Pedro Antonio Aņibarro (1748-1830)

Euskal idazle hau Villaron jaio zen 1748an. San Frantziskoren Ordenan sartu zen Bilboko komentuan eta beranduago, 1772an apaiztu. 1790ean Zarauzko Misiolarien ikastetxean onartu zuten eta han egon zen hil artean (1830). Misiolari gisa ibili zen euskal lurretan eta arrazoi hori dela medio, euskara herrikoia ongi ezagutu ahal izan zuen. Zarauzko Misiolarien ikastetxea oso garrantzitsua izan da euskal literaturaren historian, bertan, euskal idazle asko egon baitzen. Hala nola, P.A. Añibarro, Frantzisko Antonio Placios, Juan Mateo Zabala, Jose Kruz Etxeberria eta Jose Antonio Uriarte. Konbentzio gerran, frantsesek, Gipuzkoan sartu eta preso eraman zuten Añibarro. Handik bi hilabetetara berriro itzuli zen Zarautzera. 1808-1814 bitarteko Independentzia gerra ere ezagutu zuen. Obra askoren egilea da P.A. Añibarro, baina garai hartako egoera ekonomikoa eta bizi zuten egoeraren, ez zuen lan asko argitaratzerik izan. Lau obra argitaratu zituen; beste hiru hil ondoren argitaratu ziren; eta oraindik beste sei gelditzen dira argitaratu gabe. Bere obrarik garrantzitsuena Escu Liburua, eta berean eguneango cristiñau cereguiñac (Tolosa, 1802) da. Deboziozko jarduerak biltzen ditu liburu honetan. 1821 eta 1827an zenbait eranskin eta zuzenketaz lagundurik berriro argitaratu zen. Bizkaierazko klasikoa da. Añibarroren estiloa didaktikoa da, gauzen azalpena helburu duena, argia baina ez distiratsua; sinonimoak pilatzeko joera du eta honek, joritasuna ez ezik astuntasuna ematen dio hizkuntzari.