Xabier Artiagoitia Beaskoetxea

Xabier Artiagoitia Beaskoetxea

Bilbo, 1965.

Bilbon bizi izan zen 1988ra arte; urte hartan Euskal Filologia ikasketak
amaitu zituen Deustuko Unibertsitatean, eta Seattle-eko University of
Washington-era abiatu zen hizkuntzalaritza ikastera. Han mastergo eta
doktorego tituluak lortu zituen euskal gramatikaren inguruko ikerketak egin
ondoren. 1992ko abenduan Euskal Herrira itzuli zen EHUn irakasle jarduteko.
1993ko azarotik Euskal Filologiako irakaslea da Gasteizko EHUn.

1984ean, AEKn lan egiten zuela, Iruña Kefetegiko Nobela Laburren lehiaketan
bigarren saria eman zioten Ama izeneko bere nobelari, eta urte berean
argitaratu zen. Garai hartakoak dira hainbat ipuin lehiaketatan aipamena
lortu eta argitaratutako ipuinak. 1990etik aurrera beraren lanak
hizkuntzalaritzara mugatu dira, eta gehienak ASJU aldizkarian argitaratu dira.

2001ean Hatsarreak eta Parametroak lantzen liburua argitaratu zuen,
Chomskyk sustaturiko hizkuntzaren azterbidea euskaraz eta euskaratik
abiatuta aurkezten zuen liburua.
 

Atzera