EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteca

Euskaldunon egunkaria

2001-01-20 Bihotza kontuak hozkailuan sartzeko garaia | Estibalitz Ezkerra

Erabilera kontua baino ez da: eguneroko bat altxor kutxa bilaka daiteke baldin eta barruan gordetzen dituen idazki guztiak barru-barrutik idatziak izan badira. Edo bidaia-liburu zehatza eta oparoa izan daiteke, bere orriek edozeinen ametsak egia bihur ditzaketen tokien deskribapenak jasotzen badituzte. Bi elementu horiek hartu eta bildu egin ditu Patxi Zubizarretak bere azken nobelan, Jeans-ak hozkailuan. Zubizarretaren liburuetan konstante bat dira bidaiak, eta oraingoan ere bere mago kapelatik idazleari berari zirrara sortu zioten hiriak atera ditu. Hala ere, nobelaren ardatza bere bizitzari zentzua bilatu nahi dion emakume bat da. Dabidek beste emakume batekin engainatu du Rakel. Hain perfektua zirudien ezkontzan, bat-batean pitzadurak agertzen dira. Rakelek ez daki senarrarekin jarraitu behar duen edo bizitza berri bati ekin behar dion. Eta bat-batean konturatzen da bere bizitza Dabiden inguruan antolatu duela, eta bera gabe noraezean dagoela. Horregatik, ezagutzen ez dituen beste pertsona batzuekin EEBBak zeharkatuko dituen bidaia egitea erabakitzen du. Bertan Ruben ezagutuko du, eta aldizkari baten gomendioei jarraiki, eguneroko bat idazten hasiko da.

Barruko kezkak azaleratzearen beharra duen orok edozein orri du on: Zubizarretak apaingarri superfizialak alde batera utzi ditu, eta “bere” egunerokoa osatu du. Edozein sostengu erabil zezakeen. Berak, ordea, koaderno arruntak, eskolan erabili ohi genituen horiek aukeratu ditu. Eta bakarraren ordez, hiru koaderno behar izan ditu barne hustuketa saioa egin ahal izateko. Ondoren, koaderno bakoitza ataletan banatu du, eta Rakelen inpresioak Karmelok Dabidi egiten dizkion deiekin (emaztearen berri izateko bidali du Dabidek Karmelo EEBBetara) tartekatu ditu. Bidaia beraren ikuspegi ezberdin bi dira, eta haien bidez pertsonaiak hobeto ezagutzeko aukera dugu. Hala ere, pertsonaia horiei gabezia bat sumatzen diet, batez ere Rakeli eta Rubeni. “Perfektuegiak” iruditzen zaizkit. Hau da, haien esperientziak ezagutu ostean (senarrak Rakel engainatu du eta Ruben apaizgaia da), beraiengandik malezia apur bat gehiago espero nuen. Polita da koaderno ataletako izenburuetan agertzen den Mary Landford eta Rakel identifikazio jokoa. Mary Landford emakume txikia bezain hauskorra da, eta hala agertu nahi du Zubizarretak Rakel ere. Baina ez ote da onegia? Batez ere, amamaren katuen istorioak kontatzen dituenean, ez al du oraindik hazi ez den ume bat ematen?

Egunerokoan barna bidaia

Dena dela, Jeans-ak hozkailuan nobela arras intimoa da: Rakelek orriak eta hitzak bere barrua lasaitzeko erabiltzen ditu, idaztea berarentzat terapia egiteko modua da. Irakurleari, berriz, egunerokoak gizakiaren sentimenduetan barna bidaiatzeko aukera ematen dio. Izan ere, egunerokoak irakurlerik onartzen ez duten idazkiak dira, eta horrek sentitzen duena modu gordin eta pertsonalean idazteko askatasuna ematen dio egileari: “Hotza edo hozkailua, sarritan amodioari egokitzen zaion suari kontrajartzen zaizkio, baina niri orain hotzak on egingo lidake: atseginez jantziko nituzke hozkailutik atera berriak diren jeans batzuk (garbiak, leungarriaren usain freskoarekin, ongi ematen dutenak…)”. Zentzu horretan, Jeans-ak hozkailuan nobelan Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion liburuaren eragina nabaria da. Zubizarretak berak bigarren koardenoaren sarreran aipamena egiten dio Oñederraren nobelari. Biek emakumea dute ardatz, bietan emakume horiek jasaten duten maitasun krisia islaturik dago, lehenengo pertsonan idatzirik daude eta kontamoldea oso intimoa da.

Bestalde, zentzumenei erabat irekita dagoen nobela osatu du Zubizarretak. Rakelek idazkietan bertan egiten dituen zuzenketak jasotzea, testuak argazki desitxuratuekin tartekatzea… Protagonistaren barruko kezkak irudikaturik agertzen zaizkigu, eta elementu horiek plastikotasun handia ematen diote nobelari. Zuzenketek, adibidez, maiz geure burua engainatzeko erabiltzen ditugun trikimailuak erakusten dituzte. Hala ere, Rakelek egunerokoan pentsatzen duen guztia idaztea erabaki du, engainurik erabili gabe, eta hasiera batean, idatzitakoa zirriborratu egiten du ondoren. Puzzle itxura duten argazkiek, berriz, eraikitze prozesuan dagoen nortasun baten berri ematen digute. Puzzlea osatu aurretik, pieza guztiak sakabanaturik daudenean, irudia erabat kaotikoa da. Baina pixkanaka-pixkanaka piezak hartu, ordenan jarri eta bata bestearekin lotzen ditugunean, hau da, puzzleak itxura hartzen duen heinean, irudia geroz eta aratzagoa da. Antzeko zerbait gertatzen da errealitatearekin: gertakariek bihotz barruko kontuak lausotu ditzakete, baina puzzlearen piezak ordenatzen goazen neurrian, begi aurrean duguna modu argiagoan ikusten dugu.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta