EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Euskaldunon egunkaria

1995-02-26 Zerotik abiatzen denaren independentzia | Juan Luis Zabala

Inguruan aurkitzen duen guztia kuestionatu eta handik edo hemendik inposaturiko arauak hautsi edo mugak gainditzeko beldurrik ez izatea izan da beti Pako Aristiren meriturik handiena. Hutsetik, zerotik abiatzen den idazle independentea da Pako Aristi, eta horretan datza bere indarra, eta baita bilduma honena ere. Ez nator bat Pako Aristik dioen guztiarekin, noski. Beste inork beste era batera adierazi balitu ernegarazi eta amorraraziko ninduketen ideiak ere badira liburuan, baina oso erakargarria iruditzen zait beti Pakok gauzei begiratzeko duen modu zintzoa (ez beti txintxoa).

Elkar argitaletxeak duela sei bat urte plazaratu zuen “Bezperan entregatu nituenak” haren jarraipena dela esan daiteke “Euskaldunon Aberia” hau, hura baino are interesgarriagoa beharbada, bigarren entrega honetan Pakoren iritzien berri zuzenagoa dugulako, Pako heldu eta eginago batekin topo egitearekin batera.

Diskutigarria izan daiteke era honetako artikulu bildumen balioa; artikuluak artikulu direla argudia daiteke, eta ondo daudela beren tokian, berena ez den eremu batean sartu gabe, liburuen esparru berezkoa zanpatu gabe.

Baina artikuluak mundu-ikuskera bitxi eta berezi baten adierazpide direnean eta, horrez gainera, adierazpide hori estilo literario bizi eta zaindu bati loturik dagoenean, emaitza interesgarria izan daiteke, eta horixe da, nire ustez, bilduma honen kasua.

Hitzaurrea ere badu liburuak, Karmelo Landak mirespenez idatzia. Liburuaren eta, oro har, Pako Aristiren artikulugintzaren merituak nire lantxo honetan baino askoz ere hobeto adierazita daude hitzaurre labur baina bizi eta sentitu horretan.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta