EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Luis Alvarez "Txillardegi" > Hemeroteca

Zeruko Argia

1980-03-02 Haizeaz bestaldetik (Txillardegi) | Josu Landa

Iaz agertutako liburu hau, aurrerakoekin hamar urtetako aldia izanik, laugarren “txillardegikumetxoa” dugu, literatur idazlanei bagagozkie behintzat. Arrazoi nahikoa da hau euskal letren mundutxoan gabiltzanon begiak haren orrialdetara bultzarazteko. Eta pazientzia apur bat eta pote batzuen laguntzaz horrelako tamainako enpresa aurrera bukatu arte eraman ahal izan dugunok, zorte berdina ukan gabe, bide erdian etsi behar izan dutenekiko elkartasuna adierazteko beharrean aurkitzen gara. Benetan zaila gertatzen bait da idazti honen irakurketa, Txillardegik berezko duen zailtasun linguistikoari zailtasun sinboliko eta literario bat gehitu behar bait zaio honetan.

“Haizeaz bestaldetik” liburuan aldez aurretik nobelaren kontzepzioa zalantzan jartzen da —literatur generoen betiko eztabaida nolabait mamituz— zaila gertatzen bait da, geroago ikusiko dugunez, termino generiko baten azpian ezartzea Txillardegiren idazlan hau. “Haizeaz bestaldetik” nobelan ez zaigu gertaera edo historia bat (zentzu tradizionalean hartuz) kondatzen, baizik eta sinbolo mundua eta gertaera itxura duten elemendu batzuen sinbiosiaren bitartez, Txillardegiren nobelagintzan ohizkoak diren giza arazoak tratatu nahi izan ditu idazleak. Beraz nobela tradizionalaren elemenduak —pertsonaiak, denbora, lekuak, e.a.— sinbolikoak bihurtuz nobelaren mugak poesiaren mugetara hurbiltzen dira idazlan honetan. Egitura ere sinbolikoa bilakatzen du egileak nobela honetan. Zazpi aldiz zazpi kapituluz egina dago liburuaren azaleko egitura, liburuaren bukaera hasera bihurtuz, eta honela egitura guztiz zikliko eta sinboliko bat lortuz. Nobelaren sinbolismoa kontraezarketa binario baten gainean eraikita dago: itsasoa (infinitoa, mugagabea, mogimenduz beteta) eta lakua (finitoa, mugatua, geldia) eta bi elemendu hauetatik abiatuz sinbolo mundu guztia eraikitzen du; beste elemenduak, itsasoari eta lakuari dagozkien neurrian izango dira adierazgarri eta baliodunak. Nobelaren mamia —mamirik baldin bada— finito eta infinitoaren —materialismo eta traszendentziaren— arteko ibilaldi neketsua dela esan genezake. Neurri handi batean —aurreko nobeletako neurri berean— kutsu biografiko batez idatzita dago, sendimenduak eta bizipenak biografi metafisiko baten bidez adieraziz. Interpretapen zentzu berdinean ulertu behar dira azaltzen diren toponimiak ere (Soustons, Getharia, Igeldo). Bi elemendu hoien arteko ibilaldi edo bidaian, ametsak eta oroitzapenak azaltzen dira ugari, oposizio, pilaketa eta errepikak nobelan zehar hainbat aldiz erabiliz.

Azken nobela hau beste aurreko hiruren aurrean ezartzen badugu berehala ikusten da izugarrizko aldaketa eta ezberdintasunak daudela, forma planteiamenduen aldetik batik bat —preokupazio eta kezka filosofikoak berdinak bait dira denetan—. Narratzailea erabat baztertu eta aldatu du, narrazio haria guztiz apurtuta gelditzen da, eta idazlea molde tradizionaletatik libre dago molde berriak asmatzearren. Honen zergatia edo arrazoia, haustura erradikal horren arrazoia alegia, aurkitu nahi balitz, aski genuke Txillardegik eraman duen desarrollo literarioa begiratuz. Nire iritziz, frustrazioaren semea dugu “Haizeaz bestaldetik”. “Leturia”ren bitartez bide berriak kasualitatez asmatu zituen idazle bat, kritikak hankaz gora uzten du geroko bi nobelaren —”Peru” eta “Elsa”— hankasartzeengatik. Horregatik sortzen den frustrazioaren erreakzio bezala, lehengo hankasartzeei ihes egin nahi dien gauza erabat berri bat egin nahi izan du Txillardegik. Gehiegizko hertsitasun batean erori dela aitortu behar, nire ustez. Baina fruitua hor dago, bere ukaezinezko garrantzi eta funtzioaz.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta