EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Karmele Jaio > Hemeroteca

El Correo

2009-12-26 Mingostasuna ardatz | Javier Rojo

Zahartzaroan dagoen emakume bat leihotik begira dago. Eta leihotik begiratzen duen bitartean, kanpoko bizitza pasatzen ikusten du eta oroitzapenetan murgiltzen da. Halako egoera bat aurkezten zaigu Musika airean izenburuarekin argitaratu den Karmele Jaioren nobela berri honetan. Karmele Jaio idazle trebea da bizipen bereziak dituzten belaunaldi bateko emakumeen bizitzak kontatzeko, ez baitu inolako oztoporik bizitzan asko sufritzea tokatu zaien emakume horien sentimenduak eta pentsamenduak islatzeko orduan; hori bai, egoera pixka bat sinplifikatuta. Nobela honetako protagonista, adibidez, bizitzaren azken aldean dago, eta, atzera begiratzen duenean, tristeziaz beteriko mundu gris bat agertzen zaigu.

Mundu horrek mingostasuna zuen ardatz eta eginbeharren eta, plazeraren artean hautatu behar zelarik, beti edozein hedonismo-mota alde batera utzi behar izaten zen. Guztiarekin haserre bizi da protagonista, eta semeak emakumeari lagun egiteko Hego Amerikako neska bat kontratatzen duenean, talka gertatzen da guztiz desberdinak diruditen bi jarreraren artean, emakumearen tristeziari eta isiltasunari Hego Amerikako neskaren alaitasuna eta zarata kontrajartzen baitzaizkie. Lehenengo momentutik, idazleak pertsonaiak elkarrengandik bereizten dituzten ezaugarriak oso nabarmenak izan daitezen nahi du, baina hori bakarrik lortzen da ezaugarri horiek exageratu egiten badira, eta batzuetan topiko samarrak gerta daitezke.

Testuan bi atal mota batzen dira. Alde batetik, emakume protagonistak lehenengo pertsonan ia-ia aitorpena bezala bere bizitzaren berri emateko kontatzen dituenak agertzen dira. Bestetik, horren osagarri moduan, eta askotan emakumeak kontatzen duenari kontrapuntua jartzen diotelarik, elkarrizketa zatiak eta beste pertsonaia batzuengan zentratuta kontatzen diren gertakariak ere agertzen zaizkigu. Aitorpen honetan emakumeak sekretu bat gordetzen duela azaltzen zaigu: bere gaztaroko adiskide batekin haserretzeko benetako arrazoia. Eta misterio hau ahal den neurrian liburuaren bukaeraraino gorde dadin, idazlearen eskua nabari daiteke pertsonaiaren narrazioan erdi ezkutuka sartzen, protagonistak eman behar zuen informazioa kontrolatzen.

Galtzear dagoen pertsonaia batzuen mundu-ikuskera aurkezten zaigu nobela honetan, eta liburua interesgarria dela esan behar da, zenbaitetan, nire ustez, behar baino eskematikoa bada ere.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta