EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Deia

2005-11-15 Errieta unibertsala | Igor Estankona

“Libreta horiko poemak” eta “Gauza txikien liburua”ren ondoren, hirugarrenez ebatzi du Aristik gehiengo zabalari hitz egitea, eta munduari kargu hartzea, gehienez orrialde bi hartzen dituzten apunte laburren bitartez. “Note book”ekin beste behin kausitu dugu Aristi garden bat, soila, ausarta. Baina soiltasun horrek beharleku gogor bat gordetzen du: mezuaren eraikuntza zehatza, paralelismo bat edo beste apur bat lehenago garatutako ideia koxka bat estutzeko… Errepikapen sentipen atsegin bat ematen dio horrek guztiak liburuari, ia-ia gaixotia, ia obsesiboa.

Giza saminaren inguruko liburua da “Note book” batzuetan, baina beste batzuetan alde batera uzten ditu auhenak mundu desberdinak bata bestearen ispiluaren aurrean ezartzeko, lehen mundua hirugarrenarekiko, aberatsak pobreekiko, boteretsuak ahulekiko. Eta hori den hori konfesio mingarriekin nahasten da, idazleak berak barrenak azaltzen dizkigunean. Eta inoiz budismo Zenean hondoratzen da kritika, salto eginez hizketaldi arruntetik metafisikara.

Plazer laburra batzuetan, aurpegian emandako ukabilkada beste batzuetan.

Baina egin al zezakeen Aristik bidaia literario arriskutsu hau kontzientzia artistikorik barik? Ezertaz konbentzitu ezik ere, Aristiren idazkera boretsuak dena ondo ez doala ikusarazteko gaitasuna dauka. Horregatik uste dut Urrestillakoa ez dela idazle sozialaren paper soila hartzen ari —ez die zapalduei idazten—, eta bestalde ez da idazkera antisozial edo norbere baitan bildua. Ezpata eta pareta, hori da irakurleari uzten dion tartea. Literatura sozialean zokoratuenganako maitasuna eta gizakiarekiko onberatasuna balore absolututzat gorde behar diren bitartean, Aristiren “galeraren literatura” honetan zulo beltz erraldoi batek irensten ditu ñabardurak. Gizaki bizi eta era berean mortalaren arazoak bereiztu barik aurkezten dizkigu, barneratuz bezala zoriona —salbazioa— keinurik txikienean egon daitekeela. Aristik kantatzen du jendarte posmodernoaren kontra, eta horregatik durundu eroangaitz bat sentitzen dugu batzuetan, posmodernook ere badugulako ama. Durundu gogaikarri eta erakargarria era berean, barruntatzen dugunean Aristik arrazoi duela, leun bortxatzen gaituztela egunero.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta