EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteca

Berria

2006-07-16 Hiritartasunaren laudorioa | Ibon Egaña

Hiri gorazarre izenburupean kaleratu du Juan Ramon Makusok bigarren poema liburua, eta izenburuak biltzen ditu liburuak eskaintzen duenaren zertzelada ez gutxi. Paradoxikoa da hein batean Makusok izenburua Lizardik neguaren osteko eguzkiari eskainitako poematik hautatu izana; izan ere, bultzi-leihotik soroak eta mendiak agurtzen zituen poetaren minaren ordez hiriari eta batez ere hiritartasunari gorazarre eta laudorio egiten dion idazlea dago Hiri gorazarre-ren atzean. Hiri bigarren pertsonako izenordaina ere bada, baina, eta bigarren pertsona horri (hi, zu) eskainitako gorazarrerik eta (des)amodiozko poemarik ere bada bilduman. Jolas egiten du, beraz, hitzekin eta esanahi anitzekin Makusok izenburuan, eta hori ere bada liburuan datorrenaren aurrerakin.

Hiria du, nolanahi, gai, hari eta lokarri nagusi poema-liburuak, batzuetan protagonista eta gogoeta-gai, modu anekdotikoagoan besteetan, baina betiere batasun-emaile. Ez da bat eta bera, baina, liburuan zehar ez Makusoren hiriari so egiteko modua, ezta poesiaren taxua ere.

“Harrizko aorta” du izenburu lehen atalak, eta bertan dute pisurik gehien hitzekin egindako jolasek (sua, ua!, Hika, Hika, Gern… ), hoskidetasunek (kaleak, eskaleak) edo errimak; erritmo biziko poemak, jolasetik eta ahozkotasunetik zerbait badutenak dira, eta ziurrenik horrek eta atal honetan Makusok darabilen eremu semantikoak elementuei eta oinarrizko materiei erreferentzia eginez (sua, burdina, eta, batik bat, harria) dakarte gogora Arestiren aztarna. “Zuhaitzetatik jaitsi da animalia”, dio Makusok, eta gogoetaren esparruan kokatuz eta ondorengo ataletan sakonduko duena aurreratuz, hiritartasunik lortu ezin duen gizakia aurkezten digu errenteriarrak, betegintzarrerik eskuratzerik ez duen gizaki kontraesankorra.

Bigarren atalean, “Burdina garabi urtuan” deiturikoan, hiriaren eta hiritartasunaren zentzu politikoari heltzen dio Makusok, greziarren polis-aren izaera publiko eta politikoa berreskuratuz, eta hiritartasuna atrofiatu zaion gizarteari kritika zuzena bideratuz. Hiriaren gaineko hausnarketa termino orokorretatik konkretuagoetara dakar egileak atal honetan, hiri errealak dakartza hizpidera (Bilbo, Errenteria…), eta egungo jendartearen gaitzak eta gabeziak ditu jo-puntuan. Simulakroak eta itxurakeriak agintzen duen hiria da poema hauetakoa, benetakotasuna galdu duen gizartea, kulturari bizkarra emanda bizi dena eta biztanle ditu hiriaren proiektutik egotzitako gizakiak, komunikatu ezina jasaten duten hiritarrak, hiritar izatea ukatu zaien besteak. Hiriaren, polisaren eraikuntzak kale egin duen heinean, kale egin du gizartearen eraikuntzak, eta kale egin du hiritartasuna eskuratzerakoan ere euskalduntasunak.

Espazio publikotik pribatura eginez, hirugarren atalak maitasuna du ardatz, nahiz heriotzaren aurkako etsipen-poemarik ere baden. Hiria, oraingoan, ni-a eta zu-aren espazio pribatua da, batzuetan neurrira eraikitako birentzako espazioa, besteetan zu-aren absentzia oroitarazten duen geografia. Maitasunaren ospakizuna orain, maitearen gabeziaren mina gero.

Gizakiaren kontzientzia biluzia atal heterogeneoagoak ixten du liburua, non nitasunak indarra hartzen duen eta sentimenduen esparrutik atzera gogoetarenera itzuliz poeta biluziago ageri den, batzuetan arnasa narratiboagoz, hurrengoan hiriaren heriotzari buruzko hausnarketa eginez.

Bidean, ez dira falta zenbait klixe (maitasunaz eta heriotzaz ari denean batik bat), eta hitz-jokoak zama ere bihurtzen dira poemaren erdigune direnean, baina, edonola ere, ertz askotako ikuspegia eman digu Makusok hiriaren gainean, gogoeta eta sentimendua poesian urtuz.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta