EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Antton Luku > Hemeroteca

zuzeu.com

2009-04-25 Euskal kultura? | Hasier Etxeberria

Oraindik txundituta nago liburu honen irakurketarekin: ez dut gogoan noiz gozatu dudan hainbeste saiakera liburu batekin. Baina, gaizki diot, erabili beharreko hitza ez baita gozatu, beste zerbait behar nuke esan, mingotsa baita berez Lukuk liburuan aztertzen duena. Funtsean, Euskal Kultura deitzen dugun horren benetakotasunaz dihardu. Baina ez horretaz bakarrik, azpian, posmodernitatea astintzen baitu, inoiz gutxi ikusi izan dugun bezain egoki.

Zer kontatzen duen.
Panorama latza da Lukuk erakusten diguna. Antzerkigintzaz duen ezagutza sakonaz baliatzen da gainerako disziplinetarako ere balio duten egia borobilak jaurtitzeko. Kolonialismoaz eta asimilazioaz da mintzatzen, nola geu ere bilakatzen garen kolonialismoaren tresna. Lukuk dio transmisioa bera dela arriskutan, txikia eta bazterrekoari eskatzen baitzaio izatea moderno, izatea globalizatu, izatea berez denaz besteko.

Bereziki Iparraldeko kulturaren agerpenei laguntzeko dauden instituzio, tresna eta pertsonak ditu astintzen, gogoeta ongi eramandakoen bitartez, berak duen ezagutza enpiriko, teoriko eta bibliografiko zabala profitatuz. Baina Lukuk liburuan dioena, edonorako da baliagarri. Oso mamitsuak, halaber, hizkuntzaren inguruan egiten dituen gogoetak, ausart bezain egiazkoak.

Idazkerari buruz
Estiloari dagokionean esango nuke, bihotzak eta buruak bat eginda idatzitako liburua dela, interespuntuen garapen sakonari kontatzeko freskotasuna ezarri zaiola, irakurleak ez dezan alferkeriarik izan lerro baten ostean beste bat irakurtzeko. Eta hala, gaiaren gordinagatik, irakurtzeko ederra da liburua, Hegoaldekoontzat pertsona ezezagunen izenek eta bestelako termino zenbaitek bidea zailtzen badigute ere.

Ondorioak
Hau guztia ikusirik, baten batek uste dezake pentsamendu atzerakoi moduko baten jabe dela Luku: halako gezurrik! Nago Lukuk kulturaren transmisio eta berreskurapenerako oinarri egiazkoak dituela aurkitu, nahiz eta, itxura batean, garaion aurkaria dirudien. Ezer ez da abangoardista eta iraultzaileagorik benetako gaitza zein den ikusi eta harentzat irtenbideak proposatzea baino. Eta horixe dagi Lukuk, lotsarik gabe, beldurrik gabe, ausart eta klarki. Lagunak galduko ditu ederki, ezker eskubi.

Ezinbesteko liburua da, ordea, kultura oro har, antzerkia partikularki eta euskararen etorkizunaren inguruko gaiak maite dituenarentzat. Baita ere bizi ditugun garaion gaitzak eta giltzak ezagutu nahi dituen edonorentzat. Xapó, Luku!

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta