Agustin Kardaberaz (1703-1770)

Gipuzkoar idazle hau 1703an Hernanin jaio zen. Iruñean eta Valladolid-en filosofia eta lege ikasketak egin ondoren, Jesusen Lagundian sartu zen 1721ean. Zortzi urte geroago apaiz egin zen, Larramendiren El imposible vencido lana argitaratu zenean. Bilboko Jesusen Lagundiaren eskolako gramatikako irakasle izendatu zutenean hasi zen hizlari gisa ospea hartzen. Oñatiko Unibertsitatean ere Teologia Moraleko irakasle izan zen.

1736an Loiolan jarri zen bizitzen eta bertatik abiatzen zen Gipuzkoako eta Bizkaiko herrietara predikatzera. Loiolan bizi izan zen azken 12 urteetan, osasunak kanpora ateratzen uzten ez zionez, euskaraz idazten eta ejertzizioak ematen jardun zuen. 1767an Karlos III.ak jesuitak Espainiatik bidali zituenean Boloniara (Italia) joan eta bertan hil zen 1770ean.

Kardaberazen lana ugaria eta sakona da. Lanik gehienek, Euskal Herriko pastoral eta misioen inguruko gaiak zituzten. Askotan argitaratuak izan ziren eta irakurle asko izan dituzte.

Luis Villasantek egindako 14 obren azterketak azaltzen duenez, Kardaberazen obretatik lau, San Inazioren Ejertzizioen ingurukoak dira, bost hagiografiak eta gainerakoak instrukzio erlijiosoari buruzkoak.

Hala ere, Kardaberazek badu euskararen inguruan idatziriko obra bat: Eusqueraren Berri Onac, eta ondo escribitceco, ondo iracurtceco, ta ondo itzeguiteco Erreglac (Iruñea, 1761).

Liburu honetakoa da ondorengo esaldi ezagun hau:

“Baña gure Pobrecho on ascoren animac salvatceco, Euscarac burua jasotcea, Jaincoac nai du: gure Baserrietan gende prestuac dirauten artean Euscarac iraungo du. Esan oi dana: oiei lepoa ebaqui edo bicia quendu gabe, Euscara ecin utci edo quendu diteke”.