EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Luis Alvarez "Txillardegi" > Hemeroteca

Argia

1988-11-20 Haizeaz bestaldetik | Dabid Zuazalde

Liburu hau lehendik ezagutzen genuen, 1979an argitaratu baitzen, eta guk dakigunez erderara itzuli ere bai, “Allende al viento” izenpean, Txillardegiri itzuli dioten bakarra itxuraz, onena delakoan edo; badirudi ez zuela arrakasta handirik izan, ez euskaraz ez erdaraz, eta bolada luze batez utzixea izan du Jose Luisek literaturaren langintza, harik eta aurten Exkixu pamosoa kaleratu zaigun arte.

Ezagutu ezagutzen genuela esan dugu, baina irakurri… inguruan hasi gara galdezka eta ia inork ez du irakurri. Batek 20. orrian utzi omen zuen, besteak erdian… Izan ere, astun samarra baita “Haizeaz bestaldetik” hau. Egileak bere pentsakera osoa bertan hustu nahi izan zuen, bere filosofia literatura bihurturik isladatu. Irakurleari kontsesiorik egin gabe burutu zuen lan hori, eta horrela kostata lortuko du txillardegizaleak maisuaren mundu ikuskera antzematea, bere ikaspidea entelegatzea. Meritu gehiago hartara, lortzen duenarentzat.

Lan hori erraztearren, elkarrizketa zati batzuk erantsi dizkiote Elkarrekoek liburu atarian. Txillardegik Pako Aristirekin La Vozentzat orain urte batzuk egindako solasaldia da, eta bertan liburuaren azalpen bat dator, ulertu nahi duenarentzako maratila eta irakurketan abiatzen denarentzako makulua.

Nobelaren aurretik, lehen argitalpen hartan bezala, Joxe Azurmendiren hitzaurrea, nobelagintzaren zahar/berri eta esperimentuez ari dena; interesgarria, Azurmendik egiten duen oro bezala nahiz garai hartako kutsuak gaur hainbesteko baliorik ez duen (Saizarbitoriaren bidearekiko lehi modukoak etabar). Joxe beti zintzo, agindutako lana betetzen.

Konta dezagun zerbait nobelaz. Exkixuren antipodetan dago: horretan dena da ekintza eta honetan batere ez. “Haizearen bestaldetik” elaberri poetiko edo, hobeki, metafisikoa da, Leturia eta Peru Leartzakon bezala bizitzaren nahi eta ezin, kinka eta kezkez diharduena, baina pertsonaia barik, aipamen espazio-tenporal argi barik. Aitzitik, badu zati ederrik, pasarte landu eta bikainik.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta