EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteca

Irunero

2004-11 Bizitzea abiatzea dela onetsi ondoren, hiltzea irabazi du ezinbestean | Mikel Asurmendi

“Bizitzeak hil egiten du”. Horrela dio poesia liburu honen izenburuak, baita Juan Ramon Makuso poetak esan ere. Poeta eta filosofoa. Poesia —hitzaren artea, menturaz eta ausaz, noski— menderatu nahian ari den filosofoa. Poesia hitzaren artea baita, hitza menderatzeko artea, munduan egoteko modua. Areago eta hobeto poesia —nik uste—, poesia elkarren arteko hitzen aldatzea bihurtzen bada, munduan elkarrekin egoteko modua bihurtzen bada.

“Bizitzeak hil egiten du”. Horra axioma. Alta bada, Juan Ramonen hitzak hausnartu ondoren, beldur naiz ez ote garen hiltzen ari, baina gero eta gutxiago bizitzearen ondoren. Hilak gogoratu ditugu hilabete honetan, eta beldur naiz, ez dakigula hiltzen, ez dakigula bizitzen, ez dugula gure burua ezagutzen.

Jaio eta hil, zirkulu baten bi muturrak dira. Eta bi mutur hauek lotzen duen haria “bizitzea”. (H)ari izan gabe ezin bizi, eta ezin hil bizi ari gabe, bizitzen ikasi gabe. Bizitzea paseatzera ateratzea bada, bidea ezinbestekoa da. Bizitzea, bide egitea, kontrakarrean joatea da. Ezagutzea. Ezagutu nahi izatea, izatea pentsatzea baita. Argiak eta itzalak. Itxaropenak. Eta bidean jaustean berriz ere jaiki, bakarrik eta bat eginez, amodioan eta amildegian.

Eta hitzok ez dira nireak, oldozpenok, poetak iradoki dizkit. Hitz batzuk poetari berari maileguz hartu dizkiot gainera. Izan ere, amodioa besteen baitan lekutzea bada, esan dezagun poesia besteen hitzekin eta besteen hitzetan eta beren baitan murgiltzea dela.

Nik neronek, nire ezjakintasunean, besteen baitan lekutzeko duen gaitasunarekin berarekin, hitzen barrena bide egiten jarraitzeko gomendatuko nioke Juan Ramon Makuso poetari.

Zirkulu gisa hartu duen bizitza honetan barrena segitzeko, bizitzea abiatzea dela onetsi ondoren, hiltzea irabazi baitu ezinbestean.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta