EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Martin Anso Blanco > Hemeroteca

Diario Vasco

2008-11-03 «San Sebastian ez zuten geziz hil, makilazoka akabatu zuten» | Felix Ibargutxi

Martin Ansok (Donostia, 1963) Ele zahar ele berri liburua plazaratu du, non aspaldiko leiendak berridatzi dituen, ukitu gaurkotua emanez, eta umorez zipriztinduz. Aurreko Elezaharren bidetik hartan baino askeago jokatu omen du. Kazetaria da eta Gara egunkarian egin du lan aurtengo urtera arte.

Aurreko liburuarekin konparatuta, ikuspegi ezberdin xamarra darabiltzu oraingoan.
Oso ikuspegi ezberdina ez dut uste denik, baina bai askeago ibili naizela, bai leiendak aukeratzean bai haiek tratatzean. Adibidez, bi hiri-leienda sartu ditut, leienda urbanoak esaten zaienak. Eta badira bi leienda sortuak direnak, asmo literarioaz.

Zeuk sortuak?
Bai, neuk.

Bi leienda urbano ere badaude liburuan. Leienda urbano horietako batzuek oso oinarri zaharra omen dute.
Askok daukate oinarri zaharra. Leienda horien jatorria sakon ikertu duen bat bada, Jan Harold Runvand, El fabuloso mundo de las leyendas urbanas liburua publikatu duena. Hark esaten duenez, leienda horiek zaharrak dira eta, garaian garaiko elementuak hartuz, egokitzen joaten dira.

Noiz ekin zenion leiendak biltzeari?
Nik beti-betitik izan ditut gustuko leiendak. Ezingo nuke zehaztu noiz hasi nintzen. Idazten, berriz, ustekabean hasi nintzen. Garako orduko zuzendariak, Mertxe Aizpuruak, esan zidan egunkariaren azken orrialderako ondo etorriko litzatekeela nire kolaborazioa. «Zuk leiendak idatzi, ondo dakizkizun horietakoak», esan zidan. 2002an izan zen, baina askoz lehenagotik nintzen zalea. Ezagutzen nituen gure leienda aspaldiko horiek, baina ez XIX. mendeko autore horiek idatzitakoak.

Bai, hor haustura gertatu zen. XIX. mendean horren sonatuak izandako Arakistain-eta ahazturaren zulora erori ziren XX.ean.
Gipuzkoan, Joan Benantzio Arakistainen kasua oso nabarmena izan zen. Horrek Leyendas vasco-cántabras idatzi zuen. Bere garaiko idazleengan sekulako eragina izan zuen, eta orain galdetzen duzu eta inozk ez daki existitu zenik ere. Beste kasu bat Truebarena. Haren kasua atomikoa da. Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere best-seller ikaragarria izan zen, eta gero bide-bazterrean gelditu zen. Etena, nire ustez, Errepublika garaian gertatu zen.

Idazle leiendazale haiek, idazterakoan, zenbateraino hartu ote zituzten aintzat herri-tradizioak? Ala asmatu egiten zuten erabat?
Horiek literaturgileak ziren batik bat. Zenbaitetan hartuko zuten aintzat gauza historiko-leiendazkoak. Zeren orduan historia eta leienda ez baitzeuden oso berezita. Adibidez, Arakistainek hiru olatuen leiendaz idatzi zuen; hori tradizioko leienda da, baina berak egiten duen interpretazioa oso bestelakoa da. Beste bat: Ernioko gudua; historigrafian -Garibairenean-eta- agertzen da gudu hori, eta XIX. mendeko idazle leiendazale horiek beste interpretazio bat ematen diote gertaerari.

Sabino Aranaren lan bat ere sartu duzu liburuan.
Baina bera ez zen leiendista. Libe izeneko leienda horretaz idazteko, baliatu naiz Sabino Aranak idatzitako izenburu bereko liburuaz. 1902an publikatu zuen euskaraz, eta hurrengo urtean gaztelaniaz. Urte horretantxe hil zen. Pertsonaia interesgarria beste bat da, Gertrudis Gomez Avellaneda, euskaldun jatorrikoa, baina kubatarra. Eta Kuban norbait da, aski da Interneten errepara-tzea. Dena dela, ez dut lehengo idazle haiek adarrikatu nahi.

Liburuan Juan Mari Arzak ere agertzen da, Asturiasen harrapatutako txipiroi erraldoiak direla-eta.
Luarcako toki batean, han dauzkate sei edo zortzi txipiroi erraldoi, formola ematen duen likido batean kontserbatuta. Eta badirudi Arzakek bisita egin zuela eta esan zuela: «Honek ere izango du bere zaporea». Eta esan zioten: «Hau, horrelako sakoneran bizi delarik, amoniakoz beteta egongo da». Eta Arzakek: «Ez, horrek izango du bere zaporea».

Beste kontu bat: San Sebastian ez zuten, beraz, geziz hil.
Ez, makilazoka. Diokleziano enperadorea agindu zuen Sebastian geziz jostea. Eta Mauritaniako arkulariak han jardun zuten, geziak bota eta bota. Ez zuten guztiz hil. Han zegoen emakume batek, Irenek, hartu zuen, zaindu eta, gizona berriro bizkortu zenean, han joan zen Dioklezianorengana, esanez kristau bihurtu behar zela. Orduan, enperadoreak, sutan, bertan zeudenei esan zien gizon hori hartu eta bertan hiltzeko. Eta makilazoka akabatu zuten. Hor badago gauza bitxi bat: arkularien patroia omen da San Sebastian; nik ordea, ez dakit zer merezimendu egin ote zuten arkulari haiek. Hori paradoxa! Hau dena kontu jakinoa da; hagiografian azaltzen da.

Zer gai historikori buruz egingo zenuke gustura erreportajea?
Ez dakit... Aspaldi izan nuen ideia bat, eta gainera folio pila idatzi nuen, alegia, Donostian sokamuturra debekatu zutenekoaz. Baina ez naiz gauza izan hura aurrera ateratzeko. Sekulako matxinada gertatu zen eta jende asko eraman zuten kartzelara. XX. mende hasiera-hasieran izan zen. Hori bai dela noizbait gainetik nahiko nukeen gai bat. Gertaera haren azpian gauza asko zeuden. Donostiarrok ez gara canotier sonbreirua eramaten zuten haien ondorengoak. Hemen pobrezia handia zeuden, etxebizitza-arazo larria... Euskalduntasunaren arazoa ere islatzen da istilu hartan: momentu hiriko biztanle ia guztiak euskaldunak ziren, eta elebakarrak. Orduan bukatzen da Donostia, eta hasten da San Sebastián.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta