Idazleak - Yolanda Arrieta Malaxetxebarria - Laginak - Jostorratza eta Haria

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Laginak

Narratiba

2001 Jostorratza eta Haria | Alberdania

Demagun zure ama naizela eta zu nire alaba. Demagun jaiotzear zaudela eta 2012. urtean 18 urte izango dituzula. Demagun opari hau egiten dizugula.

Demagun horixe...




Zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahastea, agian?

Bi galdera horien inguruan mugitu nahi izan dut "Jostorratza eta haria" idazterakoan; alde batetik, jostorratzez eta hariez josten goazen historia-istorio multzoa garelako; baina, era berean, istorio-historia horien haziak jaiotzen garenean gurekin datozelako bi begi, bi hanka, bi beso eta bihotz bat datozen bezalaxe.

Istorio-historia honen muina, beraz, hauxe da: ama batek jaiotzear dagoen alabarentzat kontaturiko istorio-historia. Istorioa zergatik? Oinarri erreala eduki arren, "Jostorratza eta haria" fikzioa delako % 99an. Historia zergatik? Galbahe pertsonalez osatua egon arren, "Jostorratza eta haria"k, Historiaurretik abiatu arren, batez ere azken mendeari bira ematen diolako.

Ama neu naiz. Amama neure ama, eta amona aitaren ama.

Amak amamaren eta amonaren familia-adarrak josi, eta haurtzarotik umea sortu arteko hariak korapilatuko ditu. Jostunetxen bizi zenekoak eta amamari eta amonari entzundakoak kontatu dizkizu. Aitaren berri ere emango dizu. Lehen pertsonan arituko da, eta amamaren eta amonaren, bien, hizkeren ukitua agertu arren, haiek baino esaldi motzagoak erabiliko ditu.

Amamak ezkondu eta Jostunetxera bizitzera joan zenetik gaur arteko hariak askatuko ditu. Hariotan birraititaren eta aititaren berri emango du. Lehen pertsonan arituko da, baina bere herriko berbetan.

Amonak bere hiriko kontuak harilduko ditu. Birraitonaren berri, aitonaren berri eta aitaren berri emango du. Lehen pertsonan arituko da, bere jaioterriko kutsua duen hiriko hizkeran.

Aipaturiko emakumeez gain, laugarren ahots bat ere agertuko zaizu. Honek atal guztiak josiko ditu jostorratz bat balitz moduan, denboraren hari amaigabea lagun hartuta. Hirugarren pertsonan arituko da, hizkera motz eta sotilean.

Gainontzekoan, jostearen inguruko tresnek mozorrotuko dituzte istorioaren aldian aldiko gertaera guztiak. Aldiro-aldiro itxuraldatuta agertuko den larru, oihal edota soineko beltzak, berriz, garai zaharren bukaera eta berrien hasiera markatuko ditu.

Baina, hau guztia horrela izan arren, gogoratu gauza bat: fikziozko istorio hau ez da gure familiaren historia osoa.

Bai, zeren eta istorio-soineko hau egiteko zaborrontzira jaurti ditugun oihal txatal, hari, jostorratz, patroi paper, klarion zati eta beste abarreko asko eta asko ere badira, horiek ere historia dira.

...Eta jostotzararen batean, ahaztuta, soineko berriren bati jartzeko gelditu diren poltsiko, txaplata, botoi, gerriko, lepoko eta mahukak ere bai...

...Eta San Joan suetako panpinari jantzi dizkiogun alkandora, praka eta txapela...

...Eta Jostunetxeko kutxan, hurrengorako geratu diren amamaren josteko apunteak...

...Eta amonak josteko kontuak agertu ahala gogoratzen joan den gaztetako soineko gorriaren itxura hura...

...Eta aitita-aitonen argazkietan agertzen diren traje marroi-urdinak...

...Eta aitak bere paseo luzeetan kontatuko dizkizun "Botoi-zulo txiki" eta "Botoi handi"ren arteko kontuak...

...Eta istorio-soineko hau osatzeko asmatu dugun patroia...

...Eta bihotzean, josteke, geratu zaizkigun adabakiak...

...Eta buruan, dagokien josturaren zain geratu diren albainak...

...Eta une honetantxe, istorio-soineko hau hasteko idatz-josten ari naizen hitz-puntada hau...

Azken batean, historia eta denbora ertzik gabeko oihalak direlako biak.

Hasieran bukaera eta bukaeran hasiera dutenak, biak.

Etenik gabeak.


0- HASIERAN :

Hasieran biluzik zegoen dena. Lurrik gabeko landa zirudien herriak. Hormarik gabeko etxea, auzoak. Soingainekorik gabeko gorputza, kaleak.

Gelditzeko parada behar zela-eta, lurra asmatu zuen norbaitek.

Berotzeko lekua behar zela-eta, hormak egin zituen beste batek.

Arimak ez uxatzeko estalkia behar zela-eta, soingainekoa asmatu zuen hirugarren batek.

Eta josten hasi ziren denak.

Orduan, arimak ez ezik, lotsak, tristurak, pozak eta mota guztietako grinak ere estaltzeko erabili zituzten arropak.

Eta berotzeko...

Eta babesteko...

Eta apaintzeko...

Eta oparitzeko...

Eta gogoratzeko...

Konturatu orduko, soinekoz bete zitzaion arropategia gizakiari.

...Josten egitea ahaztu, ordea...

Hiru hitz


Demagun.

Demagun Txomin dela lehena.

Eta Mari bere andrea.

Demagun Historiaurreko lehen aroan gaudela. Gizakiak harria landu, ehizan egin eta fruituak biltzen ditu.

Txomin gaztea eta garaia da. Baita sendoa ere. Mari ere halakoxea da.

Txomin pozik eta harro dago. Goizean goiz jaiki eta ehizara abiatu da. Mari leizean geratu da.

Herenegun etorri zen Mari Txominekin bizitzera. Horretarako, Mariren amak senar zenaren soingainekoa utzi zion Txomini, eta Txomin orduantxe bihurtu zen Mariren senar.

Horrexegatik dago Txomin pozik gaur. Txomin, jadanik, gizona delako, haraneko basurde ederrenaren larrua soinean duelako eta, larru horrek, basurdearen indarraz gain, soinean jantzita eraman duenaren izpiritua ere erantsiko diolako. Marik delako basurdearen letaginak jaso ditu herentziaz. Amak eman dizkio, aitaren oroimenean, ekaitz beltzaren itzalak kalterik egin ez diezaion. Marik, orain, lepoan jarri nahi ditu zintzilik, iduneko baten antzera. Ezin jakin, oraindik, milaka urte barru apaindura gisa erabiliko den bitxia asmatzear dagoenik. Marirentzat babesgarria, kutuna, zinginarria besterik ez da izango basurde tendoiaz eta letaginez eginiko zintzilikarioa.

Horrexetan ari da Mari eta Txomin leize barruan sartzen da. Ezkerreko masaila ebakita eta soingainekoa goitik behera urratuta dator gizon gaztea :

-Atorra tarrat teink ! -hiru hitz esan ditu, arnasestuka, basurde larru apurtua andreari erakutsiz.

-Atorra tarrat teink? ! -hiru hitzok, berriro ere, Marik, erdi galdera, erdi oihu, eskuak buruan, bular aldea dar-dar.

Txominek bizkarrean dakarren basurde hil berria lurrean utzi du. Gero, eskua masaila bustitik pasatu ondoren, piztia nola harrapatu duen antzezten hasi zaio Mariri, andrearen barkamena eskuratu nahirik-edo. Mariren hasierako kopeta iluna argitzen doa, apurka-apurka.

Txominek, azalpenekin bukatzeaz bat, soingainekoa erantzi du. Marik aita zenaren larrua lurretik jaso eta gizonaren aurpegiari begiratu dio. Hiru pauso eman eta harengana hurreratu da. Zauria miazkatu dio; eta, bide batez, lepoan behera lehortutako odola ere garbitu egin dio.

Miazkada laztan, laztana fereka, fereka oihu, eta mina dena ahaztu.

Eginak egin ondoren, Txomin lurretik jaiki eta basurde hil berria larrutzen eta zatitzen hasi da aizkoraz. Heriotzarekin gutxi balu bezala, dinbi-danba, kolpe bakoitzaz zigor berria erantsi nahi dio errudunari. Mina, berriz ere, masailean. Mina soingainekoaren itzalean ere.

Mari isilik. Hontza uluka. Haizea. Harrabotsa. Sua egitera doa andre gaztea.

Makila bat eta bi esku. Marik igurtzi eta igurtzi makila, bi eskuekin. Eta makila, txinparta. Eta txinparta, gar. Garra, su. Sua, argi. Leize zuloak egun argi dirudi.

Marik larru biak, zaharra eta berria, begiratu ditu. Elkarren ondoan jarri ditu. Biak lotzerik balego!

Leize inguruetara so egin du. Zerbait nahi du. Oraindik berak ere oso ondo ez dakien zerbait aurkitu nahi du. Lo gelditu da senarra, aizkora lanek (eta bestelakoek) eragindako nekeen ondorioz. Marik, inguruak behatu ondoren, lepora eraman du eskuineko eskua. Kutuna. Non dago ?

A! Berehala gogoratu da. Txomin etxeratu denean zegoen letaginak tendoi haritik zeharkatzear; izan ere, zulotxo bana zuten haiek, euren jabe ikaragarriak sustraietan txantxarra-edo zuelako, nonbait. Erraz zeharkatu du, beraz, tendoia letagin batetik. Berdin bigarrenetik ere.

Marik zuzia hartu eta kanpo alderantz bideratu ditu oinak, zintzilikario bata lepoan eta bestea eskuan dituela. Auzora doa. Auzoko beste Marirengana.

Eta heldu da auzora.

Auzoan, Mari lehenak eskuan daukan kutuna erakutsi dio Mari bigarrenari. Mari lehenak, keinuka, ostikopean dagoen arrain hezurra eskatu dio truke Mari bigarrenari. Berehala ulertu du Mari bigarrenak auzoaren proposamena. Eta baita onartu ere.

Orain, Mari lehena bere leizera doa, berriro ere, arrain hezurra eskuan duela.

Hara heltzean, larru zahar urratua hartuko du bi eskuekin. Gizonaren aizkoraz ebaki antzerakoak egingo dizkio ertzean. Berdin larru berriarekin ere. Elkarren parean jarri eta arrain hezurra eta tendoi luzea pasatzen hasiko da parez pareko zuloetatik.

Josten alegia.


2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta