Idazleak - Yolanda Arrieta Malaxetxebarria - Hemeroteka - Yolanda Arrietarekin solasean

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteka

111 akademia

2005 Yolanda Arrietarekin solasean |

Etxebarrian jaio zen Yolanda, Usurbilen bizi da egun. Haur eta Gazte literatura lantzeaz gain, helduen literatura ere idatzi du. Antzinako Mari Xor ipuina egunera ekarri eta kontaketa hura bizi-bizirik dagoela erakutsi du bere azken lanean.

Zein izan zen literaturarekin izandako lehen harremana?
Literaturarekin lehenengo harremanean, bereizi egin beharko lirateke literatura eta euskal literatura. Etxean ez nuen literaturarik irakurri, gure etxean ez baitzegoen libururik. Baina idazteko erraztasuna neukanez, eskolan idatzi egiten nuen. Etxebarritik Markinara ikastera joan ginenean, literaturako gaztelaniako irakasleak `żno te gusta leer?´galdetzen zidan; nik baietz, baina ez neukan irakurtzera bultzatzen ninduen inor inguruan. Gero, hamasei-hamazazpi urterekin, UNED-en, D titulua ateratzen hasi nintzen eta ariketa asko egin behar genuen. Aldi hartan hasi nintzen deskribapenak eta narrazioak egiten, egun bat kontatzen… Ondo pasatzen nuen hori egiterakoan. Irakurzaletasuna ere garai horretan deskubritu nuen. Irakasle eskolan hasi nintzenean, euskal literaturari buruz genuen ikasgaian, nobela bat idazteko eskatu ziguten. Ariketa bat besterik ez zen baina nik `nobela bat idatzi behar dugu´, bere garrantzia eman nion. Askotan larunbat iluntzeetan edo gauetan idazten geratzen nintzen. Nahiago nuen idatzi, tabernara joan baino. Ariketa hura, gozamena izan zen niretzat.

Zeri buruz idatzi zenuen? Gogoratuko zara, seguru!
Bai. Bizi puskak ziren. Gerora Jostorratza eta haria izan denaren haziak. Jesus Garmendiak literatura ematen zigun, erdarazko literatura nagusiki. Asko irakurri behar zen bere eskoletarako. Niretzat gozamena zen liburuen izenburuz betetako zerrenda edukitzea. Bazenekien denbora epe batean zer irakurri behar zenuen. Autobusean, etxean…, topatzen nituen tarte guztietan irakurtzen nuen. Unibertsitateko irakasleak izan ziren giltza, haien eragina jaso nuen. Hortik aurrera, ondorio bat atera nuen; `eskolak ematea ondo dago, baina aste guztia umeekin eskola batean sartuta lanean? Ai ama!´. Garai horretan, HABE-ko udal euskaltegiak hasi ziren eta urtebetez, Santurtzin aritu nintzen lanean. Ordurako, herrian antzerkia egiten nuen. Ez zegoen idazle eskolarik eta fikzioa ikasteko era bakarra, antzerkia egitea zen. Antzerkia ikastera Donostiara joatea erabaki nuen eta orduan, maisu-maestrei eta umeei antzerki eskolak ematen hasi nintzen. Astean zehar ikasi eta asteburuetan tailerrak eman… Antzerkiaren bidez, hezkuntza kolektiboa bultzatzen ahalegintzen nintzen. Hori guztia lotzeko, antzerki pixka bat idazten hasi nintzen eta modu horretan idatzi nuen nire lehenengo lana: Badago ala ez dago…?, sorginei buruz. Paraleloki, lehen ipuina ere orduan idatzi nuen: Begigorritarren erlojua. Antzerki lanarekin Euskadi Saria jaso nuen eta ipuinarekin Baporea saria. Bidea ikusi nuen eta aurrera egitea erabaki. Orduz geroztik, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, hor ibili naiz beti.

Antzerkia eta haur literatura idatzi duzu batik bat, baita nobela eta saiakera ere…
Ni ez naiz generoaren bila joaten. Antzerkia, haur literaturako erritmoak, narrazioa…, idatzi dut. Azken lan honi ez nekien saiakera deitzen zitzaionik. Lan bat egin nuen eta gero jakin nuen saiakera zela. Gai horrekin makina bat forma ezberdin frogatu dut; nobela, esaterako. Baina konturatu nintzen kasu honetan, nobelak ez zeukala zentzurik; izan ere, ipuina bera baita fikzioa. Ipuinean oinarrituta, beste hausnarketa batzuk egin ditut nik. Beste aukera guztiak baztertu ondoren jarri diot entsegu edo saiakera izena. Lan hau azterketa luzea da eta tesiak, hipotesiak eta hausnarketa pertsonalak daude. Interpretazio huts horietatik eztabaida zabaldu nahi dut, baina hori ez dago nire esku. Aurrez pentsatu gabe, lan bakoitzak bere forma hartu du nire ibilbidean.

Langintza ezberdinetan aritu zara: telebista gidoilari, literatur lantegien koordinatzaile… Idazketarekin lotutako lanak.
Idaztearekin, literaturarekin…, fikzioarekin azken batean. Ikusten eta bizi dudanaz gain, balizko beste errealitate batzuetan ere sinesten dut. Imajinatze hutsa da horietara iristeko lehen pausoa; dagoenaz gain, bai baitago ez dagoena ere eta, ez dagoen horri forma ematea besterik ez da falta. Balizko errealitate horien inguruan idaztea, eztabaidatzea, hausnartzea, pentsatzea, sortaraztea, xaxatzea, jasotzea…, gustatzen zait. Inguru horretan zabaltzen dira beste rol guztiak; xaxatzailea, jasotzailea, idazlea… Ezberdinak direla ematen du baina ez dira erabat ezberdinak. Emozioak eta irudimena beti daude balizko errealitate horren barruan eta tartean.

Komunikabide ezberdinetan egiten dituzu zutabeak. Zutabegintza literaturatik oso gertu dagoen lana da, ezta?
Literaturarekin lot daiteke, bai. Iritziak ematerakoan, gauzak ikusteko edo imajinatzeko era horri neuk jartzen diot abiapuntua. Literatur ariketa moduan hartzen dut. Gustatzen zait, zure egunerokotasunarekin egoteko bide bat delako eta egunerokotasun horri beste begi batzuekin begiratzen laguntzen dizulako. Zoom-a hartu eta detailera joan. Duela bi urte hasi nintzen zutabegintzan, aurrez ere eskaini zidaten lan hori egitea, baina ez neukan iritzirik emateko gogorik. Gauza bakoitzak du bere momentua eta egia esan, gustua hartu diot zutabeak idazteari. Bere arauak dituen joko bat da: azkar, argi, takada batean irakurtzeko moduan idatzi behar duzu. Berria zarenean ondo, baina gero, kontuz; esandakoa ez baituzu errepikatu behar. Jokoak gero eta arau gehiago dauka. Apustu txiki bat da, polita. Idazkera lantzeko oso ona da niretzat zutabeak idaztea. Hitz gutxirekin asko esan nahia… Mugak hor daude, noski. Mundu bat dago komunikazioaren inguruan: buruan daukazuna, ateratzeko gai zarena, besteek irakurtzen dutena gehi momentu horretan interpretatzen dutena… Lau elementu horiek bat etortzea, eguzkia goizean hiru aldiz ateratzea bezain zaila da. Beno… Behin hori idatzi eta handik hiru egunera eklipsea izan zen eta, neuk ikusi… Agian ez da hain zaila... Agian hogeita hamabost bat urte itxaron beharko da, edo berrogei, baina ez da ezinezkoa. Ez dakit zenbat denbora iraungo dudan zutabegintzan. Esan behar nuenaren edukinontzia betetzen denean, bukatu dela konturatuko naiz eta beste edukinontzi bat bete behar dudala.

Une honetan EIEren I+G gunea diseinatzen ari zara. Zer da hori zehazki?
Ikerketa eta garapena lantzeko beka bat da. Joan zen udaberrian kaleratu zenean, aurkeztu egin nintzen eta onartu egin ninduten. Ia-ia amaitu dut lana. Ez dakit I+G gune hori martxan jarriko ote den. Egia esan, momentu honetan beste gauza asko planteatu beharra dago eta ez dakit nondik nora joango den Idazle Elkartea. Lan hori egitean ere, fikzioa egiten ari nintzela konturatu naiz, fikziozko ikerketa lan bat, ilusio bat. Laino arteko gaztelu bat da; izen horrekin, bai. Helburua, Idazle Elkartean etenik gabe egiten diren egitasmo guztien hausnarketa egin eta lan hori nola hobetu eta egitasmo berriak nola eraiki aztertzea zen. Makina beti olioztatuta edukitzeko modu bat, oinarria gaur eguna izan arren, gerora begirako ikuspegiarekin. Lana polita da, sormenarekin oso lotuta dagoelako eta sortzeko bideak aztertzen dituzulako. Baina, kultur elkarte askotan –ez Idazle Elkartean bakarrik- nora goazen eta gauzak zertarako egiten diren aztertzeko unea iritsi dela uste dut. `Ekintzak egiten ditugu, baina zertarako egin nahi ditugu?´ galdetzeko garaia heldu da. Bizitzako edo gizarteko momentuarekin lotuta dago hori. Orain hogei urte euskal kulturan gauzak egin beharra zegoen, ezer ez zegoelako. Orain `nora goaz?´, `hau guztia zertarako?´, `elkarteak zer egin behar du jende horrekin guztiarekin? Literaturarekin?´, `Zein paper dauka literaturak egungo gizartean? Ezer eman dezake, bai ala ez?´. Hori guztia planteatzeko garaia iritsi dela uste dut.

Euskal Herriko ipuinak beti izan dituzu gustuko. Zer ikusten diezu?
Ez naiz baserrikoa, baina baserri girokoa bai. Etxebarria 800 biztanleko herri txiki-txikia da. Hori batetik eta bestetik, etxean ere, amak bai baina aita zenak, gauza asko kontatzen zuen. Etxean ahozkotasuna oso bizirik sumatu dut. Aitak ipuinak, pasadizoak, kontuak, atsotitzak, kantuak…, askotan berresan ditu. Ipuin tradizionalak oso indartsuak izan dira niretzat beti. Ez bakarrik euskal ipuinak, baita Europa mailakoak ere, -asko eta asko berdinak dira gainera, lekututa daudelako aldatzen zaie forma, baina muina berdina dute-. Sorkuntza kolektiboa bultzatu dudanez, tailerretan asko erabili izan ditut herri ipuinak. Sorginenak esaterako. Garai batean sorginei buruzko liburu eta ipuin guztiak irakurri nituen. Gustukoa nuen gaia eta tailerretan gogoko nituelako erabiltzen nituen. Azken batean norberak bere gustuko gauzak egiten ditu eta gustutik transmititzen dugu dena. Hori argi eta garbi daukat.

Antropologia ikasten ari zinela sortu zitzaizun Mari Xor ipuina aztertzeko gogoa…
Mari Xorren ipuina aspaldidanik neukan. Liburuan aipatzen dut nola UEUn Bernardo Atxagari entzun nion, oraindik Obabakoak idazten ari zenean, pentsa! Ipuina irakurri zuenean, `bai polita!´ pentsatu nuen. Hitzaldiaren amaieran, liburu zaharra zenez ez nuela topatuko, baina berak etxera bat bidaliko zidala esan zidan, hiru ale zeuzkalako. Bidali egin zidan eta etxean daukat gordeta, karta eta guzti. Horrek nire ilusio eta fantasia hori oraindik eta gehiago piztu zuen, `liburu honekin zerbait egin behar dut´ pentsatu nuen. Gerora, Irakasle eskolan ipuin batzuk aztertu nituen. Mari Xor ez, luzea zelako. Hori hor neukan eta gazteei zuzendu beharreko lana zela argi neukan. Zer egin baina? Antropologian, `perspektiba feministak´ gaiaren barruan lantzea erabaki nuen. Irakasleak herri literatura oso gutxi aztertuta zegoela esan zidan eta oso gai interesgarria zela. Berotu egin nintzen eta ipuina aztertzen hasi nintzen, lehenengo eskema txikiak eginez. Geroago, `egitura sozialak´ gaiaren barruan, ipuin horren egitura sozialera hurbilketa bat egin nuen; jakinik hurbilketa bat izango zela, kontalariek osatu zutelako ipuin hori, nahiz eta hasieran norbaitek asmatu zuen.

Lotura asko atera diozu ipuinari, zuku handia…
Bai. Ipuin hau, beste asko bezala, oso-oso-oso indartsua da. Oso ondo eraikita dago gainera. Dena oso lotuta dago, dena bere lekuan, dena orekatuta. Espazioak, harremanak, pertsonaiak… Zenbat pertsonaia kolore? Zenbat emakume klase? Gizonezkoak ere bai. Jokabide desberdinak daude… Baloreak aztertu ditut batetik, beti baloreen arabera jokatzen baitugu eta horrek ideologia baten berri ematen baitigu; zerk balio duen eta zerk ez…Rolak eta harremanak aztertzea ere garrantzitsua da; konturatu gabe, kulturalki eta tradizioaren izenean, mundu sinboliko oso bat eraikitzen dugulako. Mundu sinboliko horren arabera jokatuko dugu bizitzan zehar ere. Zer egiten dugun, zer jasotzen dugun, zer kontatzen dugun eta zer iraunarazten dugun…, gu ere konplize gara. Liburu hau hausnarketarako gonbidapena da. Gauza asko egon daiteke ipuinaren barruan, besteak beste, baita alardea bera ere; tradizioarekin oso lotuta dagoen errito bat delako.

Agian emakumeen eta gizonen arteko harremanak du pisu gehien liburuan…
Bai. Azken batean, sinbolikoki idatzita dago liburua: etxea eta gatza. Kemena, indarra, boterea, dirua..., hori guztia gatza da eta etxea, gizartea izan daiteke. Eta zeinena da gizartea? Zeinena da etxea? Zeinena da gatza? Ikusgarriagoak izan dira askotan gizonezkoen jarduerak baina, emakumezkoek ere beren lana izan dute; isilekoagoa izanagatik. Hortik balorearen kontura egingo genuke salto; gaur egun zerk daukan balorea, zerk ez…`Nolako gauzak egin nahi dituzu emakume edo gizon bezala hemendik denbora batera?´, `zeri emango diozu balorea?´, `nolako emakumea nahi duzu zure ondoan?´, `nolako gizona?´, `nolakoa izan nahi duzu?´, `zer baztertuko duzu?´, `zer indartuko duzu?´ Tradizioa gure barru-barruan dago, azal-azalekoa da. Egungo begiekin eta egungo bihotzarekin eztabaidatu beharreko kontua da. Tradizioa hitzak ez du esan nahi era batera bizi behar dugunik eta hori ukiezina eta aldaezina denik. Euskaldunontzat indar handia dauka tradizioa hitzak, baliabide bat delako. Kanpora begira ere mezu hori erabiltzen dugu. Mundu global honetan, gure izate eta lekukotasun berezi hori besteen aurrean eta gure buruen aurrean defendatzeko eta erakusteko. Askotan tradizioak laguntzen digu, indarra eta ikuspegia ematen dizkigu…, baina gauza asko ez da eztabaidatu ere egiten, ustez, horrelakoak direlako eta horrelakoak izan behar dutelako. Kontuz, askotan tradizioaren izenean, eztabaidatu gabe, kontu askok onartu beharrekoa ematen du. Hor dago emakumeon papera. `Nik aukeratu beharko dut, ba, nolako emakumea izan behar dudan!´. Identitatea kontu irristakorra da eta emakume izatea ere hor dago; eskolak, tradizioak…, erakutsi digutena. Izan nahi dugunaren arabera, geuk moldatu beharko dugu nahi dugun edo ahal dugun mundu ikuskerarekin. Erakutsi diguten guztiak balio duen arren, heldutasunera iritsitakoan momentu asko baitago nola jokatu ez dakiguna. Hori guztia egin gabe dago eta guk egin behar dugu. Guk egiten ditugu gauzak eta tradizioa ere guk egiten dugu, gure zigilua jartzen gu gabiltzala onartzen dugun momentuan. Aldatu nahi badugu, alda dezakegu; moldatu nahi badugu, molda dezakegu. Ez genuke amaituko aldatzeko zenbat gauza dagoen esaten hasiko bagina. Orain maiorazgorik eta ez dago baina esaterako, oraindik euskal gizartean Arestiren esaldia erabiltzen da, `nire aitaren etxea defendatuko dut´. `Non dago ama?´ galdetzen dut nik. Liburuan agertzen da hemendik aurrera aitaren eta amaren etxea defendatuko dudala; etxea, abertzaletasuna, gizartea, kultura…, denon artean egiten baitugu dena eta denona delako dena.

Gatzak ipuinean duen garrantziarekin ekiten diozu liburuari… Nola deskribatuko zenuke gatza?
Gatzaren atzean ikerlan handia dago, oso gai polita da gainera. Oso metafora aberatsa da gatza. Euskal kulturan gatza edukitzeak garrantzia handia izan du urteetan zehar. Gatzaren ardura edukitzea ezkontzarako prest egotearekin lotzen zen. Sinbolo erlijiosoa izateaz gain, gatzak konnotazio asko dauka. Lehen dirurik ez zegoenean, gatza erabiltzen zen trukerako askotan. Hozkailurik ez zegoen garaian, janaria mantentzeko ere gatza erabiltzen zen, gatzetan gordetzen baitzen janari guztia. Tribu askotan gatza izan da oinarrizko elementua, bizimodu guztia antolatzeko modua. Mundu oso bat dago gatzaren atzean, zergak ere gatzarekin lotuta zeuden. Garai bakoitzean istorio asko eraiki da gatzaren inguruan. Gatzak bidaiak egitera eramaten gaitu: erregeengana lehenik, handik zergetara, zergek boterera, botereak elizara, elizak ideologiara… Gaia ez da sekula bukatzen eta dena lotuta dago, gainera. Irakurtzeko eta idazteko ere oso bide erakargarria da gatza, baita ikerketa bat egiteko ere. Gatzak gaurko egunetik atzera bidaia bat egiteko aukera eskaintzen du.

Ipuinaren azterketa egiteko, batetik bestera ibili zinen, tartean Lazkaoko Maizpide euskaltegiko ikasleekin bildu zinen…
Antropologiako Mari Luz Esteban irakasleak eman zidan ipuina kontatzearen aholkua. Lana egin eta gero, `orain ipuin honek gaur egun zer eragiten duen jaso beharko zenuke´ esan zidan. Duela bi urte, bero handi haiek egin zituenean, Lazkaoko barnetegira joan nintzen. Euskaldun berriak baino, urbanoak nahi nituen nik; gaur egunekoak, hirian bizi direnak… Ipuina herri-giroan eta sutondoan sortu eta iraunarazi dugula dirudi, baina ipuinak gaur egun ere zirrara sortzen ote duen egiaztatu nahi nuen. Kontalaria, neurri batean, autorea ere badela konturatu nintzen eta hipotesi hori berretsi egin nuen. Eragiten diguna transmititzen dugula, alegia. Ikasleei asko gustatu zitzaien ipuina eta nik kontatu nuen moduagatik ere izan zitekeela esan zidaten. Ipuina, berez, ez da ezer kontalaririk gabe. Gauzak guk egiten ditugu, guk ematen diegu balorea. Nik ipuina gustuko nuen eta halaxe kontatu nien. Ipuina berez gustatu egin zitzaien, baina baita niri gustatu zitzaidalako ere. Eztabaida luzea izan genuen gero, azken batean, gustuko ditugun gauza asko ez baitator arrazoiarekin bat. Bukaerarik gabeko eztabaida horretan, `lilura arrazoitu egin behar al da?´ galderara iritsi ginen. Batzuetan edertasunari gorazarre egiten diogu eta kito. Beste batzuetan, berriz, forma batzuen bidez eraiki egiten dugu eta hori arrazoitu egin behar da. Lilura eta arrazoia, bi zutabe daude hor.

Mari Xorren paperaz zein iritzi biltzen da egun?
Mari Xorri goizero dena eginda etortzen zaio, azkenean Ama Birjina bihurtzen den emakume xahar horren bitartez. Mari Xorrek denari bai esaten dio; `bai, bai, bai eta bai´. Hark esaten diona egiten du. Azken batean hark eramaten du maiorazgoaren etxera, eta, azken batean, maiorazgoa aitaren etxea da; maiorazgoa aita izango delako Mari Xorri esker. Maiorazgoak ere Mari Xorren beharra dauka maiorazgo izaten jarraitzeko; umerik gabe eta andrerik gabe ez baitauka etxerik. Mari Xorren premia ere badago, beraz. Bakoitzaren beharraz hitz egiteko unea iristen da orduan eta hori gustatzen zait niri. Ipuinetik irakurri eta lan guztia egin ondoren, atera dudan ondorio nagusiena, harremanak oso garrantzitsuak direla da. Batak bestearen beharra baldin badugu, goazen harremanak aztertzera. Gaur egun emakumeekin dauden hainbat eta hainbat arazoren sorlekura joatea.

Zuk kaleratu duzu liburua, ez duzu argitaletxe baten eskutik kaleratu.
Argitaletxeek liburua gustatzen zitzaiela baina ez zela errentagarria esaten zidaten, ez zela komertziala. Zer egin behar nuen; lana etxean gorde? Dagoeneko jende batek bazuen liburuaren berri, osatuta zegoen eta oinarri duin batean argitaratzea falta zen. Lan hura bukatuta zegoen eta amaitu egin behar nuen liburuarekin, argitaratu eta nahi duenak erabiltzeko moduan utzi. Emakundek ematen dituen dirulaguntzetara aurkeztu nintzen eta dirulaguntza jasoz gero, agian argitaletxeren baten eskutik argitara nezakeela. Azkenean, ez ziren ezkontzen diru-laguntzak. Beraz, bakar-bakarrik kaleratu behar izan nuen; dirua lortu, argitaratu… Bergarako K3 inprimategian inprimatu zuten liburua. Azala Rosa Etxabek egin du, txikitako lagun batek. Bera poz-pozik eta ni pozikago. Liburua irakurri eta bat-batean hareazko erloju bat ikusten zuela esan zidan. Ideia horretatik abiatu zen irudia osatzeko. Orain ikusita, ez da hain zaila liburu bat argitaratzea, baina momentuan…

Bibliografia zabala erabili duzu liburuan, idazle euskaldunen nahiz kanpotarren lanetan oinarritu zara hainbat eskema garatzeko...
Bai, lan hau ikerketa-lan baten emaitza denez gero, ipuinaren zati guztiak aztertzen saiatu naiz ahalik eta ikuspegi integralena erabiliz. Ondorioz, zati horietara guztietara jotzeko iturburu ezberdinetatik edan behar izan dut, nolabait, zuk diozun bezala, oinarrizko eskema edo planteamendu batzuk behar izan ditudalako, alegia, “hegaldiari” ekin baino lehen “hegazkina” finkatzeko oinarriak. “Hegazkin” ezberdinak erabili ditut, baina, zalantzarik gabe, Dolores Juliano antropoloak kultura herrikoiaz, egitura sozialaren dramatizazioaz, emakume eta folkloreaz eta zeharkako jokoen nondik norakoaz egiten dituen hausnarketak oinarri-oinarrizkoak izan zaizkit hegaldi guztien lotura eta mapa osatzerakoan.

Zein egoeratan ikusten duzu egungo ipuingintza?
Hor bereizi egin beharko genuke ipuingintza herrikoia eta gaur eguneko ipuingintza. Lehenengoa kontalariekin lotura dago eta alderdi horretatik uste dut ipuin kontalaritza haurrekin loturiko ekintzatzat hartzen duela jendeak. Eskoletan ere kontatzen direla uste dut, baina, zortzi edo bederatzi urte arte. Handik aurrera, badirudi ipuin herrikoiak ez duela lekurik eta gehiago jotzen dela egungo idazle eta lanengana. Batak ez du kentzen bestea, ordea, niretzat ipuin herrikoiek pertsonaren ohiko pasioetara jotzen dutelako zuzen-zuzenean, eta, ondorioz -esku artean dugun lana lekuko-, hainbat eta hainbat gai kontenporaneo lantzeko aukera paregabea dira: baloreak, rolak, ideologia, egitura sozialak, identitatea, norbera eta besteak, norbere nahiak eta ingurua, harremanak, desioak, ezinak, nahiak, beharrak, ametsak, utopiak, jaiotza, heriotza, kateak, amodioa, askatasuna... Horretarako, ordea, lehenengo eta behin, bitartekariek balore horiei erreparatu behar. Bitartekari diodanean esan nahi dut guraso, liburuzain, monitore, irakasle eta abar...
Gaurko ipuingintzari dagokionez uste dut bere lekua hartzen ari dela. Ipuin herrikoiarekin gertatzen den moduan, normalean jendeak ipuina, genero bezala, haurrekin lotzeko joera izan du, baina, azken urteotan uste dut gaurko ipuingintza erakusten ari dela bere benetako balioa, irakurlea haurra, gaztea ala heldua izan.

Zein asmo duzu aurrerantzean?
Idazten jarraitzeaz bat, literaturaz gozatzeko eta gozarazteko egitasmoak antolatzen jarraituko dut, izan tailer gisa, izan literatura egunerokotasunean integratzeko bestelako ekimen moduan.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta