Idazleak - Yolanda Arrieta Malaxetxebarria - Hemeroteka - Soineko berria

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteka

Euskaldunon egunkaria

2002-01-05 Soineko berria | Ana Urkiza

Ez da nahikoa esatea Jostorratza eta haria, segur aski, Yolanda Arrietaren lanik bikainena dela. Ez da nahikoa esatea haur eta gazte literatura genero txikitzat duten irakurle eta kritikoentzako lezioa paregabea dela obra honekin Arrietak helduen unibertso literarioari egin dion ekarpena. Zer garen galdetuz hasten du liburua idazleak: ikasten duguna edo berezkotik dakarguna? Jaiotzear dagoen alabari ama batek historiaz eta denboraren iraganaz egiten dion hausnarketa da Jostorratza eta haria.

Historia eta denbora etenik eta ertzik gabeko oihalak direla konturatzen da idazlea: "Jostorratzez eta hari ezberdinez josten goazen historia-istorio multzoa gara, eta era berean, istorio historia horien haziak jaiotzen garenean gurekin datoz". Bizitzaren etengabeko joana azaltzeko, historia joskintzarekin konparatzen duen metafora amaigabe bat eraiki du Arrietak: soinekoa da bizitza; soinekoa garai ezberdinak lotzen dituen elementua; soinekoa, garai berriei egokitzeko egiten dugun ahaleginaren irudia. Soineko berria, finean, aurrezarritako gizarte arauen eta historiaren bilakaeraren noraeza kritikatu nahi dituen idazlearen joste saioa.

Denboraren joanak kezkatuta dago idazlea, eta ikuspegi antropologiko aberats batez jantzi du bere lan hau, historiaurretik hasi eta gaur egunerainoko gizarte eraketaren edo bizitza moldatzeko eren azalpen literarioa eskainiz.

60-70-80ko hamarkadako eraldaketek kolpatua, idazlea konturatzen da bizitzan gauza gutxik jarraitzen dutela aldatu gabe. Giza izaeraren eta historiaren joanean giza bilakaeraren ezagutzaile da Arrieta, eta mundu nahasi honetan gauza asko aurkitu ditu josteko. Josteko garaian gaudela dio: iraganeko zuloari jostorratza sartu eta birjosten hasi beharreko tenorean. Liburu osoa metafora bat da, ikasgai bat, irakurlea jostorratza behar den zuloan sartzera gonbidatuko duen hausnarketa etengabea.

Ahots anitz

Yolanda Arrietak ahots propioa dauka. Poetikoa. Iradokitzailea. Jostaria. Esaldi laburrak dira bereak, hitz jokoz eta metaforaz josiak. Eta irakurleak lotu beharko ditu esaldiak, ideiak eta pasarteak.

Dokumentazio lan izugarri baten fruitua du azken lan hau Arrietak. Dokumentu hilak zein biziak erabili ditu horretarako, liburutegietan gordetako josteko patroiak zein bere inguruko familiakideei eginiko elkarrizketak. Idazleak jaiotzear dagoen alabari josten irakatsi nahi dio, baita narratzaileak irakurleari ere. Batak zein besteak, birjosi beharra daukan bizitza honi adabakiak nola atondu azalduko dute.

Arrietak askatasun handiz idatzi du. Erritmo, ahots, denbora eta ikuspegi anitz erabili ditu; historia bat sakonean, istorio anitz azalean, jostearen artearen deskribapena harian, giza izaeraren zergatiaren oihala mahaian.

Pertsonaiei dagokienez, jaiotzear dagoen alabaren amaren, amamaren, amonaren, aitonaren eta birraitonaren ahotsak entzuten dira eleberrian, baita narratzaile neutro, gomendio-emaile eta irakurketa gidatzen duen batena ere, eta bakoitzari bere euskalki edo herri hizkuntza egokitu dio. Hizkera erabilera hau oso egokia da irakurlea denboran eta espazioan kokatzeko, hizkerarekin batera baitatozkio irakurleari garaien arteko aldaketak interpretatzeko giltzak.

Binomio etengabea

Eleberria sei atalek osatzen dute. Azaleko egituran, josteko erremintak zeintzuk diren, josteko moduak, soinekoaren atalak, ohial eta harien aukeraketa nola egin eta nola birjosi jakiteko gomendioak ematen zaizkio irakurleari, denboraren joanean eta mundua interpretatu behar horretan irakurleak bere burua koka dezan.

Atal bakoitzak sarrera bat dakar, atal osoaren arrazoia aurreratuko eta sakoneko historiaren interpretaziorako balioko duena. Eta atal bakoitzeko istorio bakoitza mezu bat da. Sakoneko historiaren atal bat, eta, era berean, esateko modu berri bat. Mezu bakoitzak azpi-ipuin bat dauka, eta ipuin bakoitzak bi zati: bat, historia, eta bestea, jostearekin zerikusia duen azalpen paraleloa. Binomio etengabea da liburua, historiaren azalpenaren eta istorioen arteko uztarketa, denboraren joanaren eta jostearen arteko konparazio taigabea, edukiaren eta formaren arteko borroka amaiezina.

Yolanda Arrieta, mundua ulertu nahian, historiari eta iraganari adabakiak jartzen dizkiogula esatera datorkigu. Berak, soineko berri baten joskintzarekin jolastuz, milurteko berriko atorrek nolakoak izan behar duten esango digu, eta batez ere, astegun eta igandeetako arropak nahastea aldarrikatuko du.

Jostorratza eta haria irakurri ondoren, irakurleari pret-a-porter erosteko gogoak uxatuko zaizkio. Ez litzateke gehiegi esatea, liburu hau irakurri ondoren, batek baino gehiagok izango duela josteko makina zaharrari hautsak kendu eta aspalditik buruan darabilen patroiren batekin soineko berria josteko tentazio sanoa.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta