EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteca

Argia

2009-12-13 Ama joaten denean | Xabier Etxaniz Erle

“Andre batek ezin zuen haurrik eduki” diosku Yolanda Arrietak ipuin honen hasieran, baina izenburuak berak ematen digu amatasun horren pista bat. Bai, andreak Basoko Andereak emaniko hazia erein eta zaindu egingo baitu, eta bertatik zer irten eta erdi lore, erdi ume bat, Lorea. Ipuinak, baina, ez digu andrearen istorioa kontatzen; ez, Lorea dugu protagonista eta “andrearen bizitza amaitzen” denean Loreak amaren mezu bat aurkitzen du: “Ekin zure bideari”, eta ibilbide iniziatiko horretaz ari dira liburu egileak, horretaz eta heriotzaz.

Gure gizartean badira haurrei ezkutatzen dizkiegun –edo ezkutatzen saiatzen garen– errealitate batzuk; horietako bat heriotza dugu. Literaturan ere antzeko zerbait egiten da, eta horrela oso kasu gutxitan hitz egiten da heriotzaz haurrentzako lanetan (askotan, gainera, hildakoa animalia izan ohi da, edo aiton-amona zaharra). Arrietak eta Alonsok eskaintzen diguten lan honetan, aldiz, ama da hil egiten dena. “Lorea asko hazi da. Andrearen bizitza amaitu egin da” diosku idazleak esaldi tinko eta laburrez osaturiko testuan. Eta, ondoren, Loreak ekindako bidaian zehar, zenbait gertakariren ondoren itsas hondoan emakume berezi batekin egiten du topo: “–Nor zara?/ –Zure ama. Ez al zaitu ekarri hona nire usainak?/ –Bai, baina, zu desberdina zara!/ –Egia. Hemendik aurrera zeuk gura duzun lekuan aurkituko nauzu, baina beste itxura batekin.” (18-19. orr.).

Agur, Ama! lan honek maite dugun baten heriotza azaltzeko edo ulertarazteko balio digu, dolua pasatzen laguntzeko, gaur egungo gizartea eta bizitza nolakoak diren ulertzeko. Eta alde horretatik errealismo kritikoan, haurrei gizarteko kontu guztiak azaldu nahi zizkien korronte barruan, koka genezakeen istorio hau; baina errealitatetik bezala fantasiatik, fikziotik, edan dute egileek eta horrela pertsonaiak fantastikoak ditugu, “erdi lore, erdi ume” istorio errealean.

“Oker” saileko gainerako liburuetan bezala honetan ere istorioaren ikustea oso garrantzitsua da, letren tamaina, itxura eta kolorearekin jolasten da, eta irudiek –testuarekin bat egiten dutenak istorioan, narrazioa aberastuz eta osatuz– liburua albumen arlora eramaten dute. Hitza eta irudia dira liburuko osagaiak, eta horregatik lehena, testua, dugu hain sintetikoa. Esaldi laburrak, bata bestearen ondoren, ideiak adierazteko. Eta bakar-bakarrik elkarrizketen kasuan ageri dira osatuago.

Liburu ausarta dugu, beraz, Yolanda Arrietaren eta Aitziber Alonsoren azken lan hau istorioa narratzeko moduagatik, baina baita ere, arestian aipatu bezala, aukeratu duten gaiagatik eta heriotzaren aurrean haurrak prestatzen joateko eginiko apustuagatik.

ver documento | 31.9 Kb.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta