Idazleak - Xabier Artola Zubillaga - Laginak - Mía

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Xabier Artola Zubillaga > Laginak

Narratiba

2010 Mía |

Narrazio labur honek lehen saria merezi izan zuen, Félix Menchacatorre Mikrokontakizunen I. Nazioarteko Unibertsitate Lehiaketan (2010).

Mía

Arraro –eta arrotz– sumatu ninan ohera orduko, larrutarako gogoa erakutsi zinan. Berehala ohartu nindunan nire hoztasunak ez zuela haren beroa epelduko, alferrik aipatuko niola buruko minik egun hartan.

Halako batean, amore ematen hasia nintzela jabetu naun –amore eman: bitxia dun, gero, gure esamolde hori–. Bai, amore ematen hasia, kosta ahala kosta gainka zetorkidan ezezagun haren aurrean; neure nahia gorabehera, berearen larria goitik behera bortxaz ezarri nahi zidan haren mende. Eta larruak larruari ezezkoa ematen dioneko higuin gaindiezina jabetu dun nire gorputz osoaz. Haren zera gogortua hankartean sentitu dudanean, baina, bidea erraztea pentsatu dinat, hartara agudoago amaituko zuelakoan edo. Ez neuzkanan artean ikusita gure logelako sabaian hainbeste urtetan pilatu diren amaraunak, ez eta horma behiala sendoen arteko pitzadurak ere.

Hor ibili zaidan, gainean aurrera eta atzera, barrura eta kanpora, aurrera, atzera, barrura, barrura... bere arnasaldiaren etenak –eta garai batean neure sua indartuko zukeen bere adur jario bart nardagarriak– bukaeraren berehalakoa salatu didan arte. Inoiz ez bezala bortitz, gordin, indarka. Jo eta jo ari zela –a zer hitza, gurea hori ere!–, eta une hartan jabetu ez naizen arren, lehengo kantetako mía, mía baten erritmoaren harira ziharduela zirudinan, erritmoa hitz horren esanahiak berak markatuko balio bezala: neurea haut, neurea haut oraindik.

Amaitu zuenean, aurpegian behera irristan zihoazkion malko batzuen gazia dastatu ninan ezpainetan. Biharamun goizean aitortu zidanan: dena zekinan. Denborak zitunan ez nuela bera maite.

2010eko apirila.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta