EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Castillo Suarez García > Hemeroteca

Hitzen Uberan

2014-05-14 Castillo Suarez, Peru Abarka sariaren irabazlea: "Irudigileak askatasun osoz jardutea nahiko nuke" | Uberan

2014ko Peru Abarka Album Lehiaketak badu lehen saritua: Castillo Suarez.

Zerua berun lanari esker irabazi du album ilustratuen arloko sariketa. "Estilo aldetik ahalegin handia egin dut testu iradokitzaile bat egiteko", idazle nafarrak aditzera eman digunez. Orain ilustratzaileen txanda da, beraz. Idatzia zein izango den argitu ondoren, berau irudiz osatzeko proposamenak aurkezteko epea dago orain zabalik, ekainaren 27ra arte. Hauxe saria: liburua album formatuan argitaratzea Ibaizabal argitaletxearekin eta 1.700 euroko diru-ordaina.

 

“Barne-bidaia baten flash itsugarriek osatzen dute Zerua berun, prosaren eta poesiaren artean zangalatraba idatzitako lana. Lerrokada sendo eta irudiz beteen bitartez, egileak bere baitako zauriak arakatzen ditu –oroimena, haurtzaroa, amodioa, inkomunikazioa, erbestea…– gristasun itogarritik askatu nahian. Paralelismo eta enumerazioen ugaritasunak ozenagotu egiten dute ahapeka baizik menturatzen ez den ahots sakona”. Peru Abarka Sariaren epaimahaiak argudio hauek baliatuz hobetsi du Castillo Suarezen lana. Behin testua zein izango den erabakita, ilustrazioa lantzen hasteko garaia da. Baina ilustratzailea ere lehiaketa bidez hautatua izango da. Ekainaren 27an amaituko da aurkezteko epea. Hauexek oinarriak eta esteka honetan Castillo Suarezen idatzia.

Zerua berun lanarekin irabazi duzu Peru Abarka album lehiaketa. Hau izango da zure lehen albuma, ezta? Edo aurretik plazaratu al duzu antzekorik?

Helduendako egiten dudan lehendabiziko albuma izanen da hau, bai. Oso pozik nago oso album gutxi argitaratzen direlako eta, zer esanik ez, euskaraz.

 

Zerua berun, gainera, argitaratua izango da. Akaso saria bera baino pozgarriago izango da hori: garai aldrebes hauetan, idatzitakoa argitaratua izango dela jakitea, ezta?

Albumak ekoiztea oso garestia da, eta zaila da albumak plazaratzea, areago helduendako badira. Euskal Herrian bi lehiaketa daude albumak saritzen dituztenak, Etxepare eta Peru Abarka, eta bietan sariaren barruan dago argitalpena. Bestela oso zaila litzateke argitaratzea.

 

 

 


 

“Ez dut maite marrazkilarien lana gidatzea”

Ilustratzailea hautatzeko epea ireki da orain. Jakin-mina izango duzu. Pentsatzen dut hartu-emanik izango dela ondoren, zure eta saritua izango den ilustratzailearen artean?

Uste dut ez diedala lan erraza utzi, testua hariz osatutako filigrana bat delako. Baina irudigileak askatasun osoz  jardutea nahiko nuke. Ez dut maite marrazkilarien lana gidatzea.

 

Poesiaren eremuan ezagutu zaitugu. Hainbat poema bilduma eman dituzu argitara. Zerua berun al duzu prosa edo narrazio arloko lehena?

Albumen ezaugarririk nabarmenena da testua eta irudiak osagarriak direla. Alde horretatik, garbi neukan ezin nuela narrazio klasiko bat egin. Estilo aldetik ahalegin handia egin dut testu iradokitzaile bat egiteko. Nik prosa poetikoa deituko nuke, baina narrazioa edo poesia den erabaki beharko banu, poema luze bat dela esango nuke.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta