EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Koldo Ameztoi > Hemeroteca

Diario Vasco

1994-07-02 Entzuteko ipuinak | Felipe Juaristi

Ez zaizkigu iristen guk nahi bezain sarri bestaldean egiten ari diren literaturaren emaitzak. Baionara edo joan behar, izan ere, hemengo liburudendetan oso gutxitan aurkituko dituzue Maiatz argitaletxeko liburuak edo mugaz haratagoko aldizkariak. Han izan ginen azkeneko aldia baliogarri izan zitzaigun liburu eta aldizkari-pilo bat ekartzeko. Aldizkarien artean bitxikeria bat: Zuberoan kaleratzen duten “Bazter” izenekoa. Nik dudan alea lehen zenbakiko sailari dagokio. Horko orrialdeak irakurriz konturatzen gara oso jabe direla bazterreko beren lekuaz. Baina bitxikeriak dakartza aldizkari honek: Itxaro Bordaren poema batzuk, Kepa Fernández de Larrinoaren beste batzuk eta Joseba Sarrionandiaren eskuizkribu bat. Aldizkaria elebiduna da (frantsesez eta euskaraz) eta grafikoki oso ondo hornituta dator.

Maiatzeko liburuen artean, argitaletxe hori baita ia bakarra liburugintzan aritzen dena lurralde horretan, aipagarria iruditu zait Koldo Ameztoiren hau, Baxenabarreko istorioak biltzen dituen liburu hau hain zuzen. Istorio bakoitzeko abiapuntua erran zahar bat dugu, Baxenabarreko herriren bateko biztanleak deskribatzen dituena. Jakina da, tradizio handia duelako, Euskal Herriko hiri, bailara edo herri bakoitza oso ondo definituta dagoela, eta bertako biztanleek izengoiti bati erantzun behar diotela. Orixek, adibidez, berak ondo ezagutzen zuen inguruko herritarren izengoitiz idatzi zuen. Irakurri besterik ez dago “Euskaldunak”, horretaz ohar gaitezen.

Baina Orixerena asmo poetikoa baldin bazen, Koldo Ameztoirena askoz narratiboagoa da. Ez dakit tradizioa ote duten, zaharrak ote diren alegia, Ameztoiren istorio hauek, baina asmatuak baldin badira ere aitortu behar dut grazia handiz asmatuak direla, aspaldikoak diruditela. Eta gehiago direla entzunak izateko, irakurriak izateko baino. Adibide batzuk jartzearren aipa ditzadan istorio zenbaiten izenburuak; “Amikuze, herri luze; hango haurrak, lepo luze”; “Gaitz da Arradoian aritzea borroka, eror daite norbait eta burua porroka”, “Itzalgi, itzal gehiegi”.

Bai, esaldi horiek argitzeko istorioak dakarzkigu idazleak, Hogeita hamazortzi dira guztira, zein baino zein atseginagoak guztiak, ahozko estiloari lotuta idazten baitu Koldo Ameztoik. Ezagun zaio plazarik plaza ibili ohi dela jendeari ipuinak kontatzen.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta