Idazleak - Xabier Galarreta - Laginak - Kosmogonia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Xabier Galarreta > Laginak

Narratiba

2001 Kosmogonia | Hiria

Kosmogonia liburutik ateratako mikroipuinak

[...]

LXX


Botila barruan sartuta, mezuak ehunka urte zeramatzan itsasoan. Benetako naufrago batek itsasora jaurkitako botila mezuduna zen. Ehunka urte igaroak ziren geroztik eta naufragoa jada hilda zegoen, noski (egarriak, goseak eta bakardadeak jota edo gizajaleek janda, auskalo). Baina botilak itsasoak zeharkatzen jarraitu zuen, bere barruan benetan hil edo biziko mezua eramango balu bezala, olatuen jostailu, itsas korronteen adiskide. Botilak frogatzen zigun mundua egiatan biribila dela, eta beraz, infinitua ere badela (kosmosa bezala, hots, biribil eta amaigabea, hots, amets bat bezala, hots, gu guztion zain omen dagoen Eternitatea bezala). Itsasoan haizeak orro egiten zuen askotan -hori baieztatzeko bertan inor inoiz egon ez bazen ere, gure botila ausarta izan ezik-. Egun batean, ordea, botila hondartza batera heldu zen, non mutiko bat jolasten ari baitzen. Botila atzeman, mezua barrutik atera eta irakurri egin zuen. Honela zioen: Salba zaitez. «Itsasoan ehunka urte zeramatzan botila barruko mezuaren istorioa» hori da.

[...]

LXXXV


Gizon hark hizkuntza guztiez zekien. Duela milaka urte, itun bat egin zuen Deabruarekin: hizkuntza guztiak ikasteko denbora emango zion Deabruak; eta horren ostean, gizonak bere arima eskainiko zion, opari modura. Milaka urte igaroak ziren eta gure planetan diren hizkuntza guztiak ikasita zeuzkan, horien barianteak barne. Arkaitz batean eserita zegoen, Deabrua noiz agertuko zain, arima erreklamatzera laster azaltzekoa baitzen bere aurrean. Halako batean, Deabrua agertu eta ea hizkuntza guztiak ikasita al zeuzkan galde egin zion. Gizona bere ikaskuntza konplexu eta luzearen berri ematen hasi zitzaion, baina Deabruak hitza eten zion, esanez, ez ziola tutik ulertzen, ea zein hizkuntza zen hura. Gizonak harriturik begiratu zion, eta azkenik keinuen bidez azaldu zion bere harridura. Orduan, Deabruak magnetofono bat atera, gizonari hitz egiteko agindu, eta esandakoak grabatu egin zizkion. Gero, isiltzeko esan, zinta errebobinatu eta gizonari bere esanak entzunarazi zizkion. Gizonaren harridurak muga guztiak gainditu zituen, hark berak ere ez baitzituen ulertzen magnetofoian grabatutako hitzak, hark berak esanak baziren ere. Deabrua den bezain maltzurra izanik -ohiz den bezala-, berehala asmatu zuen arrazoia: lurreko hizkuntza guztiak nahastu eta berak ere ulertzen ez zuen hizkutzaz hitz egiten zuen orain. Deabruari halako grazia egin zion, non, gizonari zorra barkatu eta barrez lehertzen alde egin zuen handik, gizona arkaitz gainean eserita eta txundituta utziz. «Hizkuntza guztiak ikasi zituen gizonaren istorioa» hori da.

[...]

XCIII


Harriak urre bihurtzeko sekretua izadiari erauzitako lehena izan zen. Hainbeste eta hainbeste alkimistaren ametsa, munduko errege guztiek batera amesterik izan ez zuten moduko aberastasuna! Alkimista oso artega zegoen. Laborategi modura apaindutako kartzela hartan berrogei urte baino gehiago zeramatzan preso. Erregeak esan baitzion: Harriak urre bihurtzeko modua aurkitu arte, preso egongo haiz laborategi honetan. Erregeak hitza bete zuen. Berari dagokionez... hantxe zegoen aurkikuntza, bere begien aurrean zeukan, askatasuna ekarriko zion aurkikuntza. Aldiz, egun hartan bertan, beste sorpresa handi bat hartu zuen: erregeak bere aurrera etorrarazi eta honela hitz egin zion: Badaramatzak berrogei urte preso laborategian. Ez duk formula aurkitu eta ez duk inoiz aurkituko. Hoa hemendik. Askea haiz eta. Alkimistak esana egin zuen. Baina handik urrun egon zenean, aurkikuntzaren berri emango zion mezularia bidali zuen erregearengana. Harriak urre bihurtzeko formula argi eta garbi idatzita zekarrren pergaminoaren idazpuruan, honako hau irakur zitekeen: Errege tripontzi hori, hemen duzu horrenbeste irrikatu zenuen aurkikuntzaren giltza, berrogei urte luzez nire askatasunaren hondagarri izan zena. Ni, txoriak bezain libre, zurea baino altxor preziatuago baten jabe naiz: neure askatasunaren jabe. Zu zara, orain, preso gelditzen dena. Ondo izan. «Harriak urre bihurtzeko formula aurkitu zuen alkimistaren istorioa» hori da».

[...]


CXXIX


Berak bazekien hor kanpoan unibertso bat zegoela. Guk denok dakigun unibertso bera. Bat baino ez, hala ere. Zeren unibertso bakar bat infinitua izan badaiteke ere, bi unibertso edota berrehun unibertso, esaterako, are infinituagoak dirateke beti. Unibertso kopurua bera infinitua izan daitekeela ahaztu gabe, noski. Hortaz, honaino ados gaude denok. Eta orduan -eta ziurraski horregatixe- unibertso sortzaileak -artistaren bat seguraski- bere gelako hainbat lekutan espazioak irekitzen hasi zen; eta espazio bat irekitzen zuen bakoitzean, unibertso batekin egiten zuen topo. Ez zen gelditzen, baina, unibertso bakoitza arakatzera, horretarako denbora infinitua beharko zukeelako -eta bera oraindik ez zegoen hilda, egunen batean hilda egongo balitz ere, eta egun horretan denbora infinitua izanko luke unibertsoak banan-banan arakatzeko-, neurri batean horrek nahiko arrazoizkoa dirudi, zeren unibertsoak infinituak baziren -eta egiatan, halaxe ziren; bakar bat infinitua izan zitekeela esan dugun bezala- bada orduan, heriotzaren ostean seguraski beste heriotza mota batzuk egongo ziren eta horrek frogatuko luke heriotzaren osteko denbora ere nolabait mugatua dela, eta beste infinitu batzuetarako zeharbidea -edo bide zidorra- baino ez dela, eta Heriotza guztiak, ondorioz, bakar bat direla, heriotzaren esanahi edo kontzeptua bera deusezteraino. Gauzak horrela, unibertso sortzaileak -artistaren bat agian- espazioak -eta ondorioz, unibertsoak- sortzeak ez zuela merezi erabaki zuen, ahalegindu gabe ere aterako bailitzaizkioke bidera horrelako produktuak, horrelako unibertsoak, tankera horretako kosmogoniak. Denak eta aldi berean ezer ez, liztor habian bezala. «Zenbait infinitu sortzeari utzi zion unibertso sortzailearen istorioa» hori da.

[...]

CXXXIII


Kaixo, gabon esan zion igogailutik atera zen pertsonari, eta berarekin gurutzatu zen igogailu barrura sartu zenean. Berehala konturatu zen igogailuan flotatzen zuen usain bereziaz; ez zen txarra, baina ezta ona ere. Zortzigarrenean bizi zen; eta gora igo ahala, artega sentitu zen. Sonbreroa janzten zuen -igogailuan berarekin gurutzatu zen pertsonak-; eta gabardina klasikoa zeraman soinean, solapak altxaturik, aurpegia ezkutatzeko bezala... Hara, aurpegia! Ezin izan zion ikusi; aurpegiaren ordez zulo bat besterik ez zegoela gogoratu zitzaion. Igogailuak igotzen jarraitu zuen. Arraroa zen, eta hain luzea zirudien... Bazekien zerbait gertatua zela; ustekabe txarren bat hartuko zuela. Zortzigarrenera iritsi zenerako zainak airean zegoen. Igogailuko ateak berez ireki ziren. Amaren etxe aurrera heldu, giltza atera, zerrailan sartu eta bira egin zion. Orduan, atea ireki zuenean, berriro ere atzeman zuen igogailuan atzemandako usain bera, ez ona ez txarra. Deitu zion amari, baina ez zion erantzun. Jo zuen sukaldera -hark gehien maite zuen lekura- eta ez zuen aurkitu; gero, logelan begiratu eta hantxe topatu zuen, ohe gainean, oraindik bero baina dagoeneko hilotz. Eta orduan, igogailuan berarekin gurutzatutakoa Herioa zela jakin zuen inolako zalantza izpirik gabe. «Herioarekin etxeko igogailuan gurutzatu zen gizonaren istorioa » hori da.

[...]



2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta