Karmelo Etxegarai

Euskal idazle eta historialari gipuzkoarra (Azpeitia, 1865 - Gernika, 1925). Gazterik ikasteari utzi eta Gipuzkoako Diputazioan artxibo-lanetan hasi zen (1882-85); bere kontura, lanorduz kanpo, historiako paperak aztertzearekin batera bere lehen olerkiak euskaraz idazten hasi zen. Laster nabarmendu zen ikerketa-alorrean eta, Euskal Herriko historia idatz zezan, artxibo eta liburutegietako ikertzaile ofizial izendatu zuten (1892). Pixkanaka erantzukizun handiagoko lanetara bidali zuten: Biblioteka Nazionalean, Histori Akademian eta El Escorialen gordetzen diren dokumentuak aztertzen aritu zen. Ikerketa historikoak egin zitzan Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako kronikari ofizial izendatu zuten. Historiaren ikerketaz gain euskararen gorabeherez ere arduratu zen. Gaztelaniaz nahiz euskaraz, asko idatzi zuen: artikuluak, zortzikoak, sonetoak, hitzaldiak, saiakerak eta itzulpen-lanak (Rubio y Ors poeta katalanaren Eguzkiaren sarrera; Selgos-en Artisteak eta malkoak, Meléndez-en Aberastasunak eta Frai Luis Leongoaren Ziegatik irtetean). Euskaltzain osoa (1923-25) eta Espainiako Historiako Erret Akademiko kidea izan zen.