EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Arretxe Perez > Hemeroteca

Argia

1995-07-16 Abenturak literaturarekin errimatzen du | Juan Martin Elexpuru

Jon Arretxe idazle, filologo eta abenturazale basauritarra jatorrizko tituluzale da, “Hakuna Matata”en atzetik “Tubabu” (Gizon zuria) ekarri baitigu. “Hakuna Matata”n (Labayru 92) sei narrazio eskaini zizkigun, atseginak, irudimenez eta sorpresaz beteak. “Tubabu” bidai liburua dugu. Berari entzun genion agian fabulaziorako irudimen gutxitxo duelako edo jo duela bidai liburura. Bi liburuak irakurri ondoren nik ez diot irudimen faltarik somatzen.

“Tubabu”k Afrikako iparraldea bizikletan zeharkatuz egindako bidai luze eta nekosoa kontaten digu. Liburua bidai-egunkari gisa tajutua dago. Luma arinez eta zehaztasun handiz doa herri-sarrerako ume-multzo galderatsu eta jolaszaleetatik Algeriako familia islamikoen baitara. Saharako ataritik desertuen desertu den Tanezruft lazgarri eta xarmaz betera. Funtzionarioen mafiagatik bizitza arriskuan ikusten den Maliko mugan, eta hodeiertzean, beti, liburu hasieratik giroa lurrintzen duen tuareg mitikoen balizko mehatxua. Gero, abioiko parentesiaren ondoren, Afrika beltza ezagutuko dugu, guztiz desberdina, bere herri kaotiko, oihan beltz eta neska-begirada are beltzagoekin.

Abenturazalea denak ezin gustorago irakurriko du liburua, eta baita paperezko abenturazale denak ere. Ezer kritikatzekotan, nire gusturako liburuaren formatoa monotonoegia da. Kapitulu gehiegitxo du (72) eguneko kontakizunari atxikiegiak. Afrikako bi herri-ipuin zoragarri dakarzkigu, ederki kontatuak, gehiagoren egarriz uzten dutenak. Eta idazleak sobran duen irudimena lotuegi ez ote duen izan iruditu zaigu, herabegi ez ote duen jardun, bere ia lehen liburua delako, beharbada.

Idazle ezohizkoa jaio da euskal literaturara, kontalari aparta, euskara senez eta erraztasunez darabilena, zeresana emango duena euskal literaturaren mundu hertsi samar honetan, literaturan bizitzan bezain arriskuzale agertzen bada hehintzat.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta