EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteca

Euskaldunon egunkaria

1999-01-09 Gazteen interesak | Xabier Etxaniz

Inor ez litzateke harrituko arabiarren eta Patxi Zubizarretaren literaturaren arteko harremana aipatuz gero. Gutun harrigarri bat ipuinean, Eztia eta ozpina nobelan, eginiko itzulpenetan (Ali Baba, Sinbad, Aladin) eta abarretan agertzen zaigu harreman hori. Eta bere azken lanean ere, Atlas sentimentala liburu honetan, arabiarrak ditugu presente.
Aste santuko oporretan Atlasetako Toubkal mendia igotzeko asmoz joan dira Martin eta bere gurasoak Maroko aldera; zoritxarrez, Martinek orkatila bihurtu eta herri batean geratu behar du gurasoek mendia igotzen duten bitartean. Bakardade horretan, Martinek egunkari bat idazteari ekingo dio, irakurtzen ari den Eskua bete izar nobelaren antzeko bat, hain zuzen. Eta horixe dugu nobela hau, Martinek bost egunetan zehar eginiko egunkaria. Edozein unetan koadernoa hartu eta jazotakoak, gogoetak, burutapenak idatziko ditu Martinek. Baita Euskal Herriko lagunei bidaltzeko eskutitzak, entzundako ipuin eta kontakizunen bat edo beste, poemaren bat… edo bertako hainbat lagunekin izandako elkarrizketak ere. Elementu horien guztien artean eginiko masa ederki egosita aurkezten zaigu. Hari fin baten bidez, Martinen baitan ematen ari den aldaketa etengabe baina astiro horren bidez, loturiko elementuek lan ederra eskaintzen dute. Mosaiko zahar eta landutako horien antzera, irakurlea harrituta sentituko da ezer gertatzen ez den nobela batean zenbat gertakari ematen diren ikustean.

Arabiar kultura euskal ikuspuntutik

Martin bakarrik dago Imi Oughlad herrixkan, eta hasiera batean sentimenduak komunikatzeko beharra koadernoak aseko du. Gaztearen beldur, kezka eta pentsamenduen isla izango da koadernoa. Baina orduak pasatu ahala Fatima, Abdelkrim irakaslea, Said eta beste hainbat lagunek beteko dute Martinen bakardadea; era berean, lagun horiekiko harremanaren ondorioz hainbat eta hainbat istorio, gertakari eta pasadizo ezagutuko ditu gazte iruindarrak.
Baina abenturak, maitasun istorioak eta horrelako gertakariak baino intesgarriagoa da, nire ustez, gazte baten ikuspuntutik ematen zaigun arabiar kulturaren berria.
Hango bizimodua, ohiturak, paisaiak, egunerokoak… horiek denak ezagutuko ditugu euskal gazte baten ikuspuntutik; hots, gure bizimodutik eta gure kulturatik.
Martinek, gainera, idazkeraz gain, ilustrazioa darabil bere sentimenduak eta gertakariak azaltzerakoan… eta horren lekuko dira liburuan ageri diren irudi txiki ugari; errealistak eta testuaren osagarri egokia direnak.
Eztia eta ozpina nobela ezagunarekin gertatu bezala (bada haren aipamenjolas ezkutu bat), ziur gaude oraingo obra honetan ere irakurle gaztea pozik egongo dela gazteen benetako interesak (maitasuna, sexua, norberaren garapena, lagunak…) ederki landuta agertzen direlako nobela honetan.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta