Domingo Agirre

(Ondarroa, 1864 - Zumaia, 1920).

Gasteizko Apaiztegian ikasketak egin ondoren, 1888. urtean apaiztu zen. Lehenik Karrantzara igorririk, gero Zumaiako moja karmeldarren ikastetxeko kapelau izendatu zuten eta bertan eman zuen apaiz bizitzaren parte gehiena. Osasunez ahul eta gaixobera, garrantzizko karguetara iristeko aukerak izan zituen, baina uko egin zien guztiei. Garaiko euskal aldizkarietan esku hartu zuen: Euskal Erria, Euskalzale, Ibaizabal, Euskal-Esnalea, RIEV, Jaungoiko-zale.

Hainbat literatur molde landu zituen: eleberria, ipuina, elezaharrak, artikuluak, bidaldi kronikak, olerkiak, etab. Lan hauei guztiei esker Domingo Agirre euskal idazle klasikoa da gaur egun.

Auñamendiko Lorea (1898), Kresala (1906), Garoa (1912) dira eleberri ezagunenak. Horiez gainera, Ni eta ni beste eleberri historiko baten zati batzuk argitaratu zituen Euskal Esnalean (1917). Euskaltzain izan zen Akademiaren sorreratik bertatik (1918).