Jean Saint-Pierre

Lapurtar apezpikua eta idazlea (Milafranga, 1884 - Milafranga, 1951). Larresoroko eta Baionako apaizgaitegietan apaiz ikasketak egin ondoren teologiakoak egin zituen Erromako unibertsitate gregoriarrean. Bi urtez Hazparneko parroko izan ondoren Baionako apaizgaitegiko erretore izendatu zuten (1914). Lehen Mundu Gerran alemaniarrek atxilotu zuten. Apaizgaitegira itzuli zen gerra amaitutakoan, eta Gure Herria aldizkaria sortu zuen beste lagun batzuekin batera (1921). Baionako apezpikuaren idazkari izendatu zuten 1922. urtean eta urte horretan bertan jaso zuen Kirikiño literatura saria. Gure Herria aldizkariko zuzendari, Eskualduna astekariko erredaktore nagusi eta Baionako katedraleko kalonje izan zen hiru urte geroago. Gordus-eko apezpiku eta Cartagoko artzapezpikuaren laguntzaile izendatu zuten 1930. urtean. 1937. urtean itzuli eta erretiratu zen Euskal Herrian.