Peņafloridako kontea (Frantzisko Xabier Munibe)

http://zubitegia.armiarma.com/?i=374(Peñafloridako kondea deitua). Gipuzkoar idazlea, kultura gizona eta musikaria (Azkoitia, 1729 - Bergara, 1785). Felipe IV.a erregeak 1635ean sortutako Peñaflorida etxeko zortzigarren kondea izan zen. Azkoitiko jesuitekin egin zituen lehen ikasketak; 1742tik aurrera, Okzitaniako Tolosan zientzia ikasketak egin zituen, betiere Frantziako entziklopediazaleen haritik. 1747an aita hil zitzaion, eta Azkoitira itzuli zen. Hurrengo urtean, Areizagako baroiaren alaba Maria Josefa Areizagarekin ezkondu zen. Aitarengandik jaso zituen tituluak eta maiorazkoak: Apraiz etxekoa, Insaustitarrena eta Munibetarrena, besteak beste. Ezkonberriak Insausti jauregian bizi izan ziren 1767. urtea arte. Peñaflorida kondea oso ezaguna izan zen, eta kargu politikoak izan zituen, Azkoitiko alkate izan zen, esaterako, 1747-1748. urteetan, eta berriz 1755ean eta 1765ean. Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izan zen 1746, 1750, 1754, 1758 eta 1761. urteetan, eta 1758an diputatu Madrilgo gorteetan. Bestalde, solasaldi batzuk antolatzen zituen bere etxean, eta bertara biltzen ziren probintziako aitonen semeak eta jakituria handiko gizonak, hasieran gizarteko gaiez hitz egitera, eta geroago baita ere zientzia gaiez, literaturaz, filosofiaz eta historiaz. «Azkoitiko zalduntxoak» izena jarri zitzaien. Igandeetan musika eta antzerki lanak egiten zituzten. Garai hartakoak dira Muniberen musika lanak: Irten ezazu, Adio provintziya, Aita gurea, oraindik ere Azkoitian kantatzen direnak. 1764an, Bergaran jokatu zen eta urte berean argitaratu El borracho burlado opera komikoa (kantuak euskaraz eta gainerakoa gazteleraz). 1762an Azkoitian argitaratu zen Gavonsariac izeneko artzain opereta Gabon Gauerako; Luisa de la Misericordia izeneko emakume batek sinatua da, baina, uste denez, izen hori Peñaflorida kondearen ezizena da.