Idazleak - Xabier Lete Bergaretxe - Hemeroteka - Berria aldizkarian argitaratutako azken elkarrizketa (2009-01-30) Euskal gizartearekin mesfidati bizi izan naiz arlo askotan

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Xabier Lete Bergaretxe > Hemeroteka

Berria

2009-01-30 Berria aldizkarian argitaratutako azken elkarrizketa (2009-01-30) Euskal gizartearekin mesfidati bizi izan naiz arlo askotan | Juan Luis Zabala

«Euskal gizartearekin mesfidati bizi izan naiz arlo askotan»

«Galeraren zentzu bat» da nagusi Xabier Letek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944) bere liburu berriko poemetan ohiko gai nagusiei (bizitza, heriotza, maitasuna, adiskidetasuna, aberria, haustura, edertasuna...) egiten dien errepasoan. Baina galera guztien errepasoak esperantza bihurtzen den premia batera darama poeta: berraurkikuntzaren sinesmenera. 15 urte eman ditu Letek poema libururik argitaratu gabe, eta, orain, liburua plazan dela, ados dago bere lanaren emaitzarekin. «Ez dakit poema onak edo txarrak idatzi ditudan», dio. «Baina badakit neure barruko egia agertu dudala, egiatia izan naizela eta hor ez dagoela betelanik, ez dagoela txorakeriarik. Horretaz ziur sentitzen naiz».

«Berraurkikuntza» hitza aipatzen duzu liburu berriko poema askotan. Berraurkikuntzaren premia, nahia, ametsa... Zer litzateke berraurkikuntza hori zuretzat?

Nik behar handi bat sentitzen dut mundu honetan maite izan ditudan haiek nonbait, ez dakit non eta nola, berraurkitzeko; bereziki Lourdes [Lourdes Iriondo, emazte zena]. Ideia horretan gero eta sendoago nago, eta neure burua behar horretan estutzen dut, edo esperantza horretan bermatzen. Nire lagun sinestun batek dioen moduan, berraurkintzarik ez dago mundu honetako bizipenak ez badu geroan irauten. Beste lagun batek dio ez duela haragiaren piztueran sinisten; hori ere plausiblea da. Orduan, zer da iraungo duena? Espiritua? Eta non kokatuko da? Zer itxura hartuko du? Aurki gintezke haiekin? Denak galderak, erantzun zehatzik gabekoak. Batetik, urteak dira berraurkikuntzaren behar hori sentitzen dudala, eta azkeneko hiru urte hauetan, Lourdes joan zenez geroztik, behar izugarria sentitzen dut; bestela, zer zentzu du honek guztiak? Bestetik, ordea, badakit ezin dudala berraurkikuntzaren modua ikuskatu. Hor bizi naiz.

Nolakoa izango den ezin ikuskatu duzun baina beharrezkoa duzun berraurkikuntza baten esperantzan...

Bai, esperantza horretan bizi naiz eta esperantza horretan bizi nahi dut. Azken finean, neure buruari esaten diot berraurkikuntzaren esperantza horretan bizi banaiz berraurkikuntza hori gertatzen ari dela, egunero. Esperantza horretatik mintzatzen natzaio nire zain dagoenari. Gero azkenean porrot bat izango dela? Hutsune bat? Hori ere gerta daiteke, baina sinistu nahi dut ezetz, ez dela izango porrot bat. Horixe da liburuko azken poemaren gaia.

Zure poema liburuak ez bezala, erlijioek berraurkikuntza molde aski zehatzak aurkezten, deskribatzen eta iragartzen dituzte.

Niretzako berraurkikuntzak ez du forma zehatz bat. Nik ezin diot forma zehatz bat eman. Erlijio katolikoaren dogmatika jarraituz, hori hilen piztueran gauzatuko dela sinistu behar genuke. Niri asko kostatzen zait hori kontzebitzea. Baina erlijiotik bakarrik al du berraurkikuntzaren itxaropenak zentzua eta plausibilitatea? Nik uste dut ezetz. Nolanahi ere, berraurkikuntzaren gaiak zerikusi handia du erlijioarekin. Transzendentziarik ez badago, eta trasnszendentziari ez badiozu bide bat ematen, oso zaila da berraurkikuntzaren baitan sinistea, oso zaila da mundu honetatik haratago legokeen ezeren baitan sinistea.

«Eta zer, Jainkoa / otoitzekin eraikia / gure biluztasunean baizik ez bazina», diozu poema batean. Lourdes Iriondori hil ondotik Urnietan egin zenioten omenaldian irakurri zenuen poemaren hasiera da.

Geure baitan dagoen galdera bati erantzungo lioke poema horrek. Sinestuna zer da? Sinestuna da Jainkoaren baitan sinisten duena, edo sinistu nahi duena, otoitz egiten duena, Jainko horri hitz egiten diona, eskatzen diona, Jainko horrekin solasten dena, eta Jainko horrekin -niri askotan gertatzen zaidan bezala- borrokan eta liskarrean dabilena. Sinestuna hori da, eta sinesmen mota horietatik Jainkoarekin mintza daiteke. Baina sinesmenik edo sinisteko gogorik ez duenarentzat, harreman horretan sartzeko gogorik ez duenarentzat, Jainkoaren arazoak ez du plausibilitaterik. Txorakeria bat da Jainkoa badela edo ez dela aldarrikapen publikoak egiten hastea. Hori dena azkenean erretorika da. Eta Jainkoa azkenean gure otoitzean baizik ez balego?

Poesia otoitz modu bat da, «otoitz etsiperatua», poema liburuarekin bateratsu kaleratu duzun Poesiaz gogoeta bat (Pamiela) saiakera laburrean diozunez. Zure poemek asko dute otoitzetik.

Poesia otoitz bat da, batzuetan transzendentea, Jainkoari bideratua; eta beste batzuetan geure izateari eta geure iraganari egiten diogun otoitz minberatua, mingarria sarri. Liburu honetako poemetan iraganera begiratu dudanean alde onak ikusi ditut, baina baita iluntasunak ere, penak eta batez ere kulpak; liburu honetan asko dago horretatik. Horretaz mintzatzen naizenean, balirudike barkamena eskatzen ari naizela, eta hori azken finean otoitza da.

Zer leku du Egunsentiaren esku izoztuak poema liburu berriak zure poesia ekoizpen osoaren testuinguruan?

Poesiari dagokionez, nik uste dut azken hiru liburuetan nitaratu naizela batez ere: Zentzu antzaldatuen poemategia, Biziaren ikurrak eta Egunsentiaren esku izoztuak. Nik uste dut poeta gisa Zentzu antzaldatuen poemategia-n hasi nintzela ni izaten, literaturan batzuetan egiten ditugun piruetak eta itxurakeriak alde batera utzita. Pentsatzen dut horrek heldutasun pertsonal batekin zerikusia izango duela. Bizitzak, onerako edo txarrerako, helarazi egiten gaitu. Nik adin bat badut eta zorionez garaiz etorri zait heldutasuna, edo heldutasunarekiko ustea behintzat.

Zerk bereizten du Egunsentiaren esku izoztuak aurreko bi poema liburuetatik?

Azken liburu honetan egongo lirateke, laburbilduta, bizitza baten esperientzia nagusi gehienak: bizitza, heriotza, maitasuna, urradurak, iraganean zeuden lurraldeak, biziguneak, bidaiak, udak... hori dena. Azken liburu honetan legoke galeraren zentzu bat. Bizitza galtzen dugu, maitasuna galtzen dugu, osasuna, lagunak, adiskideak, lurraldeak... Baina liburu honek ez zukeen biribiltasunik izango, eta ez dakit argitaratu ere egingo zen ere, azkeneko atala gabe. Duela 13 bat urte hasi nintzen liburu honetako poemak idazten. Baina iruditzen zitzaidan ardatza falta zitzaiola, zentzu osoa emango zion zerbait, eta hori Lourdesen heriotzarekin etorri zen. Lourdes hil zenean, hasi nintzen gogoetatzen poesian adieraz ote nezakeen galera hori, eta neure buruari baietz erantzun nionean hor aurkitu nion liburuari zentzua.

Liburuaren funtsezko atala da, beraz, Neguan izan zen izenekoa, azkenekoa.

Bai. Atal hori da, nire ustez, liburuaren ardatza. Liburuko poemetan pluralean hitz egiten dut, gutaz ari naiz, eta beti dago presente Lourdes. Artifizio literario bat ere bada, baina hori psikologikoki gauzatzen da, liburuan, Lourdesen ausentzia fisikoarekin. Horrek eman dio tonua liburuari, dena batzen duen tonua: interpelazio bat, galdekatze bat, hurbiltze bat... «zuk», «esan genuen», «ibili ginen», «esan zenidan», «erantzun nizun»... Metafisika baino gehiago, errelato txiki batzuk bezala egin nahi izan nituen. Heriotzari buruz eta galerari buruz gogoeta metafisikoak idatz daitezke, baina pentsatu nuen bestelako zerbait egin behar nuela. Gainera, ez zitzaizkidan horrela atera, hurbileko zerbait bezala baizik. Zauri bat bezala. Zaurietatik odola eta pozoia ateratzen direla esaten dute. Eztia ere bai batzuetan. Goxotasuna eta garraztasuna.

Abestitzak eta poema kantatuak (Elkar, 2006) liburuaren sarrera oso zeure sentitzen omen duzun Cesare Paveseren aipu batekin amaitu zenuen: «Izan zen gizon bat / saiatu zena, / baina ez zuena asmatu». Kanpotik begiratuta, ordea, esan daiteke «asmatu» duzula, gauza batzuetan behintzat: zure lan batzuk indar handiz eta sustrai sendoz iritsi dira jende askorengana.

Hori bai, hori egia da. Orain dela gutxi esan dit Ez dok Amairuko adiskide batek batzuetan oso modu inprudentean mintzatzen garela gure iraganaz, oso autokritikoak agertzen garelako, eta ez garelako konturatzen zenbateraino izan ginen jende askorentzat erreferentea. Baina neuk egin dudan lan pertsonalari, batez ere kantari gisa egindakoari, ikuspegi autokritiko batez eta jendeak pentsa dezakeenetik haratago begiratuz gero, nik ikusten dut ahaleginak badaudela, asmoak eta anbizioak badaudela, baina gero lortu dudan hura beti txikiagoa geratu dela. Esan izan didate Paveseren esaldi hori oso erretorikoa dela, ez duela nork bere burua hainbeste biluzi behar. Baina nik deklarazio hori egiteko beharra nuela sentitu nuen. Jendearen aurrean biluzterakoan izaten da egia bat esatearen beharra ere. Horrek, gainera, harreman estua du asko kezkatzen nauen beste gai batekin: garailetzarekin.

Zer kezka duzu ba garailetzaren inguruan?

Niri garaileak gero eta gutxiago gustatzen zaizkit. Denok gara oso hauskorrak, eta garaile izatetik galtzaile izatera oso urrats txikia dago: gerta daiteke gaixotasun bat, porrot afektibo bat; gerta daiteke gizarteak berak bizkarra ematea; gerta daiteke zahartzaroa... Garaileek pena sentiarazten didate.

Zeu ez zara inoiz garaile sentitu?

Bai, neu ere sentitu izan naiz garaile une batzuetan; ez askotan. Kantaldi biribil baten ondoan jendeak maitasuna adierazten dizunean garaile sentitzen zara, Jainkoa bezala. Baina handik hiru minutura oholtzatik jaitsi, zigarro bat erre, tresnak biltzen hasi eta ez zara ezer. Bukatu da garaipena. Garaipena oso hauskorra eta denbora gutxikoa da. Horri buruz oso gauza polita esan zuen behin Miguel Indurainek. Laugarren edo bosgarren Tourra irabazi zuenean, galdetu zioten ea zer sentitu zuen Eliseo Zelaietako podiumean jendea txaloka eta komunikabide eta autoritate guztiak berari begira zituela; eta Indurainek erantzun zuen kosta egiten zitzaiola txalo haiek berarentzat zirela sinistea, txaloek irrist egiten ziotela iruditu zitzaiola, atzera begiratzeko gogoa sentitu zuela txaloak beste norbaitentzat balira bezala. Nik ere sentsazio berbera izan dut inoiz txaloak jasotzean, eta oso adierazpen inteligentea iruditu zitzaidan Indurainena.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta