenak… azken batean, gure gizartea azaltzeko islak eta ikuspegiak. Ohiko bizimoduari begiratzeko aitzakiak, artikuluok begirada hunkigarriak dira, begirada kritikoagoak hainbatetan, begirada azkarrak eta neurtuak.

Artikuluotan komunikabideek zabaltzen dituzten estereotipoak alde batera uzteko saiakera sumatzen da argi, horixe eskertu diogu gehien egileari, iritziekin batera emozioa eta mezuarekiko inplikazioa liburuko oinarri direnez. Gogoetaz gogoeta, iritziz iritzi, emozioz emozio… errealitateari eta ohiko bizimoduari adi garamatza liburuak, hausnartzeko plazerra idatzizkoarekin uztartuz.

Bestalde, joan zaizkigunen gaineko oroitzapen hunkigarriak ere baditu tarteko… esaterako, Jose Martin Apalategi, Asun Balzola, Andolin Eguzkitza, Begoña Bilbao, Juan Mari Lekuona… egunerokoarekin joan ohi diren testigantzak berreskuratzeko eta ahazten ez uzteko liburu freskoa da Arrietarena, ideien eta egunerokoaren uretan murgiltzeko tresna aproposa, dida batean irakurtzeko modukoa. Oroimenaren nahiz gertuko kontuez lagungarri.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta