Idazleak - Yolanda Arrieta Malaxetxebarria - Hemeroteka - "Artikuluok zentzuetatik iragazitako errealitatearen islak dira"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteka

Ortzadar

2009-02-03 "Artikuluok zentzuetatik iragazitako errealitatearen islak dira" | Patxi Sarriegi

Egunerokotasunetik abiatutako hausnarketa zabalak eskaintzen ditu Yolanda Arrietak bere azken liburuan. Prentsan argitaratutako artikulu labur-mamitsuak dira, eguneroko bizimoduari begiratzeko modu pertsonala agertzen dutenak. Detaile txikietatik eraikitako gogoetak dira askotan, gaurkotasun bete-betekoak bestetan. Yolanda Arrietaren esanetan, iritzia eta emozioa bildu ditu berauetan, bizitzaren alde gordeak deskubritzeko bideak gertatu zaizkio artikuluok.

2004tik 2007ra bitartean Deia eta Berria egunkarietan argitaratutako arikuluak argitaratu dituzu liburu berrian. Nola sortu zen liburu hau argitaratzeko ideia?
Ariketa literarioak izanik, material pila batekin aurkitu nintzen, ez nintzen gogoratzen oso ondo zer esanda neukan eta zer ez. Esanda neukan hori guztia nolabait bildu beharra neukala ohartu nintzen, berriro ez errepikatzeko, eta aldi bati atea behar bezala itxi eta hurrengoa zabaltzeko.

Zenbat artikkulu bildu dituzu liburuan? Zeren arabera aukeratu dituzu?
Ez dakit oso ondo zenbat diren, ez baititut zenbatu. Asko dira aukeratuak, asko ere utzi ditudanak. Gustukoenak aukeratu ditut, niri neuri, oraindik ere, zerbait esaten didatenak eta, era berean, bizi dugun garaian, aldaketak aldaketa, oraindik ere adierazgarri zian daitezkeenak gaiaren trataeragatik nahiz albiste iturriaren eboluzio ezarengatik.

Ipuina, fikzioa, kritika, gogoeta... zer gailentzen da liburuan zehar?
Egunerokotasunetik abiatutako hausnarketa zabalak. bizitzari begiratzeko modu pertsonal bezain sozialak. Detaile txikietatik eraikitako ariketa literarioak. Zentzuetatik iragazitako errealitatearen islak... Edukietatik eraikitako formak dira, irakurleak esan dezala zer diren.

Gure gizartea azaltzen duten artikuluak ere sartu dituzu; esate baterako, Familia, Etxeko ardurak, Aitaren eguna... nola bururatzen zaizkizu gaiak?
Hasieran, ohiko iritzi artikuluaren formari heltzen nion idazteko orduan, baina beti gertatzen zen zerbait, albiste gisa, garrantzitsuagoa zena eta, ondorioz, beti zalantzan ibiltzen nintzen. Ez nuen gozatzen. Beraz, formula berri bila hasi nintzen: "adi egongo naiz bizitzari baina bakarrik barruan 'dindilin' egiten didaten horiei helduko diet" pentsatu nuen. Eta halxe egin nuen. Adi egotean, beti dago zerbait deigarri egiten zaidana, eta horri tira eginez ohartu nintzen, plazerrez ez ezik, arin eta solte ere idazten nuela, eta, gainera, idatziak berak neure burua definitzen ere laguntzen zidala. Laburtuz, iritzia eman beharra barik, emozioa jarri nuenean idazteko giltzarri, dena aldatu zen eta gaiak berez etorri ziren.

Komunikabideek zabaltzen dituzten estereotipoak alde batera uzten saiatu zara artikuluotan...
Bai, idatziok neure burua bilatzeko eta definitzeko bilaketa-ariketak izan diren neurrian, horretan saiatu naiz.

Gogoetarako testuak dira, denborapasakoak baino?
Batak ez du bestea kentzen. Zergatik ez, denbora pasatu, bide batez gogoeta eginez?

Liburuan hainbat pertsonaia ere gogoratu dituzu, esate baterako, Jose Martin Apalategi edo Asun Balzola...
Bai, eta Andolin Eguzkitza, Bego˝a Bilbao, Juan Mari Lekuona... Tokatu egin zitzaidan eta neure akorduan gorde izan nituen, bizitzea egoki zaidan aldiko kideak izan direlako, batzuk ezagunagoak beste batzuk baino, baina guztiak, aldi honetako bizikide eta guztiak garaiotako erreferentzia. Bide batez, heriotzari neure zentzu propioa bilatzen lagundu didate, maite ditugun eta alde egiten diguten horiek guztiak beste nonbait daudela gure zain sinestu nahi dudalako.

Zenbaitetan txikitako oroimena berreskuratzeko lagungarriak gertatu al zaizkizu honelako artikuluak?
Txikitako oroimenek gaurko ahotsa eraikitzen lagundu didate. Haur ahotsa, handiak garenerako, amatatzen utzi beahr ez den txinparta dela begitantzen zait.

Gertuko kontuez idaztea errazagoa al da aspaldikoez baino?
Aspaldikoa gertuko egiten dugunean ez dago bereizketarik. Emozioak eta arrazoiak batera lan egiten dutenean, denbora eta espazioa zerbait deskubritzeko erronka bihurtzen dira; elkarren kide, ez etsai.

Non sentitzen zara erosoago, prentsarako artikuluak idazten ala haur eta gazteentzako ipuinak sortzen?
Unean unekoa. Badira aldiak neure alde heldua lantzekoak, badira neure haur edo nerabe aldeak lantzekoak... Idaztea, sortzea eta bizitzea geure alde gordeak deskubriteko bideak direla uste dut eta bide horiek asetzen saiatzen nahiz unean uneko une errepikaezina ahalik eta beteen biziz; bizitza, ura lez, badoalako...

'Maite kuttuna' dela eta ETBri kritika egiteko idatzi duzu artikulu batean.
Ba, bai, baina halakoak botatzen jarraitzen dute. Dena den, egunotan irakurri berri dut haurren telebistako programak begiratzeko eta zaintzeko eskatu dutela gobernuan... Etxeaen hasten da umearen gobernua baina, gaur egun, etxeak adina eragin dauka gizarteak ere eta, zalantzari gabe, telebista da horren isla bat. Uste dut gehiago begiratu beharko genituzkeela beraren bidez transmititzen ditugun irudi, emozio, rol, balore eta harreman-motak, beti ere, aitakera orotik urrunduz baina jakinaren gainean egonda helduok garela ondorengoei jaten ematen diegunak. Eta, zer jan, hura zara...

Ia liburu bukaeran 'Sari bat irudimenari' izenekoan Ikastolen Elkarteak Londresen jasotako sariaz diharduzu.
Bai, halako berriak gure 'imajinarioa' elikatzeko moduko albisteak direlako. Bertan agertzen da zergatik: euskaratik abiatuta egindako lanagatik, hezkuntza, umeak eta etorkizuna eraikitzeko ahaleginagatik, gizonezko eta andrazko arteko lankidetzagatik, eta antzeko lan isil eta esker gutxikoetan dabiltzan guztientzako keinu positiboarengatik.

dokumentua jaitsi | 208.5 Kb.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta