EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asel Luzarraga Zarrabeitia > Hemeroteca

EIE

2008-06-19 "Nire zalantzetatik zalantza sortu gura diot irakurleari, inguratzen gaituen errealitatea, sistema, gizartea, zibilizazioa guztiz zalantzakorrak direlako" | Hasier Rekondo

"Abaraska (Txalaparta, 2008) ez da liburu konbentzionala ez erreza. Labirintikoa da", esan duzu.

Bai, agian une batean kanpotik etorri zitzaidan ideia izan da. Orain, ordea, idazten ari direnek dioste ez dela batere zaila, ondo jarraitzen dela. Baten batek idatzi dudan eleberririk interesgarriena dela ere esan berri dit. Egia da 9 istorio doazela bata bestearekin gurutzatzen, lotura ematen dien haria os mehea dela, baina uste dut daukan egitura oso argia dela eta ez dela zaila atalez atal salto horiei jarraitzea.

Malaysian zeundela bururatu zitzaizun ideia, zibilizaziotik urrun. Mozorroaren xarma zure aurreko nobelak ere zibilizazio arras urrunetan kokatzen zenituen: Mozorroaren Xarma Thailandian, Karonte Tokion.. Oraingo honetan AEBetan ekiten diozu narrazioari. Nolabait, munduko kultur aniztasunak, norbaitek esango luke "globalizazioak", erakartzen zaitu.

Kultura guztiak dira aberasgarri, guztietatik daukagu zer ikasi, eta susmoa dut mendebaldarrok beti jokatu dugula sasijakintsuen papera, beti joan garela gainontzeko zibilizazioei eskolak ematen, gurea jarraitu beharreko eredua balitz legez. Globalizazio mota horrek beldur izugarria ematen dit. Nire bidaietan zerbait ikasi ba dut izan da "txiro" eta "atzeratu"tzat dauzkagun horiengandik asko daukagula ikasteko, askotan gu baino aberatsagoak direla.

Zibilizaziorik materialistenaren partaide gara, dena dago salgai, dena eros daiteke, zoriona izan ezik. Eta hala ere, gure ingurura begiratuta etsipen,estres, ezinegon, asegabetasun itzelak egunero ikusi arren, munduaren zilborra garela uste dugu, eta ideia hori saltzen diegu beste gizarteei. Gure zabor guztia saltzen diegu, eta trukean gauza on askorik utzi ez. Turismoa kultura suntsipenen eredu garbiena da, darabilgun turismo mota bisitatzen ditugun herrien morrontzan oinarritzen delako. Usteldu egiten ditugu. Hobe dauden legez utziko bagenitu eta euren zorion natural horretatik apur bat inportatuko bagenu...Malaysia, aipatu duzunez, lan honen abiapuntua izan zen, eta liburuak asko zor dio hango kultura aniztasunari, hango sentipenei.

"Mundu honetan danok gaude elkarri lotuta. Egunero gurutzatzen gara jende anonimoarekin...", zure hitzak dira.

Bai, hala da. Egun inoiz baino gehiago. Asian, demagun Laosen, Malaysian edo, nengoenean, hango jendea zein munduko beste leku askotakoa ezagututa, nire bizipenek eta haienak elkar ukitzen dute; horren bitartez gure bizitzari lotutako pertsonak han topatutakoekin sartzen dira harremanetan, neurri batean. Hari horri jarraituz, kontura gaitezke munduko edonori gaudela lotuta. Eta hala ere, maiz ondo-ondoan daukagunarekin ere ez gara konturatzen. Gure bizitzan hamaika aurpegi anonimo gurutzatzen dira egunero, eta guk jakin zein ez, aurpegi haien atzean beti egon daiteke kontatua izatea merezi duen istoriorik. Hori da apur bat liburuaren atzean dagoen ideia, istorioei lotura ematen diena.

Munduan zehar ibilia zara, materia literarioa edonon aurkitzen duen horietakoa zarela esan genezake?

Edonon eta edonorengan. Azkenean liburuetan agertzen direnak lapurreta txikiak dira, han hemenka honi eta hari hartutako bizipenak, ideiak, gertaerak... Itxura aldatuta, handituta, deformatuta, baina azkenean gogoan geratu zaizkigun zatitxoak ateratzen dira idazten dugunean.

Anonimotasun hori hausteko aukeratu dituzu tabernak eta jatetxeak istorioaren kokapen gisa?

Seguruenik oso taberna zalea, jan eta edan zalea naizelako, kar, kar, kar. Baina txantxak alde batera utzita, beharbada horiek dira azaldutakoaren eredu nabarmenetakoa. Tabernetan gure inguruan dabiltzan gehienak aurpegi anonimoak dira, gehienak ez ditugu inoiz ezagutuko, ez diegu begiratu ere egingo, ez gara konturatuko han direnik ere. Hori gertatzen zaie nire pertsonaiei batzuetan. Une berean taberna, jatetxe, jantoki... berean egongo dira, eta batzuetan elkar ikusiko dute, ozta-ozta, edo hitz egingo dute, eta batzuek harremanen bat ere izango dute, ez beti parte onekoa. Baina irakurlearentzat anonimoak izango dira pertsonaia guztiak hasieratik amaia arte.

Narrazio ezberdinak izanik pertsonaiek badute nolabaiteko lotura: bildumagileak dira.

Halaxe da. Guztiek behar dute kanpoko zerbait euren barrua betetzeko. Ez dabiltza zorionaren bila, baina bai bizitza apur bat beteko dien zerbaiten bila. Bildumak egiten dituzte. Hori da gure ohiko bidea, barrua betetzeko beti bilatzen dugu kanpoan, izan gauza materialak, metafisikoak, ideologikoak... Gutxitan asetzen gara geure barruarekin, ahaztuxea izan ohi dugu. Bilaketa horretan, pertsonaia batzuek bila dabiltzana topatuko dute, batzuetan modu ironikoan, samingarrian, krudelan..., beste batzuetan espero ez zuten arrakastaz. Lotura hori alde batera utzita, zerikusi gutxi daukate 9 pertsonaiek. Egoera pertsonal, animiko, ekonomiko, politiko... oso desberdinak dauzkate. Jatorriak ere halakoak: euskalduna, estatubatuarra, poloniarra, kenyarra, palestinarra, malaysiarra, japoniarra, frantsesa, argentinarra. Ohiko txisteetan baino gehixeago. Bakoitzaren atzean hausnarketa nagusi bat dago, kezka nagusi bat, nire barne hausnarketa nagusi bat... Zeren gaineko gogoeta, zeren kritika... egiten dudan agian ez da guztietan begi bistakoa; irakurleak bere bilaketa pertsonala egitea gustatzen zait, bide guztiak lar markatu barik.

Zure narrazio guztietan umorea eta ironia nagusi dira.

Berezko kontua da, barrutik irteten duena. Ni oso ironikoa naiz, baita umoretsua ere, barre egitea maite dut eta erraz egiten dut. Uste dut normala dela idazten ditudan testuetan horri igartzea.Dena dela, umore eta ironiarekin batera, liburu honetan tonu barnekoiagoak, egoera lazgarriagoak, tragikoagoak ere sartu ditut. Eta, esan legez, hainbat motatako hausnarketak ez dira falta. Irakurleari dagokio hausnarketa proposamen edo ildo horiei heltzea eta jarraipena ematea.

Idazteaz gain, zenbait erakundetan parte hartu duzu azken aldian: EIEren Zuzendaritza Batzordea, Euskal Pen Kluba...

Gustura gainera, guztietan. EIEren Zuzendaritza Batzordean egoteak aukera ederra eman dit lagun interesgarri berriak egiteko eta elkartea bera barrutik hobeto ezagutzeko, egiten duen lan guztiaz jabetzeko.Euskal PEN klubaren lana ere oso garrantzitsua da. Ez dakit gizartea konturatzen den adierazpen eskubideen defentsan lan egiten duen erakundearen lan isila baina etengabea zein ezinbestekoa den. Aste honetan bertan esperientzia hunkigarria izan dugu Layla eta Hadirekin, Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar kazetari kurduen senideekin. Heriotza zigorrera kondenatu zituzten Iranen eta holakoetan ahotsa ostu nahi dietenen aldarri bilakatu behar dugu, guri hitz egiten uzten diguten bitartean.

Liburuaren etorkizuna ilun ikusten dute zenbaitzuk, zuk zeuk beste formatu batzuen aldeko apustua egin duzu: bloga, teknologia berriak...

Apustu hori gehiago dator ohiko literaturatik kanpoko hutsune pertsonalak betetzera. Blogean nire baitan dauden beste niak atera daitezke, askeago. Baina literaturari dagokionez, nire bidea liburuak idaztea da, aseen nauena. Ez dakit etorkizuna iluna den, nik ez dut hala ikusten, baina dakidana da buruak lanean jarraitzen duen bitartean, nahi gabe ere istorioak asmatzen duen eta zer komunikatu daukan bitartean, idazten jarraituko dudala. Nire zalantzetatik zalantza sortu gura diot irakurleari, inguratzen gaituen errealitatea, sistema, gizartea, zibilizazioa guztiz zalantzakorrak direlako. Gustuko ez dudan munduak beti emango dit zer pentsatu eta zer idatzi.

"Idazle erbesteratua" izateko asmoa azaldu zenuen, non dira Euskal Herritik kanpo bizitzeko aspaldiko asmoak?

Gabonak arte Laosa joateko asmoa geneukan, bai. Hori, zoritxarrez, bertan behera utzi dugu. Oraindik ere gustura alde egingo nuke hango jende zoragarriaren artera, baina... Beharbada orain, modu apalagoan, urtebete emango dugu kanpoan, Argentinan. Hara joateko ez dugu aparteko arrazoirik, beste barik, denboralditxo batez etentxo bat egiteko gogoa daukagu. Ikusiko dugu gogo hori betetzerik daukagun...
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta