EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Koldo Ameztoi > Hemeroteca

Argia

1989-06-25 Dena dela... Lapurdiko | Josu Landa

Koldo Ameztoik antzesle eta kultur kudeatzaile burutu ohi duen lana aski ezaguna izango du ARGIAko irakurleak. Ezagutzen ez duenarentzat, gorputz haundiko umea dela esan genezake. Agian horrexegatik hain egoki kondatzen dizkie ipuinak umeei. Daniel Landart-ek liburuko hitzaurre zoragarrian Koldoren ustezko arbaso bat deskribatzerakoan, dudarik gabe, Koldorengan berarengan kausitu du inspirazioa: “Gizon bat zen, itxuraz ongi egina, handia eta lerdena. Ileak apur bat kuxkulatuak, aurpegi zarmant bat; irri zabal batek gordetzen ziolarik sekulan arras gaindituzko herabetasun bat, masailak doi-doia gorri arazten zizkiona…”. Halako xarmangarria dugu Ameztoi.

Xarmangarritasun hori oraingoan liburu gisa adierazi nahi izan digu, Maiatz-ek kaleratutako “Dena dela… Lapurdiko” honi esker. Zinez lortu duelakoan gaude. Bere ogibidea diren kondakizunak errepikatuz —antzeslanez nahiz irratiz— plazaz plaza eta eskolaz eskola bereganatu duen maisutasuna papereratzea ez da inola ere apostu makala. Hizkeraren arintasuna eta interesa mantentzea erdietsi du orohar, baina ahozkotik idatzira dagoen tartean beste zenbait oztopo aski gainditu ez dituelakoan gaude: esate batera, irakurleari keinu gehiegi egiten zaizkio, ipuina ahoz kondatzen ari balitz bezala. Aitzitik, kontatzen duena bitxia da, eta irakurlearen aditasuna mantentzen du.

Bukatzeko esan dezagun liburua nondik nora doan. Herri bateko biztanleak modu berezi batez izendatzeko erabili ohi diren formulak hartu, eta izengoiti horien jatorria asmatu egiten du Koldo Ameztoi, horren inguruan ipuin ia mitikoak burutuz. Lapurdiko 50 herri hautatuak izan dira liburu honetara, eta esanmolde berezko beste hainbeste goitizen (adibidez, “Ardi zahar jale Biriratuko”, “Tripa handi Hazparneko”, “Itsas lapur Hendaiako”…) dira kondakizunon abiapuntua. Liburuaren aurkeztera oso zainduta dago, Neni Larregi-ren lankidetasuna dela kausa.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta