EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteca

Diario Vasco

2008-05-30 Denbora | Felipe Juaristi

Solasaldi gisa antolaturik dago liburua, solasaldi platonikoaren gisa, hain zuzen. Juan Ramon Makuso, izan ere, eta ez alferrik ez alferreko, filosofo da poeta bezain, edo poeta da filosofo den neurrian. Hitzaurrea Gomez Pin filosofoak idatzi du. Platon bera ere filosofo eta poeta izan zen. Bazekien ahozko hizkuntzarik gabe ez dagoela ezer kontatzerik, bazekien bezala kontzeptu berriek hizkuntza berria eskatzen zutela: hizkuntza idatzia. Poetak, mito sortzaile zirelako, bere errepublikatik kanpora bidali zituen, deserrira. Hor egin zen lehen haustura poeten eta filosofoen artean. Baina Platonek berak ere mitoen bidez ádierazi zuen adierazteko zuena. Hizkuntza poetikoa ez baitago erraz baztertzerik, isiltasunaren truke ez bada. Isiltasuna ere, askotan, oihu egiteko modua da, oihu egiteko modu poetikoa. Solasaldia, ez dezagun ahantz, norberak bere buruarekin hitz egitea da, eta gero elkarrizketa hori besteei zuzentzea. Solasaldia galdera batez hasten da.

Denbora da liburu honen gaia. Lotura izan daiteke, denbora geroak esperantzaren kateaz lotzen gaitu, eta denbora iraganak minaz, urruti-minaz eta denbora-minaz jotzen gaitu. Iraganari begira dagoena ez da bizi; ezta geroaren baitan bere begiak pausatuak dituena ere, ihes egiten die orainak, daukagun denbora bakarrak. Bizitza orainean da, eta orainaz gozatzen ikasitakoan bizitzen ikasiko dugu, esperantza handirik gabe, noski, baina izu handirik gabe ere bai, esperantza eta izua biak eskutik joan ohi dira, gure kalterako. Axularrek hitz gutxiagorekin adierazi zuen esan nahi izan dudana: “Iragana eta ethorkizuna eztira gure. Ioana ioan, ethorkizuna ethorkizun, presentekoa da gure, eta ez bertzerik”.

Makusoren liburua pozik irakurtzen da, poza zer den erakusten duelako, sakonki erakutsi ere. Poza barnean duenak ez du burla-haizerik behar bere poza azaltzeko. Poza barnean duenak tristura guztiak gainditu ditu lehenago. Pozak bere burua du azaltzen, den bezalakoa, tolesdurarik gabea. Liburu pedagogikoa da Makusoren hau, erakutsi egiten baitu. Liburu morala da, baina ez moralari buruzkoa. Helburu askatzailea du.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta