EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Diario Vasco

2004-10-29 Pako-Pako | Felipe Juaristi

Portada gustatu zait izugarri, bi Pako batean. Pako zaharrak Pako gaztearen argazkia dauka eskuan, eta Pako gazteak bere lehen liburua hatz arteetan, Kcappo noski. Begiak urdinak dira, eta esango nuke, aldaketa handirik gabe, ordukoak direla, bi aintzira txiki eta biribil, bi aintzira jostalari. Irribarrea ere lehengoa du Pakok, urteek ez diote zakartu ez txepeldu ez desitxuratu. Pako gizon irribarretsua da, alaia oso. Seguru asko, bera ere aldatu egingo zen, bizitzak ez baitu barkurik (Axularrek zioenez eta nik beti ulertu ez zuela itsasontzirik, baina tira). Ondotxo dakigu bizitza igaro dugunok hitzak bata bestearen atzetik jartzen, ofizio eskergabea nonahi eta are eskergabeago koldar-herri honetan. Bai, bizitza igaro zaigu, Pakori ere bai, ideiak urrezko hariz josi nahian, gau ilargiaren pean.

Baina ez da dena hitzen arrimu ona bilatu nahia izan. Izan dira zeruak, neonezko argipean, noski, gintonicak edaten; izan dira harriak, azpian begiratzeko ea aurkitzen genuen poema baten arrastoa; izan dira ireki eta ixten ziren loreak, ireki eta ixten ziren emakumeak, hatzak elkarturik, bizkarrezurrean jostalari; izan dira gezur bihurtu diren egiak eta egia bihurtu diren gezurrak, argizko basoetan, gintonicak edaten, eta izan dira despedida tristeak, eta oin alferrak etxerako bidea asmatu ezinda. Izan dira hori dena igaro da, eta horregatik ez dugu izan hitzak urrezko hariz lotzeko betarik. Hitzen apopilo izan baikara. Gauza txikiak dira, badakit, baina gauza txikiak dira gure bizitzari zentzu apur bat eman diotenak. Gauza handiak arbuiatu egin ditugu, ez handiegi zirelako, gu ginelako handiegi haientzat, gu ginelako, erromantiko hutsak, txikien aldeko. Izan ere, Pakoren argazkia ikusita, neurea ikusten dut, gazteago nintzenean, eta zintzoagoa.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta