EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Anjel Lertxundi Esnal > Hemeroteca

Berria

2010-05-14 Nobelagilea zinemaren eskolan | Juan Luis Zabala

Nobelagilea zinemaren eskolan

'Hamaseigarrenean, aidanez' eta 'Kareletik' film luzeak zuzendu zituen Anjel Lertxundik 80ko hamarkadan. «Geroztik idatzi dudan guztia kamera bat ondoan dudala idatzi dut».

Juan Luis Zabala.
Zarautz

Horretarako eskariak izan arren, Anjel Lertxundik ez du literaturaren eta zinemaren arteko harremanei buruzko hitzaldirik eman ohi. Baina salbuespena egin zuen herenegun, Zarauzko Kristau Biltoki Zaharrean, Azken Portuko III. Literatura Astearen barruan emandako hitzaldian. Zinemagintzan izandako esperientziak zer irakatsi zion eta irakaspen horiek nobelagintzan nola aplikatu dituen azaldu zuen.

Irakurlea, zinemagile

«Zinema zuzendaria ere irakurlea da, eta guztiok egiten duguna egiten du: nobela jakin bat, testu jakin bat, interpretatu, ikusi eta entzun. Berak nobela hori irudi sorta bihurtu eta pantailara eramaten du. Guk irakurleok egiten ez duguna da pantaila batera eraman; geure baitan gordetzen dugu egin dugun pelikula. Baina pelikula bat muntatzen dugu nobela irakurtzen dugun aldiro. Galdetzekoa da XIX. mendean, zinemarik ez zegoenean, orduko irakurleek nola irakurtzen zituzten Stendhalen, Flauberten edo Tolstoiren nobelak. Zinemarik ez zegoenez, imajinatzen dut antzerkiaren arabera antolatuko zutela beren imajinarioa eta beren nobelaren irakurketa propioa. Eta Emma Bovaryri aurpegi bat, gorputz bat emango ziotela irakurleek, eta irudikatuko zutela nolakoa zen. Baina haiek ez zuten zinemaren erreferentziarik. Guri, erreferentzia bisualak zinematik eta telebistatik datozkigunez, ezinezkoa zaigu nobela irakurtzerakoan apartatzea, desbinkulatzea nobela eta irudia; eta irudi hori zinematik edo telebistatik datorkigu beti. Beraz, denok gara nolabaiteko zinema zuzendariak nobela bat irakurtzen dugun aldiro».

Irakurlea, ikuslea baino askeago

«Idazleak askatasun osoa eman diezaioke irakurleari, nahi duen bezala, edo ahal duen moduan, interpreta dezan pertsonaia. Baina betiere irakurleak aukera gehiago izango ditu pertsonaia bere neurrira irudikatzeko [filmaren ikusleak baino]. Hamaseigarrenean, aidanez nobelan, irakurle adina Domingo egongo dira. Pelikulan, berriz, Domingo bakarra dago, Martzelina bakarra dago, Kornelio bakarra dago. Literatura irakurtzerakoan erabat autonomoa eta askatasun handiagokoa den mundua konkretatu egiten du zinemak, mugatu. Zineman pertsonaiak izaera fisiko bat du, mugimendu jakin batzuk, taxukera konkretu bat. Eta nobelan ez du zertan horiek izan. XIX. mendean, ordea, zinemarik ez zegoenean eta jende askok antzerkia ikusteko aukera handirik ez zuenean, idazleek pertsonaien erretratuak egiten zituzten, esan egiten zuten ahoa, sudurra eta begiak nolakoak zituzten. Zergatik? Irakurleari laguntzeagatik irudi hori osatzeko. Baina XX. mendeko nobelak ez du zertan hori egin. Denok ikusi dugu zinema pila bat, eta idazleak esan diezaioke irakurleari: 'Hori nahi baldin baduzu, zoaz zinemara'. Hori abantaila izugarria da idazteko orduan. Pertsonaia batek izan dezake bere ezaugarri bakarra izena, edo goitizena, edo inizial bat, Franz Kafkaren K.-ren kasuan gertatzen den bezala».

Kolorea, tonua, girotzea

«Hamaseigarrenean, aidanez filmatzen hasi aurretik, argazki zuzendariak galdetu zidan ea zer koloretan ikusten nuen filma. Ez nuen ulertu zertaz ari zitzaidan. Ea zer tonu eman nahi nion jakin nahi zuela argitu zidan. Nik literaturan tonua deitzen dudana, giroketa, atmosfera, nobela batean hain zaila dena definitzen baina nobela bakoitzak berea eduki behar duen atmosfera hori, argazkiaren eta kolorearen bidez ematen du pelikula batek. Euskal pintura errepasatu eta koadro pare bat eramateko eskatu zidan, haien bidez nik filma nolako koloreetan imajinatzen nuen adierazteko. Ordutik, nobela bat idazten dudanean pinturan ere pentsatzen dut. Nobela idazten hastean, imajinatu egiten dut zer pintorek lagunduko didan neure bidaian, eta zer koadrok. Gero, akaso, ez da kolore horren inguruko aipamen askorik izango nobelan, baina espiritu hori nahi dut. Eta gauza bera gertatzen zait musikarekin. Aurretik erabakitako tonu edo klima musikal batek laguntzen dit nobela idazteko garaian».

Pertsonaia bertan, bitartekorik gabe

«Aktorearen lana, berez, rol batekin jokoan, jolasean, ibiltzea da. Paper bat errepresentatzen ari da, benetakoa balitz bezala. Ispilu lan bat egiten ari da. Ez da pertsonaia, baina pertsonaia horrena egiten ari da. Nobelan, berriz, ez dago jokorik. Idazten dugun pertsonaia zuzenean dago bertan. Ez dago bitartekorik. Liburuan, pertsonaiaren eta idazlearen artean ez dago ezertxo ere. Pelikulan, berriz, nik markatutako pertsonaiaren eta gidoian zegoenaren artean aktore bat dago, norbaitek bezala jokatu behar duena. Norbaitek bezala jokatze horretan ere badituzte aldeak literaturak eta zinemak, onerako eta txarrerako, beti gertatzen den bezala. Oro har, nik nahiago ditut nobelak ematen dituen aukerak. Eta zein da aktorerik onena? Bitartekaritza lana gutxien nabarmentzen zaiona. Aktore askok alderantzizkoa egiten dute: pertsonaiara hurbildu beharrean, pertsonaia berengana ekarri».

Kamerarekin idazten

«Filmaketaren garaian, kameratik begiratzen ikasi nuen. Inork ez zidan erakutsi, baina beti ondo funtzionatzen zidan gauza bat egiten nuen: kameratik begiratu eta, planoa ondo zegoela iruditzen zitzaidanean, begiak itxita imajinatu eszena guztia. Harrezkero idatzi dudan guztia kamera bat ondoan dudala idatzi dut, gero kamera baztertzeko bada ere. Batez ere gauzarik bisualenak kontatzeko garaian kamera non jarriko dudan eta zer ikuspegi izango duen pentsatzeko. Nire nobeletan bisualtasun handia dagoela esaten didate. Pentsatzen dut baietz, badagoela zerbait horretatik».

Antolaketaren garrantzia

«Filmaren prozesu osoko lanik ederrena, edo idazketari begira gehien irakatsi zidana, muntaiarena izan zen. Ordura arteko nobelak idazterakoan jabetu ez nintzen gauza batez jabetu nintzen muntaia egitean: zer garrantzi duen eszena bat aurrean edo atzean jartzeak. Gauza ezberdinak gertatzen ziren, aldatu egiten zen zerbait. Nahiz eta eszena berdina izan, etekin ezberdinak ematen zituen beste baten atzean jarrita, edo alderantziz kokatuta. Testuan paragrafoekin gauza bera gertatzen dela ikusi nuen. Irudien antolamenduak filmaren muntaian duen garrantziaz jabetzea oso ondo etorri zitzaidan testuen antolamenduak literaturan duen garrantziaz jabetzeko».

Itzulera, garaiz

«Kareletik filmak ez zuen oso ondo funtzionatu, eta neu ere ez nintzen oso gustura geratu. Ikasi ere, gutxiago ikasi nuen orduan, jakina. Gauza garrantzitsu bat ikasi nuen, hala ere. Konturatu nintzen urte eta erdi pasatu nuela Hamaseigarrenean, aidanez eta Kareletik-erako lanean, eta urte eta erdi horretan ez nuela egin txikitatik egunero-egunero egin izan nuen zerbait: irakurri. Urte eta erdian ez nuen ia-ia ezer irakurri. Hirugarren pelikula martxan geneukan ia, eta Kareletik ondo ez atera izana akuilu ona izan nuen neure buruari esateko: 'Hoa hire lanera , eta esperientzia hori aprobetxatu ezak ahalik eta ondoen hire lana ondo egiteko'. Horrela erabaki nuen ez nuela gehiago zinemarik egingo, behintzat zuzendari gisa».
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta