Joan Perez Lazarraga

Ezer gutxi dakigu Joan Perez Lazarragari buruz, hots, euskal letrak ederki astindu dituen XVI. mendeko euskarazko eskuizkribu aurkitu berriaren egileaz.

Garaikideek Joan Perez Lazarragakoari "El Poeta" ezizena ematen ziotela ezaguna zen. Orain, berriz, eskuizkribua ezagututa, badakigu zergatik. Garbi dago, hala ere, oraindik asko sakondu beharko dela idazle aurkitu berriaren taxuzko biografia bat lortu arte. Adibidez, non ikasi zuen? Beharbada, Jerardo Elortzak iradoki duen bezala, garai hartan unerik onenean zegoen Oñatiko Unibertsitatean? Lehengusu Esteban Garibaiko Felipe II.aren kronikari ospetsuarekin batera? Eskuizkribu aurkitu berriak berak egilearen ibilbidea jarraitzen saiatzeko hainbat pista ematen ditu. "Loa de las damas y galanes bascongados" delako poema, esate baterako, «a my señor don Juan de Austria»ri eskainita dago...

«Goi-goi mailako leinu bateko kidea zela badakigu (adibidez, bere arbasoetako bat Errege Katolikoen idazkari izatera iritsi zen) baina bere bizitzari buruz dugun informazioa oso fragmentarioa da. Hemendik aurrera sistematikoki ikertu beharko da», laburbildu du hitz gutxitan Pruden Gartziak.

Larrean barrenako bueltaxka hasi den leku berean bukatu dugu, bide ertz-ertzean dagoen Aldaia tabernan, alegia. Hor da, horman itsatsita, bezeroen ikusgai, GARAk eskuizkribuaren aurkezpenari buruz argitaratu zuen informazioa, baita Interneten bidez eskuratutako faksimile antzeko pare bat orrialde ere. Baina tabernako nagusiak, Luis Arratibelek, ez omen du herritarren artean eskuizkribuarekiko berebiziko interesik sumatu. «Nik uste dut gehienak oraindik enteratu ere ez direla egin», esan du.

Larreatik alde egin dugu. Errepide nagusiko bidean aurkitzen ditugun herrixken toponimoak ezagunak zaizkigu, eskualde horretan behin baino gehiagotan ibili garelako. Baina Lazarragak poemetan «dama galantez» eta «zaldun parebageriz» bete zituela dakigunez geroztik, bestelakoak iruditzen zaizkigu. Beste euskaldun askok ere hemendik aurrera orain arte ez bezala adituko dituen susmoa dugu.

Oñatiko Torreuzon Zalduondora Lazarragatarren sortetxea Oñatiko Torreuzon zegoen, orain "Etxeaundi" jatetxea dagoen lekuan. Jerardo Elortzaren hitzetan, «hura Lazarraga Haundi zen». Oñatin oraindik geratzen dira Lazarraga Txiki (egun, Elazarra) eta Lazarraga/Garibai (Torria). XV. mendeaz geroztik, leinua, betiere gebaratarren itzalean, Araban sendo errotu zen. Zalduondon utzi zuen jauregia ikusgarria da harrizko bi gizonek babestutako oso armarri handia duelako. Bertakoek, gaztelaniaz, «la Casa de los Guizones» esaten diote.

Eskuizkribua plegu laurdenean egina dago. 51 orriz (102 orrialdez) osatua. Lehenengo 4ak ez daude osorik, urratuak izan dira. Esku bakarreko zirriborroa edo lanerako alea dela esan daiteke. Juan Perez de Lazarragak, Larrea Dorretxeko Jaunak (cr. 1550 – 1605.04.12) euskaraz idatzitako bertso, kanta eta maitasun-kontuen bilduma da. Horiez gain, garai hartan gogoko zuten kontakizun mitologiko luze bat dago.

Testuko hainbat paragrafo aztertu ondoren, badirudi 1564 eta 1567 bitartean idatzitakoak direla, eta egilea Lazarraga dela. Egilea, jatorriz Oñatiarra den Lazarragatarren leinuko adar ugarietako baten maiorazkoa zen. XV. mendearen bukaeran Arabako lautadan hainbat Jauregi eta Dorretxe eraiki eta bertara bizitzera joandakoen ondorengoetako bat hain zuzen ere.

Orain arte, Juan Pérez de Lazarragak berak egindako bere leinukoen genealogi zerrenda bati esker izan dugu autore honen berri. Erudizioz jantzitako 1588-89ko testu bikain horren bost kopia ezagutzen ditugu.

http://zubitegia.armiarma.com/?i=694