EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxean Agirre Odriozola > Hemeroteca

Berria

2008-12-30 «Beti dago beste norbait izateko gogoa» | Juan Luis Zabala

Internazionala-ren hitzetatik hartua du Joxean Agirreren (Azpeitia, 1949) nobela berriak La lutte finale (Elkar) izenburua, baina beste «azken borroka» bat ere ageri da obra horretan: gizakiak bere gorputzaren gainbeheraren aurka egiten duena. Gizaki garaikidearen hainbat ezintasun eta frustrazio uzten ditu agerian Agirreren nobelak bi borroka horiek zedarritutako eremuetan.

«Bakarrak, ezberdinak eta hilezkorrak izan nahi dugu, baina arruntak, hutsalak, osatu gabeak eta hilkorrak gara», dio La lutte finale nobelako narratzaileak pasarte batean. Azken batean guztiz ordezkagarria da, beste edozein pertsona bezala.
Ordezkagarritasunaren gaia da nobelaren ardatza. Baina ideia horri garapen filosofiko bat falta zaio nobelan. Ez dauka. Nik uste dut gizaki modernoaren inguruan dudan sentipen baten agerpena dela gai hori, baina hori ere ez dakit seguru. Inpresio bat hartu eta horren inguruan jardun egin dut, besterik gabe. Plano sexual eta afektiboan agertzen da batez ere ordezkagarritasunaren gaia. Aurreko nobelak [Romain zen bere izena, Elkar, 2003] bazuen gai nagusiari buruzko, hau da, sormenari buruzko, oinarri filosofiko bat, hainbat egileren irakurketaren ondoriozkoa. Baina La lutte finale-n ez dago halakorik. Hasi nintzen horretan, baina gero ez nuen beharrik ikusi. Eta nobela honetan oinarri filosofikorik izatekotan, gai horren inguruan egon behar zuen: zergatik gara ordezkatzeko modukoak?, zergatik gara hain berdinak denok?»

Beste norbait izateko gogoa ere agertzen da. Zure beste nobela batzuetan ere oso presente dagoen gaia da hori.
Bizitza bat egokitu zaigu, bakarra, eta beti pentsatzen dut pixka bat deprimigarria ez ote den behin biziko eta bizitza horretan pertsona bakarra izan beharra, beste inor izateko aukerarik gabe. Beti dago beste norbait izateko gogoa, beste leku batean, beste norbaitekin... Horrek definitzen du gizakia. Abereek ez dute horrelakorik. Aberea lurrralde bati lotua dago, eta hura defenditzen saiatzen da; gizakia, aldiz, beti ari da lurralde berrien bila, konkistatu nahian edo. Xabier Amurizak ederki idatzi du horretaz Orain ezin naiz hil nobela berriaren lehen kapituluetan; Jainkoak gauza bat egin eta atseden hartu zuela dio Amurizak, baina artistak, drogazaleak bezala, ezin duela atseden hartu, eta hori dela gizakiaren patua; behin sormena probatzen baduzu, berriro nahi duzu, eta gero berriro... Uste dut Pascalek esaten zuela gizakiaren atsekabe guztiak hortik datozela, nor bere etxean lasai ezin geratze horretatik. Neuk ere gero eta gehiago sentitzen dut hori egin beharko genukeela: etxean sartu eta hantxe egoten ikasi.

Amodiozko istorio gehienak gaizki-ulertze batean oinarritzen direla dio narratzaileak.
Amodiozko istorioen lehen fasean bestearen dohainak exageratu egiten dira, eta akatsak ez dira ikusten. Alderantzizko perspektiban, norberak sentitzen du ez dela besteak uste duena. Nik uste dut gaizki-ulertu bat egon delako sentipen hori egoten dela beti amodiozko istorioen lehen fasean. Dena den, esaldi hori esaldi biribil horietako bat baino ez da.

Gorputzaren gainbeheraren isla zuzen gisa agertzen da nobelan ezintasun sexuala oro har, eta zakilaren indar galtzea bereziki. Metafora bat da? Izango da genitalitateari garrantzi handiegia ematen diozula uste duenik, edo falozentrikoa zarela iruditzen zaionik ere.
Gizonezkoak patetikoak garela esaten eta errepikatzen dute emakume guztiek. Baina nik uste dut zakila ez altxatzearena, edo behar bezain erraz eta sarri ez altxatzearena, kontu larria dela gizon guztiontzat. Izan daiteke metafora bat, baina errealitate bat ere bada. Txisteen eremuan-eta horrela bizi dugu sexualitatea, eta seguru asko txisteen atzean benetako izua gordetzen da. Egia da nobelan genitalitatean zentratzen dela gizonezkoen sexualitatea, baina uste dut gizon gehienok sentitu ere horrela sentitzen dugula.

Gorputzaren gainbeheraren aurkakoaz gain, beste lutte finale edo azken borroka bat ere ageri da nobelan: Internazionala-ren hitzetan aipatzen dena. Pertsonaia batek, Garibaldik, 68ko Maiatzaren garaiko ideiak ditu gidari oraindik ere, zalantzari tarterik utzi gabe. Beste bat, aldiz, narratzailea, zalantzetara emanagoa da.
Kontraste horrekin jokatu nahi izan dut. Ideiei gogor eusten dieten irizpide sendoko pertsonenganako mirespen bat agertzen da nobelan. Narratzaileak mirespena dio Garibaldiri, baina aldi berean badago pieza bakarreko pertsona horienganako distantzia bat ere; aldatzen eta egokitzen jakitea ez ote den hobe, pixka bat plegatzen edo burua makurtzen...

Zu zeu, norengandik sentitzen zara gertuago?
Narratzailearengandik, dudarik gabe. Ez naiz ni, baina oso neureak diren gauzak sartu dizkiot etengabe. Eta alderantziz ere bai: haren gauzak hartu ditut nik neuretzako; badago hor nolabaiteko joan-etorri bat. Julio Cortazarrek esaten zuen idazle bakoitzaren barruan psikoanalista bat zegoela. Nik ez dut uste hala denik beti, baina egia da idazteak aitorpenerako bidea ematen duela, abantaila batekin: psikoanalisian zure egia kontatu behar duzu zehaztasunez, baina literaturan zure egia kamuflatu dezakezu, zure bizitza kamuflatu dezakezu, eta horrela erosoagoa da. Ezagutzen nautenek esaten dute behin eta berriz kontatu dizkiedan gauzak aurkitzen dituztela nire nobeletan, eta egia da.

Baina literaturtasuna ere zaindu behar da, ezin da edozer eta edonola kontatu.
Ez, ez, jakina. Edozein aitorpenek ez du balio. Baina nobela honen kasuan, narratzailearen ibili hori dago, bere parentesiekin, bere digresio txikiekin, tartekako burutazioekin... Ez dut burura lehenengo etorritakoa idatzi, baina bai burura maiz etorri zaizkidan kontuak. Eta narratzailearen ahotsarekin gustura geratu naiz.

Zeren arabera erabaki zenuen kontaketaren egitura?
Hasieratik izan nuen garbi erraz aterako zitzaizkidala gaizki-ulertu banatan oinarritutako hiru, lau edo bost amodio istorio, autonomoa bakoitza bere aldetik, eta gero horiek lehenengoaren bidez lotuko nituela. Alde horretatik begiratuta, trama nahiko ahula dela esan daiteke, baina iruditzen zait istorio bakoitzak arnasa ematen diola nobelari. Istorioetan dibertsio puntu bat ere badago, eta uste dut horrek arindu egiten duela nobela. Eroso egin zait idazteko orduan.

Zertan da antzeko eta zertan diferente La lutte finale zure gainerako nobelen aldean?
Estiloa antzekoa dela uste dut. Nire nobela guztietan narratzaileak sekulako garrantzia hartzen du, gainerako pertsonaien kaltetan. Gaia dute ezberdina nire azken bi nobelek, Romain zen bere izena-k eta La lutte finale-k; narratzailearen diskurtsoa aldatzen da horrenbestez; baina estiloan, idazteko eran, oso antzekoak dira biak. Nahiz eta gaia aldatu, estiloaren aldetik beti gauza bera egiten ari naizelako inpresioa dut.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta