EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteca

Berria

2009-10-04 Klik-klak! | Mikel Ayerbe

Berriki Erein argitaletxeak Bakanak bilduman argitaratu dituen azken bi liburuak Yolanda Arrietak sinatu ditu. Hiru urtez zutabegintzan eginiko hausnarketak bildu ditu Uretan lez liburuan, ┬źbizitza edo errealitate zati batzuei buruzko begirada-pentsamendu-hausnarketa sorta┬╗ eskainiz. Gaurkoan hizpide dugun Off-On liburua idazteko, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskarazko literatur sorkuntzarako Koldo Mitxelena bekaren laguntza izan du Arrietak. Emaitza pasarte laburrez osaturiko narrazio-puzzlea izan da eta gai nagusitzat ┬źaskatasunaren argi-ilunak gaurko imaginario urbanoan┬╗ landu nahi izan ditu idazleak.

Imaginario urbanoko zutoin gisa etxe bat sortzen du Arrietak, eta halaxe aitortzen du hitzaurrean: ┬źEraikin bat antolatu dut egitura gisa; hiriko eraikin bat, garaje, pisu, ganbara eta guzti. Gero, horietako bakoitzean biztanleak sartu ditut, aldraka nahiz bakarka. Biztanleak pertsonaiak dira, noski, baina ez, beti, pertsona itxurakoak (...). Denak, baina, bizi dira hiriko eraikin honetan eta, tarteka, multzo batak bestearengan dauka eragina, gainera, auzokide diren neurrian┬╗ (barka horren aipu luzea hona ekartzea, baina egilea beste edonor baino zuzenago arituta, ez du merezi zeharkako aipuetan galtzea).

Egiazki, ezin esan liburuaren ernamuina bere horretan oso originala edo berritzailea denik, George Perec-en La vie mode d'emploi maisulanetik hasi eta Francisco Iba├▒ezen 13, Rue del Percebe bikaineraino, etxe bat eta bertako biztanleak protagonista diren hamaika kontakizun izan direlako. Off-On liburuan, berezitasuna testua osatzen duten narrazio labur, olerki, gogoeta, aforismo eta mikroipuinetan egon daiteke: horien artean, monotematikoak dira zenbait, batzuk metafisikoak ere bai, baina nagusiki eguneroko gogoeta eta bizipenetatik eratorritako kontakizunak dira. Gai asko eta askotariko ikuspuntuak eskaini nahi dira liburuan, baina oinarrian egungo gizartean nagusitzen ari den autismorako joera salatzea ei dago. Estiloari dagokionez, ironia, umorea eta zorroztasuna baliatu nahi izan ditu Arrietak idatziriko 180 testu laburretan.

Baina nago ironia edota liburuko beste hainbat kontu lehengai oso pertsonalak direla, eta Arrietaren idazkeran barne mundu bat azaleratzeko gogoa eta beharra sumatu uste izan dut. Hori ongi dago irakurlearekin konektatzen asmatzen denean. Baina, niri dagokidanez, pasarte asko ezin arrotzagoak egin zaizkit, batzuk oso hotzak, beste zenbait naifkerian erortzeko zorian ikusi ditut, eta beste muturrean, aitorpen kutsuko asmo-deklarazioekin ere ez dut bat egin. Azken batean, esan dezaket nik neuk ez dudala asmatu off-on intermitentzia horretan mugitzen. Izan daiteke hainbat kontakizun jarraian irakurtzeko modukoak ez direlako eta agian, zenbait pasartek pausaleku bat baino gehiago eskatzen dituztelako, aurreneko irakurketaren ondoren bestelako begirada bat bilatuz. Baina jakina da zerbait birritan irakurtzeko beharrezkoa dela aurrenekoan halako irrika bat piztea, eta kasu askotan gogo horren irrika falta izan zait atzera egiteko. Aurkezten den poesia moldeak ere izango du eragina, behin eta berriro errepikatzen diren anafora eta paralelismo jokoek ez didatelako asko lagundu. Edonola ere, narratibako pasarteak gustatu zaizkit gehien, ohikoenak izanagatik ere.

Azken batean, Arrietaren liburuan esperimentaziorako joera nagusitzen dela baderitzot ere, Off-On pizte-itzaltze horretan nik neuk ez dut asmatu argia ilunetik bereizten duen irakurketaren botoi horri klik egiten.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta