Idazleak - Xabier Etxaniz Rojo - Laginak - Metro koadroa

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Xabier Etxaniz Rojo > Laginak

Narratiba

Metro koadroa | Berria

Ramonek irribarre egin zion saltzaileari prezioa entzutean. Jakin bazekien merkatuak agintzen duela beti, baina metro koadroa sei mila eurotik gora egotea astakeria galanta zen. Zalantzaz beterik egon zen aurreko egunetan, erosi ez erosi, baina une hartan ia konbentziturik zegoen. Azken bultzada baina ez zuen falta baiezkoa emateko.

Bizitza osoa maizter ibili ostean Ramonek bazuen txoko baten jabe izateko garaia. Hura zen bere argumenturik sendoena. Argumentu bezala ez da etxafuegoak botatzen hasteko modukoa, baina egia esatera, etxez etxe ibiltzea nahikoa nekosoa da. Eta Ramonek urteak zeramatzan etxez etxe eta ohez ohe -ohe hutsak esan nahi dut-. Orain, jubilatutakoan, bizitzaren azken etapari aurre egiteko lasaitasun pixka bat baino ez zuen behar. Lasaitasuna eta ziurtasuna. Eta saltzaileak, profesional bikaina izaki, ez zituen bi ezaugarri horiek ahaztu higiezinaren ezaugarriak goraipatzeko momentuan. Erdi-erdian egoteaz gain, itsasoari begira dago. "Orientacion sur" dauka eta zure loreak beti egongo dira lirain. Inbertsio segurua zen. Behin betikoa.

Ramonek bizilagunei erreparatu zien. Ezkerraldean, Teresa Gomez Agirregomezkorta ( 1969 - 1999 ). Eskuinaldean, Maria Etxeberri Azpilikueta ( 1937 - 2002 )

Metro koadroa garestia baino garestiagoa bazen ere, Ramonek baiezkoa eman zuen azkenik. Izan ere, zonaldea ezin lasaiagoa baitzen.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta