Idazleak - Xabier Etxaniz Rojo - Laginak - To...

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Xabier Etxaniz Rojo > Laginak

Narratiba

To... |

Donostian, 2000ko irailaren 26an

Lerro hauek irakurtzen ari bazarete jada hilda nagoelako da, beraz, ez naiz luzatuko. Dagoeneko badakizue nire burua trenbidera bota dudala eta honez gero jakingo duzue zergatik. Zuen amaren heriotzaz geroztik ilun daukat bihotza, atsekabez beterik. Horrek eta sarreran zahar-etxea dioen kaiola honetara zuek ekarri izanak hil naute betiko. Maite ninduzuelako ekarri ninduzuen zahar-etxera. Sekula ez nuen zuen maitasun mota hori ulertzerik izan.

Baina, lehen esan bezala, ez naiz gehiegi luzatuko. Azken batean, azken zazpi urteotan ez zarete nire bizitzaz gehiegi ere arduratu eta ez dut uste nire heriotzak jakinmin handirik piztuko dizuenik. Haatik, mundu honetan gehien estimatzen ditudan gauzak zuen hiruon artean banatu aurretik, badira hainbat kontu esan nahi eta isilduko ez ditudanak: lehenengoa zera da, pozten nauela zuen ama ni baino lehenago hil izanak, zeren horrela ez baitu jakiterik izan zer nolako semeak zituen. Bigarren kontuak zeharo amorraturik nauka. Zuen alde horrenbeste izerdi eta malko isuri ostean... zertan egin genuen akats? Ez baitago ez jakitea baino latzagorik. Eta azkenik, zinez da penagarria testamentu baten beharra izatea zuek hiruak batera ikusteko... Baina, tira, goazen harira, Renfe puntual samarra dela esan didate eta.

Luis, zuretzat aitonaren irratia izango da. Ni baino zaharragoa da baina denborak ez du hondatzerik izan. Irrati bikaina da, gaur egungoak baino askoz ere hobea. Kanpoan zer zen jakiteko erabiltzen genuen orain dela hamaika urte. Bere ondoan une latzak zein gozoak pasa genituen. Bere ondoan ikasi genuen lagunari entzuten. Ea zuk ere entzuten ikasten duzun. Izan ere, hemen itolarrian nengoela esaten nizunean zu harriak baino gorragoa izan baitzinen. Harriak bezain gogorra. Sekula ez zenuen nire aieneak entzuterik izan, hain zeuden lanpeturik zure klinika madarikatu horretan. Zu ere otorrino izan behar... to paradoxa!

Tomas, zuretzat gogokoen dudan idazlearen liburu bat: Kafkaren Metamorfosia hain zuzen ere. Ez dakit irakurtzerik izango duzun, zeren zure bisita urriek oso gizon lanpetua zarela adierazten baitidate. Bada ez bada ere, esango dizut labezomorro bihurtzen ari den lagun baten istorio bitxia dela. Irakur ezazu arretaz eta agian, soilik agian, zure burua ikusiko duzu isladaturik. Izan ere, denetan zu izan baitzara aldaketarik nabarmena izan duena. Azken urteotan uste izan nuen, ni bai mozolo, zure aitaz arduratuko zinela apur bat ere, txikitan egiten zenuen bezala, uste izan nuen gure seme kuttun eta maitagarria izaten jarraituko zenuela. Udaletxeko Gizarte Saileko arduraduna zarenez geroztik ez zaitut ia ikusi... Bateraezintasun-legeen beldur ala?... to aldrebeskeria!

Antonio, nire sakeleko erlojua zuretzat izango da. Itsasontzi errusiar batean etorritako lagun batek eman zidan opari. Nik trukean bi botila ardo eman nizkion. Horixe baita gizalegea. Hamaika urte igaro badira ere, ez naiz lagun horrekin ahaztu. Zu, aitzitik, nirekin ahaztu egin zinen, zama handiegia omen nintzelako zuretzat ere. Eta hori ez da gizalegez jokatzea. Erlojuak C.C.C.P hizkiak ditu atetxoan eta izugarri da polita. Nahi baduzu, eskolan erabili, hartara, zure ikasleek jakingo dute behin mundu honetan URSS izeneko lurralde bat existitu zela. Baina, batez ere, erabil ezazu ikasteko orduek aurrera egiten dutela etengabe eta, uste baino lehenago iritsiko den egunen batean, nik orain ditudan zimur berberak agertuko zaizkizula begitartean. Eta egun horretan nirekiko izan ez duzun pazientzia bera nahiko duzula zuretzat. Pazientziarik gabeko irakaslea, ikaslerik gabeko irakaslea... to errusiar esaera!.

Eta kitto. Esanak esan eta eginak egin, oraindik maite zaituztet eta hona hemen froga: mundu honetan gehien estimatzen dudana zuen eskuetan utzi dut. Etxeaz - alegia, nire etxeaz, zuek lehen baino lehen saltzeko asmoa zenuten etxeaz - ez duzue zertan kezkatu. Joan den astean saldu egin nuen hogeita hiru kilotan. Prezio onean saldu nuen eta, gainera, di-da batean. Nekezagoa izan zen, ordea, hainbat banketxek zein enpresek telefonoz ematen dituzten kopuru txikiko maileguen kontua. Telefonoaren faktura garesti samarra izango duzue datorren hilabetean baina, behintzat, ez da alferrikako lana izan. Izan ere, mailegu horien bidez hamabi kilo eskuratu ahal izan nituen. Guztira hoegita hamabost miloi izan dira eta den-dena Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuren artean banatu dut, beti ere, izenik eman gabe... to klasea!

Orain badakit nirekin - edo nire zorrekin - arduratu beharko duzuela. Bizirik nengoela egin ez zenutena hemendik aurrera egin beharko duzue. Eta jakina, ez dut espero nire maitasun froga hauek, nire maitasun mota berezi hau, zuek ulertzea. Gehiegi eskatzea litzateke. Azken batean, nik ere ez nuen zuena ulertu.

Adio.

Laxa Idarreta

Post-data: ziurrenik egun hauetan tren gidari bat lur jota egongo da. Joan beregana eta konta iezaiozue egia, faborez.


AMAIERA




2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta