EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Mª Velez de Mendizabal Azkarraga > Hemeroteca

Euskaldunon egunkaria

1998-10-03 Euskal espien beste bat | Mikel Aldalur

txaro Bordaren Amaia Ezpeldoirekin batera, azken urteotako euskal literaturak eman duen ikertzaile ezagunena dugu dagoeneko Kosme Zubia, Josemari Velez de Mendizabalek duela sei urte sortutako pertsonaia. Bien artean, hala ere, bada ezberdintasun agerikorik. Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi detektibe errurala den moduan, Velez de Mendizabalen Kosme Zubia espia hiritarra dugu. Euskal lurretan gertatzen direnak ditu lehenak ikergai; bigarrenak, berriz, nazioarteko hainbat nahasmendu argitzen ditu. Bordak Amaia Ezpeldoirekin bezala, ordea, Velez de Mendizabalek ere trilogia osatu du dagoeneko Kosme Zubiarekin. Eta trilogia horren hirugarren emaitza da hizpide dugun Samurai berria.
Aramaion jaiotako arrasatearrak, beraz, bidea egina du gurean. Enpresa eta ekonomi zientzietako lizentziaduna, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izana eta gaur, egun Eusko Ikaskuntzako gerente dugu Velez de Mendizabal, eta biografiak eta saiakerak ere idatzi izan ditu. Sebero Altube, Jokin Zaitegi, Gaizka Barandiaran eta Sixties horien artean. Literaturzaleok, berriz, Kosme Zubia protagonista duten liburuengatik ezagutzen dugu. Duela sei urte argitaratu zuen lehenengoa: Yehuda, nazioarteko arma-trafikoarekin batera, palestinarren eta israeldarren arteko borrokak oihal nagusi dituen eleberria. Han ezagutu genuen euskal irakurleok Kosme Zubia.
Euskal espia horren ibilerek, gero, Moskun izan zuten jarraipena, isilpeko Gerra Hotzaren operazioak eta sekretuak biltzen zituen Moskuko gereziak (1996) liburuan. Oraingoa, beraz, Kosme Zubiaren espioitza lanen hirugarren liburua da. Samurai berria honetan, agerian gelditzen da beste behin —inoiz baino areago, gure iritzirako— egilearen etengabeko bidaiek eta nazioarteko merkataritzaren ezaguerak liburuetan duten isla. Nabari da Velez de Mendizabalek ederki ezagutzen dituela liburuan aurkezten dizkigun lekuak, batzuk bertan izan delako eta beste batzuk Internet bidez ezagutzeko aukera izan duelako.
Egiantzekotasuna darie liburu berri honen orriei. New Yorken zein Tokion dabilenean protagonista, gertaerak sinesgarriak dira. Kosme Zubia, oraingo honetan, New Yorken dabilenean, japoniarren enkargu bat betetzeko asmoz. Bere bidera, ordea, ustekabeko hainbat kontu agertuko dira, CIAk eta FBIk bazterrak harrotuko dituzte, informatikariek eta kazetariek izango dute lekurik eta, gainera, Txina eta Japoniako mafiek eta haien buruzagiek ere izango dute zer esanik. Hainbat osagai baditu ere istorioek, beste behin espioitza eleberri arina eta entretenigarria eskaini digu bere burua idazletzat ez duen idazle honek. Aurreko bi eleberriak bezala, Samurai berria hau ere ez da beharbada euskal literaturaren antologia handietara iritsiko. Ez da formalki landutako literatura lan handi eta eder horietakoa. Horregatik izango du zaila urrezko antologietan sartzea. Baina, gainontzean, berehalakoan irakurtzen diren eleberriak dira Velez de Mendizabalenak. Baita azken hau ere.
Hots, istorioen intrigak irakurlea orrialdeetan kateatzen du. Nabarmena da hori azken eleberri honetan. Nabarmena da Josemari Velez de Mendizabalek nazioarteko politikaren ezaguera bezainbeste menperatzen duela intrigaren legeen erabilera. Osagai horiek nahasteak, azken buruan, eleberri irakurterraz bihurtu dute Samurai berria, eta liburuaren euskara arin eta biziak lagundu egin du emaitza horretan. Nahikoa dugu hau liburua gomendatzeko lerro hauen irakurleei. Orain artean esandakoaz gain, ordea, bada beste arrazoirik ere liburu honen aldeko iritzia plazaratzeko. Izan ere, azken urteotan ez baita gehiegi landu euskarazko espioitza eleberrigintza. Hutsuneak betetzera heldu eta eremu horretan ia klasikoa dugu dagoeneko Velez de Mendizabal. Eta eremu hau menperatzen duenaren emaitza berria dugu, berriz, Samurai berria. Irakurri beharrekoen zerrendan liburu berria, alegia.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta