EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Irati Jimenez Uriarte > Hemeroteca

Gara

2006-11-11 Ezinezko normaltasuna | Aritz Galarraga

Liburu bat irakurri aurretik aurreiritziak sortzeko ohitura txarra dugunok ezin izaten diogu kontrazalaren tentazioari iskin egin. Hauxe irakur daiteke Bat, bi, Manchester nobela laburrarenean: “Ezinezko amodio baten kontaketa da”. Ezinezko amodioa, bi pertsonaien artekoa: “batetik, itzultzaile diharduen baina idazle izan nahiko lukeen kontalaria dugu: homosexuala, uzkur samarra, porrot batetik irten berria; bestetik, Aitor: dena beti erraza izan zaion mutil guapoa, aktorea, heterosexuala”. Eta, bien artean zer gertatuko? Kontrazalean, nola ez, erantzuna: “adiskidetasun estua sortuko da, baina desira bete ezinaren itzala sumatuko da uneoro”. Mm, ados, heterosexual batez maitemintzen den homosexuala beraz.

Kontua da ea gero literatur lana kapaz den aurreiritzi horiek zalantzan jarri eta iraultzeko. Eta, ondorioak aurreratzen nabil, baina sentsazio gazi-gozoa utzi dit Irati Jimenezen estreinako narrazio lanak. Liburua txukun idatzita dago, irakurketa atsegin eta arina du eta ofizioa ezagutzen duen idazle berri baten deskubrimendu gozoa ere bada. Baina pertsonaia nagusia den kontalaria homosexuala izatearen aukeraketak eta, batez ere, pertsonaiari emandako trataerak zalantza batzuk sortu dizkidate. Liburuari plus bat gehitu beharrean, kontaketaren borobiltasunari kalte egiten dio, kritikarako eskaintzen didaten tarte honetan aipatuko ditudanengatik.

Izenlaguna bera zalantzan jartzeko modukoa den arren (nobela irakurtzen duenak berehala igarriko dio zergatik), homosexuala den pertsonaia aukeratu da “ezinezko” maitasun baten pertsonifikaziorako. Ezen bera baita “erortzen” dena, bestea, heteroa, nahi duenean nahi duenarekin oheratzen den bitartean. Eta homosexualaren estereotipaziorako manualak dio berezko joera dutela heterosexualez maitemintzeko, joera etengabeko desesperazio egoerak bizitzeko: “idatzi gabeko nobelak eta lortuko ez dituzun heterosexualak. Frustrazio iturri amaigabea dira”. Eta ez dut ezer estereotipoen aurka, baldin eta horiek deuseztatzeko erabiltzen badira, jakina.

Rikardo Arregik artikulu batean adierazi zuen zail egiten zaiola “gay eta lesbianei buruz euskaraz idazten diren poema ustez egoki eta modernoak irakurtzea iruzurra eta adar jotzea eta auzo lotsa sentitu barik”. Ez dut uste, inondik inora, idazle gasteiztarraren baieztapen horrek liburu hau definitzeko balio duenik. Gainera, Irati Jimenezen partetik, euskal literaturan oraino berde dagoen errealitatera egindako gerturatze zintzoa dela iruditzen zait. Baina hauxe da planteatzen dudan galdera: Bat, bi Manchester nobela laburreko protagonista zergatik da homosexuala, “lehen mailako ipurdi estua” protagonistaren beraren hitzetan? Kontaketari ukitu exotikoagoa ematearren? Lagun homosexual bat daukazula aitortzea moda-modan dagoelako? Badakit ezetz, erantzun hauetako batek ere ez duela Jimenezen intentzioekin bat egiten. Irakurketa berbera izango ote luke nobelak ezinezko maitasuna bestelako pertsonaien artean gertatuko balitz?

Eskertzekoa litzateke etorkizunean aipatu Arregiren testuan mentatzen den ideia hau kontuan hartzea: “uste dut euskal literatura (euskal literaturaren zati handi bat behintzat) azken urteotan bide bigun eta eztizkoetan behera doala, badirudi ez duela balizko irakurleengan arazo handirik sortu nahi ez forman, ezta mamian ere. Balizko irakurleari gehiago gustatuko litzaioke istorio presentableago bat, non gaiztoak eskubiko eta katolikoak izango liratekeen, jendea solidarioa homosexualekin eta denak zoriontsuak Heidi Alpeetan bezala. Baina, sentitzen dut, mundua ez da horrelakoa”.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta