EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Argia

2003-12-12 Aristiren zintzotasunaz | Hasier Etxeberria

Atxagari entzun nion behin, erraztasuna zeukala poema on bat urrutira ere ezagutzeko. Aitor dut, gainera, egia borobila dela hark esandakoa, askotan erakutsi baitigu abildade hori Bernardok. Eta nola ez, bada, inbidia sekulakoa eman izan dit niri ukatua izan zaidan dohaina harengan hain nabari ikusteak. Esan nahi dut, nik ez ditudala sarri bereizten poema ona eta kaxkarra. Esate baterako, hotz-hotz utzi izan naute askotan Lizardiren poema on ustekoek eta, aitzitik, zeruetaraino jaso Bilintxek potoz betetako beste batzuek.

Abisatuta zaude, irakurle, nire juzkuaren izaera kaxkarraz. Abisu eman nahi nizun gauzak bere neurrian jar ditzazun eta orakuluaren esanik lerro hauetan alferrik bila ez dezazun. Poeta baten lana goratzen hasi baino lehen aitortu nahi nizun hori guztia, badaezpada.

Izan ere, Pako Aristiren “Libreta horiko poemak” (Susa 2003) liburuan datozenak, poema ba ote diren ere ez bainaiz ziurtatzera ausartzen. Askotan iruditzen zait zenbait poesiaren izaera, geometria kontu soil baten arabera defini daitekeela. Berdin liokeela lerroak etzanda jartzeak, zutik egon ordez. Aristi da horietako bat, nire ustez. Nolabait esateko, poema narratiboak egiten ditu edo, nahiago bada, zutunik jartzen ditu etzanda ere egon zitezkeen kontakizunak. Kontua da, ordea, zutitze horrek, biluztu egiten dituela esan beharrekoak. Etzanean arnasa lasaiagoa leukaketenak, gordinago zaizkigula ematen. Espresio-ekonomiaren gauzak eta poesiaren berezko eskaerak izango dira, seguru asko.

Aristik bere kaiera horian apuntatu dituenak ez dakit poesia on ote diren egiazki, baina gauza bat gutxienez ziurta dezaket: ez dela aspaldian halako poema-liburu ederrik nire moduko irakurlearentzat idatzi.

Defendatu ere egin nahi nuke Aristiren poesia, han eta hemen argitaratu diren zenbait konturen aitzinean: ba omen dela Aristiren ikuspegia baino ezkerragokorik, burgeskume paranoikoaren ikuspegiarekin daukala zer ikusirik Aristiren poemagintzak… Ez naiz batere harritzen Aristik poema horiek bere buruaren kontra oldartuko zaizkion beldurrez bizi dela dioenean. Izan ere zintzoak dira Aristiren poemak, erabateko zintzoak, horrek gurean ekar ditzakeen ondorio guztiekin.

Geure buruaz ez da aspaldian ikusi halako gogoeta zorrotzik. Aristik poesiaren berezko gai maiteenetakoa darabil azken finean: denboraren iragaitea. Baina ez hori bakarrik: denboraren iragaiteak gugan eragindakoa jartzen digu aukeran. Egia borobilak esanez, bizipenak aitortuz, ikuspegia deklaratuz, xaxatu egiten du irakurlea Aristik. Lekutik mugiarazten du liburuaren hartzailea, artelan on guztiek bete beharreko lehen legea betez.

Ez dakit gu baino gazteagoek zer pentsatuko duten, baina gure belaunaldiak bederen, ez du sekula jaso halako argazki oparorik. Zentzu horretan erromantikoa da zeharo Aristi, Utopia hain errazki alboratu nahi ez duen erresistentziako militantea. Eta Aristi idazleaz gain, Pako gizona ezagutzen dudan neurrian, zin dagit bere biografia ere zintzoa dela horretan. Gutxirengan bezala egiten dutela bat haren esanak eta izanak. Azalera bat datorrela izaerarekin, alegia. Ez da gutxi.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta