EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

El Correo

2001-12-19 Agur, Darwin | Harkaitz Cano

Izen buru horixe du Jon Alonsoren azken liburuak. Saioak galderak plazaratu eta irakurlea pentsarazteaz gain, liburu dibertigarriak izan daitezkeela frogatzen maisua da bera, “Camembert helburu” entsegu nobelatu gogoangarria oroitu besterik ez dago. Nobelaren ahitze-higatzearen aurrean zer egin badakien gutxi horietakoa da Alonso, eta garbi utzi zuen hori duela hilabete pare bat “Euskal Karma” rapsodia klasifika gaitza aurkeztu zuenean ere. Beste era batera esanda, Jon Alonso, izar adina arratoi dituen Literatura Hoteleko errezepzionistari egin dakiokeen alukeriarik handiena da: harrera-zain gajoak ez luke sekula Jon Alonsok ematen dion giltza zein kasillerotan sartu jakingo. Ez al da hori berez miresgarria, giltza klonikoen gure sasoi honetan?

Irakurri ahala azpimarratzen duen liburu horietakoa da “Agur, Darwin”. Asko dira bertan ukitzen diren gaiak: klonaziotik hasi, txakoliña bezalako edari bat hartuta egiten duen Euskal Herriaren parabola dotorearekin jarraitu eta, nola ez, gure hizkuntzaren eta gure gatazkaren gaineko erreflesioekin bukatu. Filologoen tiraniaren aurrean, euskal hitzen esanahi zehatzaz arduratu beharko genukeela aldarrikatzen du Alonsok: irakurle euskaldunak euskaraz baino gazteleraz irakurri nahiago izatearen gakoa hor baitago, besteak beste: hitz askok ez dute esanahi garbi bat, ez dira gaztelerazkoak bezain erraz lotzen objektu eta sentimendu jakin, konkretu eta denok konpartitzen dugun batekin. Emotibidadea lortzea zailagoa da hitzen esanahia lausoa denean. Ongi hausnartutako pentsamendu zorrotzez gain, estimatzen da idazleak egiten duen ñabardura, matiz eta kontrasteen ehiza hori, zoritxarrez urriak baitira egun, Nabokoven salabardoak, tximeletak harrapatzeaz gain, ñabarduren harrapaketarako ere balio duela erakusten diguten kasuak.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta