EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Eguna

1987-10-22 Kontaketaren atsegina | Jon Kortazar

Pako Aristi gizon berriaren ausardiaz agertu zaigu euskal letratxoaren mundutxoan. Harrigarria agerpena, eta harrigarriagoa jarraipena. Bizitzeko idazle-ofizioa aukeratuz, nobeletan erakutsi du bere lanaren maila.

Irene. Tempo di adagio izenez argitaratu du bere trilogia famatuaren bigarren alea. Testuak déja vu, déja lu-aren inpresioa ematen badu ere, bere birtuteen berri sobera ematen digu. Abentura baten idazketa izan beharrean, idazketa baten abentura zela narratibagintza esan zen noizbait gure artean. Pako Aristi istorioen kontaketen alde agertzen zaigu, goizaldean kopak hartu ostean istorioek sortzen duten lilura bere orrialdeetan dindilizka utziz. Idazle tabernariaren trazak dituen honek nobela beltzaren —nobela soziologiko bates— tekniken eremuak maite ditu, eta bere kontakizunetan Chandler eta Garcia Marquez paseiatzen ikus ditzakegu. Bere lanean ez dira kasualitatez, deskripzioak eta ekintzak, elkarrizketak baino indartsuagoak.

Bizitza eta literatura apostulari baten kemenaz elkartzen saiatzen den Pako Aristik, beti erakutsi du mezuren bat adierazteko gogoa, bere nobelek gizartearen salakuntzan sakontzeko haizto zorrotzak izan nahi dutelarik.

Nire eritziz, ordea, hementxe datza kontaketa honen alderik eztabaidagarriena. Bere estilo tiemendistaz, eta piska bat esajeratuaz lagundurik (norbaitek pornografikoa deitzerik izango balu ere, Pakoren estiloa ez da pornografikoa, tremendista soila baino), biolentziari buruzko erreflexioa izan nahi nire nobela honek; eta mezu traszendenteren bat adieraztea izan da Pako Aristiren anbizioetako bat. Ene eritziz, oraindik ez du ongi moldatu poetika eta sinboloen arteko pasilu estua.

Onartu beharko dut anbientazio historikoa ez dela alperrikoa, dokumentazio-lana ere aipagarria izanik. Drama ruralaren mugetan mugitzen delako-edo (gizarte postindustrialaren generoa omen da nobela beltza), desorekaren bat nabaritzen zaio maila narratibo eta sinbolikoaren artean, tratamentu naif-ak pertsonaien, eta batez ere egoeren, konplexutasuna ongi estaliko ez balu bezala.

Idazleak baliapide narratiboak erabiltzen dakien bezain ederki munduaren aberastasuna adierazten jakingo duelakoan geratzen zaio —beste askoaren arteko— irakurle bat.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta