EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

Diario Vasco

2001-12-22 Kanonaren bila | Felipe Juaristi

Literaturan entomologoen modura dabiltzanei kosta egingo zaie Jon Alonsoren hau kokatzen, ez baita sailkatzen erraza. Eleberria delakoan nago, baina ezin fida, saiakeratik ere askotxo baitu. Azaleko marrazkiari erreparatuta, gainera, pentsa daiteke zientzia-fikziozko lan bat dugula, izan ere martetarrak, zientzia arloan irudikatzen ez baditugu, fikziozkoan irudikatu behar derrigor. Abiapuntua, gutxienik, kurioso samarra dugu: martetar bat jaisten da Euskal Herri gurera, eta frantziskotar bat jartzen du lanean, euskal literaturaren kanona egin dezan. Martetarrak Arantzazuko frantziskotarra lan horretarako aukeratzea ez da, berez, harritzekoa, jakinik frantziskotarrek zenbat lan egin duten euskararen alde, eta euskararen aldean, biak ez baitira beti bat izaten, eta eskuarki kontrajarrita ere ikusi ditugu. Frantziskotarra Kolko Mitxoleta (ironia ezta?), euskal ikerlaririk ospetsuenaren bila abiatuko da, hura Amazoniako tokiren batean baitago gordeta.

Eta abentura bat baino gehiago bizi izango ditu frantziskotarrak, bere kanona, edo kanonizazioa, lortu aurretik. Ironiaz dago idatzita, hala uste dut behintzat. Kolko Mitxoleta, Bribon Parasola hitzek helburua halakoxea dela pentsatzera bultzatzen naute, nahiz aitortu behar dudan izen-abizenekin egindako joko “sinpatiko”ak ez ditudala gehiegi maite.

Eta pasarte batzuk funts gabekoak iruditu bazaizkit ere, aitortu behar dut idazketaren arintasunak, eta zenbatetan graziak, harrapatu egin nauela, bukatzeraino. Pasarte batzuk funts gabekoak direla esan dudanean nahasi samarrak direla esan nahi nuen, kriptikoegiak, nik bezala giza jendearen zintzotasunean eta inozotasunean eta tasun guztietan sinesten duen batentzat. Baina ezin esan testu neutro eta aseptikoa denik. Kanona behar dugula uste dutenek ezustekoa hartuko dute liburua irakurrita, literatura unibertsala maite dutenak gozatuko dira Jon Alonsok Borges eta abar hartuta egiten duen parodia ikusita. Azkenik, erantsi behar, ez dakidala nor den martetarra. Nor izan daiteke Jo Juaaaaaaaaaaaarrrggggsssfff? Jainkoa?

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta