Juan Antonio Ubillos

Juan Antonio Ubillos Amasan, Billabonan jaio zen 1707an. 1722an frantziskotar egin zen Arantzazun. Ondoren, Alcalako unibertsitatera bidali zuten Teologia eta Filosofia goi ikasketak egitera. Itzuli zenean, Tolosako eta Arantzazuko komentuetan eman zuen bere bizitza osoa irakasten.

Filosofia eskotistari buruzko hiru liburuki mardul argitaratu zituen latinez: Philosophia Rationalis (1755); Philosophia Trasnaturalis (1759) eta Philosophia Naturalis (1762). Azken hau Xabier Muniberi, Peñafloridako konteari eskaini zion.

Euskaraz idatzi zuen obra berriz, Fleury abatearen Catéchisme Historique obraren itzulpena izan zen (1785); Christau doctriñ berri-ecarlea, Christau degozcan Eguia sinis-beharren berria dacarrena Jaun Claudio Fleuri Abadeak argitara atera zuanetik.

Ubillos ere Larramendiren eskolakoa zen. Jesuitetan ez ezik Frantziskotarren ordenan ere Larramendiren euskararekiko kezka barneratu zen dirudienez.

Ubillosek gipuzkeraz idazten zuen eta bere hiztegian Larramendiren eragina nabaria zen. Idazkera oso zaindua, landua eta etorri errazekoa zuen.