EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteca

Egan

2006-06 Gezien norabideari jarraituz | Pello Otxoteko

Hölderlin-ek, gogoeten lurrinak aztoraturik zetzan uneetan, “…eta zertarako poetak eskasiazko garai hauetan?” galdera egiten du bere 248. elegian. Munduaren arrastiri honetan gaua nagusitzen an zaigu. Munduko gau beltzaren ilunpeak bere garroak eta murmurioak luzatzen dizkigu pentsamenduaren begirada lausotuz. Dagoeneko ez dugu farorik, eta bidea ez da ageri. Amildegiaren begiek zulorantz garamatzate. Baina, beharrezkoa al da abiatzea? horren erantzunaren bideari Juan Ramon Makusoren hitzek hasiera emango diote.

Bidea da erromesaldi honetan lagun eta era berean helburu. Bidean joango gara geure burua ezagutzen, eta poetak bidean du jarria bere konfiantza osoa. Badirudi antzinako esaldi hura behin eta berriz birgogoratu nahi digula: Ezagut ezazu zeure burua. Baina oraingoan ez dugu Delfos-eko orakulua entzun beharrik izango. Honelako hitzez apaintzen eta irekitzen digu barne sakonetarako bidea: “Asko dakien horrek ez du bere burua ezagutzen.” Ez da nahiko asko jakitea geure burua ezagutzen ez dugunean; hutsean, hutsaz eta husturik bizi gara hori benetan barneratu ezean. Norberarengan kokatu du orakuluaren izaera, eta norberaren amildegi sakonetan ausardiaz eta gogo biziz murgiltzera gonbidapena egiten digu. Nabari daiteke, zeharka bada ere, Zen filosofiaren zantzuren bat, izan ere Juan Ramon Makusoren ideiak, airera doan jaurtikitzen diren geziak baitira, hauen norabidea urduritasunik gabe beren xedea topatuko duten uste osoan. halaxe aurki ditzakegu “Ibiltzerakoan, bidea egiten omen. Eta guk esan ohi dugu amen” moduko esaldiak.

Juan Ramon Makusoren poesiak ez gaitu astindu gabe utziko. Bere hitzetan lengoaiaren bilaketa oinazetua nabari da, existentziaren mamia topatzeko ahalegina, eta hori gizakiaren irrikarik barrukoenek eta errealitatearen ezinbesteko joerek izaten dituzten harremanen uztarketan aurkituko du.

Bertolt Brecht-ek zioen moduan, ez dira arbolez soilik hitz egiteko garaiak. Erortzen ari den zaparrada absurdu honetan, poetak ezin du estetikan gerizpea bilatu. Eta Juan Ramon Makusok bereak eta bi jaurtikitzen ditu inguratzen gaituen oihan honetan norberak argiturik bidea egin dezan.

Poesia sakon eta biluzia, errotikoa eta gehiegikeriarik gabekoa. Bizitzan aurkitzen ditugun bidegurutzetako aukeraketan lagunduko diguna. Zeren azken finean, bizitzea ez da norberak bakarrik erabakitzea bazik, eta hori mingarria da oso. Badaude nor diren jakitera insten ez diren pertsonak, eta modu honetan heriotzara insten dira. Erromes hauek bidea hasi eta bukatu egiten dute; bidea, benetako bidea, zein izan den jakin gabe, biderik bazen ere konturatu gabe. honetan dakusagu Juan Ramon Makusoren ahalegina, bidea kontzientziaz eta berau ezagutuz aurrera egiteko jarreran.

Horretarako, ez dizkigu ukatuko gure barruko bazterrak nahastuko dituzten hitzak, ez dizkigu ezkutatuko kontzientzia zulatuko dizkiguten pentsamenduak, eta ez dizkigu ixilduko arima etsipenez blaituta utziko dizkiguten gogoetak. Eta momenturen batean, errealitate honetan geure burua hiletsita sentituko dugu, baina ez ditu ahaleginak egingo hori gerta ez dakigun. Tarteka-marteka heriotza aurrez aurre jarriko digu, gure bidearen bidaide, lagun ikusezina bailitzan, eta eskutik helduta daramagula ohartaraziko digu; izan ere, heidegger-en hitzetan “gizakia heriotzarako izakia da” entzun baitugu. Baina Juan Ramon Makuso areago doa eta gertu-gertu daramagula aipatzen digu, gure itzal moduan ondoan jarririk; hona hemen Egunero zurekin poema:

“Egunero egunsentiak
dira nire geroa.
Ez da muga herioa,
nirea bizi-herioa baita.

Elurra teilatuetan neguaren adurra.
Gizakiari ematen zaio
hauts zuriarekin egurra.

Herio, nigan ez zara adurra.
Bai gorputzaren bizkarra,
bai bizkarraren hezurra.
Zuhaitza, zu zara sustrai
hosto eta adarral

Nire bizitzan ez zara hotza,
zu zeu, heriotza.”

Gainera, dotorezia ausarta erakutsiz auzi honetan bere irtenbidea proposatuko digu, hain zuzen ere, Descartes-en “il faut partir” hitzak gogoratuz, izenburu berbera daraman azken poeman.

Hala ere, denaren gainetik poetaren hitzak gailenduko dira. Gogoratuko digu garenaren eta izan nahi dugunaren tartea, jauzia eta, hein handi batean irritsa; baina azkenean absurdoaren lurrinekin uzten digu hizketan, esaterako Denboraren ukituak poeman:

“Izan garelakoan gaude,
iraganari begiratuz pozez blai.
Begiradaren itsutasunak, estutasunak,
lepoan sokaren bidaia gogoratzen dit.
Soka, boga, ziaboga,
itsasoaren bakardadean,
gelditasunean nire ametsen atsedena
olatuen zilarra.
Atzokoa oraina nahi dut
etorkizunean izateko,
konturatu gabe,
ez dena izatea nahi dudala nire baitan,
enborrak galdutako
ezpala galduaren aurkikuntza
basamortuaren ura dela.”

Bestalde, maitasunezko poemak topatuko ditugu “Amodioa” izeneko atalean. Poetaren xamurtasuna leunkiro azalduko zaigu bertso-lerro bakoitzean, filosofiaz aparte, sentimenduak edertri adierazten dituzten zentzazioen agerpenean:

“Itsasoa eta zerua
batzen diren limitean.Zu eta ni otzanean.”

Edo begiradari eskainitako poema xamur bezain eder honetan:

“Zure begiradak, ninian sartu ninduen.
Jendea, zarata, hor nonbait
ez zen nigan sartu.

Zure begiradak, kulunkatzen ninduen.
Espazioak, denborak, ez ninduen
ostu ni.

Zure begiradak, harrapatu ninduen.
Hotzak, euriak, ez ninduen ostu ni.
Ez zait bukatu begirada.”

Jakina da ez direla egun onak lirikarako. Ez gaur, ez orain, ez lehen, eta are gutxiago gero. Etorkizuna beltza da, beltza, iluna eta latza. Baina lerrook laguntzen digute giza izpirituaren garraztasunean argi zipriztinak bereizten. hitz hauetan gauzatzen da izotz-ondoko eguzkiaren berpiztea. Juan Ramon Makusoren hitzak, batzuetan gogorrak eta besteetan gorriak izan arren, gogo onez eta zaharberritze asmoz datozkigu geure itsutasunean argi egitera. hitzak baitira errealitatea gurutzatzen duten geziak. Honela, geziak eta bidearen ideiak talka egiten dute bukaeran. Eta gezi hauek bidea irekitzen digute adimenaren erditzean geure gogoa munduratuz eta geure izaera errealitatean txertatuz. Geure burmuinak ilaundu ez daitezen airea ziztatu behar dugu bidea eginez, bidea bukatuz. Edo goazen denari su ematera Amalia Bautlstak dioskunez:

“Edo goazen denari su ematera
eta bakean geratzera, begi aurrean
munduko ilintien irudia
eta bihotza husturik.”

Gure erromesaldia mingotsa da, baina ausardia behar dugu bideari ekin eta bidea bera egiteko, bidea ekinaren ekinez baino ez baita egiten (eta ez ditut hona Machadoren lerroak ekarriko). horretarako barne erraietako borondate zintzoa eta ausarta behar dugu, oldarkeriaren joeran erori gabe. Easoaren benetako egitura neguan azaltzen da. Udako hostoen lerdentasuna neguko biluztasun antzu eta etsiarekin alderatu ohi dugu maiz, eta gure bihotzak udako joritasuna maite du; baina benetako adarren oinarria, sorburua eta zerizana neguko izpi hotzetan nabarmentzen dira. Arboletako bihurdurak eta norabide anitzak, haien erroak, sakonerak eta teilakapenak agertzen dituzten moduan, honelaxe azaltzen dira hitz hauen ibilbideak. Horra hor Juan Ramon Makusoren ahalegina: giza izpirituaren bidea egiten lagunduko duten motiboen erauzketa gordina, aurrera nabigatzeko lagunduko diguten oihalen hasierako irutea. Horretara bultzatzen dizkigute Makusoren hitzok, emergentziazko oldoztetara. Hain zuzen horixe bera aipatzen zuen Oteizak poesiaren definizioa ematerakoan: “emergentziazko pentsamendua da.”

Dasta dezagun eta murgil gaitezen gezi hauen ibilbideetan. Juan Ramon Makusoren hitzek eta hitz horiek uzten dizkiguten lorratzak norbanako bakoitzaren barneetan arakatzeko giltzarriak eskaintzen dizkigute. Horrelakoak baitira Juan Ramon Makusoren poemak, sakonak bezain motzak, argiak bezain zorrotzak.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta