Idazleak - Yolanda Arrieta Malaxetxebarria - Hemeroteka - "Ama batek alabarentzat idatzi-jositako istorioa da"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteka

Argia

2001-12-09 "Ama batek alabarentzat idatzi-jositako istorioa da" | Pilar Iparragirre

Nor da Yolanda Arrieta, «Jostorratza eta haria»ren egilea?
Hirurogeiko hamarkadan jaio nintzen. Gurean ez zen telebistarik, eta nik etxeko ezkaratzean deskubritu nituen hitzen arteko jostura anitzak, mahai gainean periodiko orria zabaldu eta gainean koadernoa jarrita, amak bere jostekoekin lur guztia hariz eta oihal txatalez betetzen zuen bitartean. 70eko hamarkadan eskola eta herri handiagoak ezagutu nituen, eta auzoko herrietakoen hizkera doinu ezberdinak, amak hariak sartu eta hariak atera, soineko barrenak albaitzen zituen bitartean. 80ko hamarkadan, amak bakarrik jarraitu zuen josten, eta ni, ikasle pisuetako sukalde txikietan lehen bizipen oroitzapenak idazten eta josten hasi nintzen. 90eko hamarkadan, biluzik somatu nuen neure burua, eta orduan, aldi berriari soineko berri bat egitea erabaki nuen.

Eta nolakoa behar zuen soineko-idazlan berriak?
Adabakiz betea. Txikitako oroitzapenek, etxean jasotako kontuek eta urteak aurrera joan ahala izandako bizipenek osatuko zuten. Haria, berriz, oso ohikoa izan arren, gertu suertatzen denean erabat berezi bihurtzen zaigun gertaera, nor bere aitaren heriotza eta nor bere umearen jaiotza bezalakoa, hau da, bizitzaren etengabeko gurpila.

Soineko horrek patroia ere beharko zuen, bada...
Jakina. Hiriko liburutegi batean josten ikasteko eskuliburu zahar bat topatu nuen, eta neuzkan idazki-adabakiak bertako hiztegi eta eskemetara egokitzen joan nintzen. Gero, istorioaren historiaurrea asmatu nuen, eta ondoren, harentzako mito sortzailea. Halaxe sortu zen, gutxi gorabehera, "Jostorratza eta haria", ama batek jaiotzear dagoen alabarentzat idatzi-jositako istorioa.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta