Idazleak - Yolanda Arrieta Malaxetxebarria - Hemeroteka - "Gustuko ditut zehar-erronka eta ironia"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteka

Ortzadar

2009-07-18 "Gustuko ditut zehar-erronka eta ironia" | Patxi Sarriegi

Gaur egungo gizarte post-modernoan nola bizi dugun askatasuna eta askatasun horren alderdi argi-ilunak, Yolanda Arrietak idatzitako azken eleberriaren muina. Eraikin batean kokatu ditu egileak liburuko istorio guztiak, eta sartu-irtenean ibili da, ikusle, aldi bateko biztanle, bisitari edota entzule gisa. Bere esanetan, liburua ez da amaitutako istorio bat, asko baizik. Era horretara, hiria eta askatasuna bikotea buruan, ahalik eta biztanle gehien erabili ditu Arrietak kontakizunean, ikuspegi eta jokabide ezberdinak sartu asmoz, izenburuak dakarren argi-ilun sentsazio horri erantzunez.

Off-on izenburuko eleberri-puzzlea argitaratu berri duzu. Nondik nora hasi zinen liburu hau idazten?
Duela urtebete inguru modu jarraituan, gipuzkoako Foru Aldundian literatura sortzeko diru-laguntza bat eskatu nuenean, proiektua antolatzen hasi nintzenean, baina, haziak, hots, sentsazioak, ideia, nahia... bizpahiru urtetan sortzen joan den prozesu bat izan da.

Liburua ez da amaitutako istorio bat, asko baizik. Ba al dute beren artean loturarik?
Batzuk bai, besete batzuk ez. Eraikin batean kokatu ditut denak eta ni sartu-irtenean ibili naiz, ikusle, aldi bateko biztanle, bisitari edota entzule gisa. Pisu bakoitzeko etxe bakoitzean biztanle bakoitak zati bat kontatzen du eta familiei dagokienez, partaide guztien zatiak irakurtzean bakoitzari buruzko informazio gehiago lor dezake irakurleak. Horrez gain, badaude pertsonaien arteko lotura asko, pisu arteko konexio-deskonexioak ere, edozein eraikinetan gertatzen direnak bertako jendea ezagutzen hasten zarenean...

Zein da liburuak kjorratu nahi duen muina?
Gaur egungo gizarte post-modernoan nola bizi dugun askatasuna,hots, askatasun horren alderdi argi-ilunak. Tradiziotik salto egin eta imajinario iritarrean gizakiaren askatasuna bilatzen dugu, hau da, nolabaiteko h iri mentalitate bat, non subjektu bakoitzak berak aukeratzen baitu zer bizimodu egiin nahi duen, tradizioak edota tribuak ezarritako paper, rol eta jokabideei amen egin gabe. Hortik izenburu iradokitzailea: Off, alegia, kanpo, solte, itzalita, anonimatuan egotearen alderdi ON-a, eta era berean, Off-On, batzuetan itzalita, hurrena piztuta, eredu argirik gabe, egitura finkoegi gabe, nolabaiteko intermitentzian bizi dugu egungo garaia.

Testu laburrak ageri dira bertan, hitz gutxirekin indarra esaten ez den horretan jarri nahi izan duzu. Zer dela eta?
Gustuko dut laburrean idaztea, zehar-erretorika eta ironia, jende batekin gauzak erdizka edota metafora bidez esanez sortzen den konplizitatea. Dibertigarria iruditzen zait asmakizun antzeko jokoan aritzea. Liteartura, irakurlearekin sortzen duzun harreman-joko bat ere badelako. Hala ere, testuak bere horretan ere irakur daitezke, ziur nago irakurle bakoitzak bere zentzua aurkituko duela, ezeren bila joan gabe ere, konplizitate hau oso inkonszintea delako. beraz, jendeak irakur ditzala testuok, lasai, atzekoz aurrera edo jarraian, banaka-banaka edo nahi duen moduan, unea gozatuz... uretan balego moduan.

Zein irakurle mota izan duzu buruan liburua idazterakoan? Nolako harremana sortzea nahi zenuke irakurlearekin?
23-60 urteko jendea izan dut gogoan, heldua izateko bidean dabilena edota heldutasun bide horren erdi-erdian dagoena... Konplizitate-harremana sortu nahi izan dut, irakurle aktibo baten aldeko apustua egin dudala esan daiteke; hori ikuspegi murriztailea ere izan daiteke, bakoitzak bere erara interpretatzen duelako errealitatea, eta kasu honetan, batzuk nire jokoaren ehuneko 80a jaso arren, beste batzuk beste irakurketa bat egingo dute, nire ikuspegiarekin zerikusi handirik ez duena. Beraz, bakoitzak bizi dezala esaten dudana nahi duen moduan, liburua dagoeneko, ez baita nirea; irakurleona, baizik.

Haurrak, gazteak, bikoteak, helduak, zaharrak... era askotako pertsonaiak azaltzen dira liburuan zehar.
Bai, eta objektuak, aldarteak, ikuspegiak... Eraikinaren egiturak asko lagundu dit horretan. Batetik, errazago eta libreago utzi nahi nuen neure burua sortzeko prozesuan, eta, bestetik, hiria eta askatasuna bikotea nituelarik buruan, ahalik eta biztanle gehien erabili nahi nuen, ikuspegi eta jokabide ezberdinak sartu asmoz, izenburuak dakarren "argi-ilun" sentsazio horri erantzunez.

Helduentzako narratiba nahiz haur eta gaztentzakoa ere jorratu dituzu argitaratutako hainbat liburutan. Non aritzen zara erosoago?
Bietan, biak dira sorkuntza, biak dira literatura. Norekin ari zaren da kontua, batzuetan neure alderdi helduarekin, besteetan neure alderdi gazte edo umearekin... Denak daude neure barruan eta batarekin zein bestearekin aritu, informazioa nola jaso eta kudeatzen dudan da kontua, eta, noski, gero informazio hori irakurlearengana iristeko moduan kudeatzea, egituratzea eta kontatzea. Literatur generoa baino gehiago enpatia kontua dela uste dut, nahiz eta, ezin uka, idazleok ere merkatuaren sistemako partaide izan.

Liburu honetan nabarmenduko zenukeen pasarterik...
Askatasunaren eta askatasun horrek pertsonaiengan sortarazten dituen argi-ilun horiek biltzen dituena: "5A-ko Gizakia" (51.or); bestalde, neure askatasun-aukera, artean aurkitzen dudan utopia, ametsa: "Zeru, izarrarte, izartegia" izenburua duena.

Esaldi motzak eta akzioz eta irudiz beteak erabili dituzu. Zer bilatu nahian?
Zentzuen bidezko irakurketa emozionala; instante motz indartsuen uneko zaporera eta ondorengo arrastoa. bonboi baten efektua.

dokumentua jaitsi | 131.2 Kb.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta